Egitasmoren nondik norakoak eman dituzte gaur Donostian | Argazkia: Gipuzkoako Foru Aldundia

EKONOMIA

Baserritar Misto Profesionalean parte hartzeko deialdia zabaldu Gipuzkoako aldundiak

Enpresa mundutik lehen sektorera urratsa eman nahi duen oroko parte har dezake egitasmoan. Aldundiak 60.000 euroko dirulaguntza emango die baserritarrei, eta 30.000 eurokoa enpresei

Lehen sektorean belaunaldien arteko errelebo faltari erantzuna ematea du helburu Gipuzkoako Foru Aldundiaren Baserritar Misto Profesionala egitasmoak. Enpresa mundutik lehen sektorera urratsa eman nahi duen orori zuzenduta dago, eta bi lanak (baserrikoa eta enpresakoa) uztartzeko aukera ematen du.

Egitasmoaren bidez, parte-hartzaileen lanaldia erdira murriztea proposatzen da, baserriko lanak modu profesionalean bateratu ahal izateko, eta diru-sarrerak bi jardueretatik lortzeko asmoz. Enpresaren eta Baserritar Misto Profesional izateko interesa duen pertsonaren arteko akordioa onduta, aldundiak 60.000 euroko dirulaguntza emango die baserritarrei, eta 30.000 eurokoa enpresei. Programak sei urteko iraupena izango du.

Egitasmoaren deialdi berri bat zabaldu du gaur aldundiak. Hilabetez egongo da zabalik izena emateko epea, otsailaren 4an hasita. Deialdiaren aurkezpenean izan dira Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia eta Xabier Arruti Lurralde Oreka Berde saileko diputatua. Eurekin batera izan dira lehen sektoreko hainbat langile: ustiategi jabeak, sagardogileak eta baserritarrak, besteak beste.

Mendozak azaldu du 300.000 euro bideratu ahal izan direla proiektuari lotutako laguntzen deialdira, eta jasotako eskaeren arabera, kopurua handitu daitekeela.

Aurtengo edizioari dagokionez, “300 pertsona inguru hurbildu dira Gipuzkoako eskualdeetan egindako informazio bileretara”, azaldu du Arrutik. “80 pertsona baino gehiago jarri dira harremanetan aldundiarekin, ekimenean parte hartzeko eta haien kasua partekatzeko duten interesa helarazteko”, gehitu du.