Izan zirelako
Baserritarren azoka, guztion ospakizun
Euskal Herriko baserritarrak urteko errenta ordaintzera jaisten ziren hirira San Tomas egunean. Jarduera ekonomikoa zena, festa bilakatu da egun
San Tomas eguna jai eta ospakizuntzat dugu egun Euskal Herriko txoko askotan. Baserritarrez jantzi eta txistorra taloa sagardo zurrutarekin batera dastatzera joaten gara. Festa giroz bizi dugun egun honek, bere sorreran, ordea, kutsu ekonomikoagoa zuen. Izan ere, neguari hasiera ematen dion egunotan, baserritarrak hirietako plazetara hurbiltzen ziren nagusiei urte osoko errenta ordaintzeko asmotan.
Hala izaten zen bai Donostian eta Bilbon, nahiz eta ezagutzen den azoka edo feria zaharrena Arrasatekoa (Gipuzkoa) izan. Hala azaldu du Joseba Aurkenerena idazle eta irakasleak. “Daukagun datu zaharrena XIV. mendekoa da, Arrasatekoa. 1351ko irailaren 20ko dokumentu batean herriko etxeak San Tomaseko feria abenduaren 21, 22 eta 23an ospatzeko baimena ematen duela irakur daiteke”. Santamasak ospatzen dira egun Arrasaten, eta abenduak 22 da egun handiena, zeinetan ganadu feria eta hegazti, fruitu eta barazkien erakusketa egiten den.
Joseba Aurkenerena: "Garai hartan ez zen diru askorik, beraz, urtean zehar kostata bildutako uzta eskaintzen zioten nagusiari”
Donostiako azokaren lehen aipamenak XIX. mendekoak dira. Aurkenerenak dioenez, garai haietan euskal herriko biztanle gehienak laborari edo baserritarrak ziren, eta gehien-gehienak maizter edo bordari, hau da, baserrian bizi ahal izateko nagusiari diru jakin bat ordaindu behar ziotenak. Donostiara gerturatu eta Plaza Berrian euren mozkinak, bai barazkiak, kapoiak, oilaskoak, konejuak edota fruituak, erakusten eta saltzen zituzten laborariek. Beraz, urtean bildutakoa nagusiari eman eta gainontzekoa hiritarrei saltzen zieten. “Kontuan hartu behar da garai hartan ez zela diru askorik. Beraz, urtean zehar kostata bildutako uzta eskaintzen zioten nagusiari. Haiek esker ona itzultzen zieten elkarrekin egiten zuten bazkari baten bidez. Normalean, bakailaoa jaten zuten”, azaldu du idazleak.
San Martin eta San Tomas
Errenta ordaintzeko eguna azaroaren 11, San Martin eguna, zela dio Aurkenerenak. Aldiz, laborari anitzek ordaina egiteko arazoak zituztenez gero, pagatzeko epea abenduaren 21a arte, San Tomas egunera arte, luzatzea erabaki zuten. Halaber, azoka abenduaren 21ean egiteak diru eskasia zuten baserritarrei erraztasun gehiago ematearekin bakarrik ez, Euskal Herriko errito zaharrekin ere lotura duela uste du idazleak. Bere hitzetan, Euskal Herria erritoz beteta zegoen garai haietan. Kasu honetan, neguburuan edo neguko solstizioan, hau da, eguzkia hiltzen ari zenean eta euskaldunak eguzki berri baten esperoan zeundenean, eskaintzen zituzten animali, landare eta barazkiak.
Urteen poderioz, azoka eguna San Tomas egunak hartu zuen bere gain eta hiriguneetatik inguruko herrietara zabaldu zen azoka ospatzeko ohitura. Egun, Lekeition, Errenterian, Irunen, Zaldibarren, Azpeitian eta Lezon ospatzen da, besteak beste. “Herri askotan errenta pagatu behar zenaren oihartzun edo doktrinarik egon ez arren, festa bertara zabaldu da. Hirietan jada tokirik ez zegoen, eta festaren deszentralizazioa gertatu dela esan daiteke. Ja ez da lehengo jardun bera, euskal baserrien produktuen festa da”, nabarmendu du Aurkenerenak.
Joseba Aurkenerena: “Herri askotan errenta pagatu behar zenaren oihartzun edo doktrinarik egon ez arren, festa bertara zabaldu da. Festaren deszentralizazioa gertatu dela esan daiteke”
Festa edo jaia kontzeptuarekin, beraz, lotzen dugu gehiago San Tomas eguna gaur, jardun ekonomiko eta mozkinen salmentarekin baino. Aurkenerenaren arabera, jai edo errito guztiek dute arrazoi zahar bat. Ondoren, eraldatzen eta gizarte berrira moldatzen joaten dira.
Bilbon jai giroan, baina jatorria ahaztu gabe
Gizarte berrira moldatzeko jardunean BBK aritu da Bilboko San Tomas azoka taxutzen. Donostian bezalaxe, XIX. mendean du jatorria feriak, eta 1945 geroztik antolatu dute, lehenengo Caja de Ahorros de Vizcayak eta orain BBKk. “Garai haien antzera, aurten ere baserritar zein ekoizleak izango dira protagonistak”, dio Ainhoa Elortegi BBKko ingurumen arduraduna denak.
Azoka 1945 urtean baina lehenago ospatzen bazen ere, antolatzen hasi ziren unetik jai girora murgildutako testuinguru batean egin nahi zutela esan du Elortegik. Dena den, bere esanetan, BBKk oso presente du egunaren sustrai zein jatorria, eta jai bilakatu arren, helburua baserritarren produktuak erosteko merkatura hurbiltzea izaten jarraitzen duela dio.
1945 geroztik, lehenengo Caja de Ahorros de Vizcayak eta orain BBK-k antolatu dute San Tomas azoka Bilbon
Tradizioari eutsiz, Bizkai osoko baserritarrak hurbilduko dira hiriburura, eta bildutako uzta eskainiko diete merkatura gerturatuko direnei. Jada ez doaz laborariak nagusiari errenta ordaintzeko jomugarekin, gehienak euren baserrien jabe baitira egun. Hala ere, azokan ekoitzitakoa erakutsi eta saltzearen ohitura mantendu da, eta Elortegik dion bezala, aukera aparta da bertako euskal produktuak erosteko.
Aurten 137 ekoizle izango dira eta 238 etxola jarriko dituzte Areatzan kokatua dagoen azokan. Baserritarrek kategoria askotariko produktuak eskainiko dituzte, hala nola haragia, kontserbak, frutak, ortuariak, esnekiak, eztidunak, ogia eta gozoak, lore eta landareak, eta sagardo eta txakolina. Zenbait txosna ere izango dira, egun San Tomas egunean hain ohikoa den taloak, txistorra eta hirugiharra dastatzeko.