Batez besteko pentsioak 55 eurotan igoko dira EAEn eta 51 eurotan Nafarroan
INEren arabera, azaroko KPIa %3,2koa izan da. Behin datu hau jakinda, azken 12 hilabeteetako KPIaren batezbestekoa hartzen da kontuan pentsioen kalkulurako
Inflazioa hiru hamarren jaitsi da azaroaren eta %3,2an kokatu da. INEk emandako azaroko datu aurreratua da, abenduaren erdialdean jakingo da behin betiko datua. Azpiko inflazioak ere beheranzko joerarekin jarraitzen du, eta %4,5ean kokatu da.
Behin azaroko KPIa jakinda, azken 12 hilabeteetako KPIaren batezbestekoa hartzen da kontuan pentsioen kalkulurako. Hala, hauek %3,8 igoko dira 2024an. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 55,8 euro handituko dira kotizazio bidezko pentsioak, Nafarroan, aldiz, 51,7 euro.
EAEn batezbesteko pentsioa 1.484tik 1.540ra igaroko da, eta Nafarroan 1.375tik 1.426ra.
Gutxieneko pentsioak eta kotizazio gabeko pentsioak are gehiago igoko dira, %6 inguru. Dena den, Espainiako Gizarte Segurantzako Ministerioak ez du oraindik zenbateko hori baieztatu.