BBVAk ezohiko batzarra egingo du Sabadell erosteko kapital handitzea onartzeko
Uztailaren 5ean izango da eta gehienez ere 551,9 milioi euroko kapital zabalkuntza egingo dute
BBVAk akziodunen ezohiko batzar orokorra egingo du datorren uztailaren 5ean, Bilboko Euskalduna Jauregian, eta Sabadellekin akzioak trukatzeko behar duen kapitala handitzea proposatuko da bertan.
Gehienez ere 551,9 milioi eurokoa izango da kapital zabalkuntza, eta diruzkoak ez diren ekarpenekin egingo da. Horretarako, 1.126 milioi akzio jaulki eta zirkulazioan jarriko dira, eta horietako bakoitzak 0,49 euroko balioa izango du, gaur egun zirkulazioan dauden BBVAren akzioen mota eta eskubide eta betebehar berdinekin.
Sabadelleko akziodunen onarpen kopuruaren araberakoa izango da zabalkuntzaren behin betiko zenbatekoa. Halaber, BBVAko akziodunek ez dute inolako ordainketarik egin beharko.
Kapital handitzea osorik edo zati batean gauzatuko da, behin edo gehiagotan, Erosketa Eskaintza Publikoaren emaitzaren arabera eta, hala badagokio, eragiketaren ondoriozko nahitaezko erosketa eta salmenta-eskubideen erabileraren arabera.