BBVAk Sabadell erosteko eragiketak EBZren oniritzia jaso du
"Mugarri garrantzitsua" dela nabarmendu du Carlos Torres BBVAko presidenteak. Sabadellek espero zuen EBZren onespena, baina prozesuak oraindik luze joko duela uste du
BBVAk beste urrats bat eman du Banco Sabadell bereganatzeko bidean. CNMV Balore Merkatuaren Batzorde Nazionalak azaldu duenez, BBVAk egindako Erosketa Eskaintza Publikoak Europako Banku Zentralaren oniritzia jaso du. Frankfurteko erakundeak erosketari oztoporik jartzea funtsezkoa zen bankuarentzat. Hori gutxi balitz, Britania Handiko hainbat erregulatzaileek begi onez ikusi dute BBVAk Sabadellen TSB filiala zeharka kontrolatzea ere.
EBZren oniritzia jasotzea “oso mugarri garrantzitsua” dela, adierazi du Carlos Torres BBVAko presidenteak ohar bidez, “proiektuaren sendotasuna eta kaudimena” erakusten duelarik. "Sabadell eta BBVAren batasunak erakunde indartsuago eta errentagarriago bat sortuko du, familiei eta enpresei urtean 5.000 milioi euroko kreditua emateko ahalmen gehigarria izango duena. Espero dugu gainerako baimenak aurreikusitako egutegiaren arabera jasotzea eta Europako banku-proiektu erakargarriena aurrera ateratzea", argitu du.
EBZren oniritzia jasotzea espero zuen merkatuak, izan ere, erakundeak kaudimen eta finantza fidagarritasunaren inguruko irizpideak aztertzen ditu azterketa egiterako garaian. Kasu honetan, BBVAK aurkeztutako proiektuak nahiko kapital eta likidezia duen aztertu du banku zentralak, baita gobernantza eredua eta irabaziak sortzeko gaitasuna ere.
EBZren baiezkoarekin, CNMVk eragiketa baimendu dezake orain, eta BBVAk eskaintza onartzeko epea ireki diezaioke Sabadelli. Hala ere, CNMVk ez du salmentarik baimentzen Merkatu eta Lehia Batzorde Nazionalak (CNMC) ere onespena eman arte.
Sabadellek espero zuen onespena
Kataluniako bankuak aurreikusita zuen EBZk BBVAaren eragiketa onartuko zuela, baina euren azkiodunentzat "kaltegarria" dela eta enpresa txiki eta ertainei banku sektorean sartzea zailduko diela argudiatzen jarraitzen du.
Bankutik adierazi dutenez, EBZren oniritzia “zuhurtziaz eginiko ebaluazioa bat” besterik ez da, eta azaldu dute CNMVk, CNMCk eta, gerora, Espainiako Gobernuak ere euren azterketa egin beharko dutela. "Bere iritzia ematerako orduan, EBZk erosle potentzialaren kaudimena bezalako irizpideak hartzen ditu kontuan. Bere azterketak ez ditu funtsezko alderdiak barne hartzen, hala nola Espainiako banku sektoreko lehiarekin lotutakoak, enpresa txiki eta ertainei ematen zaien laguntza edo Sabadelleko akziodunentzako proposamenaren balioari buruzko funtsezko gaiak", dio Sabadellek.
Gainera, prozesua “luzea eta konplexua” dela adierazi dute, eta Sabadelleko akziodunek oraindik erabakirik ez dutela hartu behar uste dute.