Beherapenak behera?
Abian da merkealdi sasoi berria. Inflazioan murgildutako garai baten, baikor izateko arrazoiak kezkarekin nahastuta daude merkataritza elkarteetan
Iritsi da, berriro ere, merkealdi sasoia. Izan dira goiztiarragoak, ekainaren 20a iristearekin batera Beherapenak kartela zintzilikatu dutenak. Beste batzuek, ordea, nahiago izan dute tradizio handiko uztailaren 1era arte itxaron merkealdiak abiatzeko.
Aitzitik, garai baten izan zuten indarra makaldu egin da, bi arrazoi nagusiengatik: beherapenen hasiera-data ofizialik ez egotea, eta urtean zehar egiten diren askotariko eskaintzak. "Egia da ez direla lehengoak bezalakoak. Urardotu egin dira, urtean zehar ere egiten diren eskaintzengatik bereziki. Nahiz eta aurten komertzioen %59k egin duen hori —iaz %80k—, jada ez ditugu garai bateko ilarak", azaldu du Patricia Garcia Gasteiz On Gasteizko Merkatarien Elkarteko gerenteak. "CECOBIn hainbat urte daramagu ikusten askotariko eskaintzak egiten direla urtean zehar, batez ere enpresa handiek. Horrek egiten du merkealdien efektuak behera egitea. Entitateen kontsumo globaleko zifretan geroz eta intzidentzia txikiagoa dute", plazaratu du Jon Lasa CECOBI Bizkaiko Merkataritzako Enpresari Konfederazioko idazkari nagusiak.
Jon Lasa: "Hainbat urte daramagu ikusten askotariko eskaintzak egiten direla urtean zehar [...]. Horrek egiten du merkealdien efektuak behera egitea. Entitateen kontsumo globaleko zifretan geroz eta intzidentzia txikiagoa dute"
Hala ere, biak bat datoz: ontzat jotzen dira. "Beti datoz ondo, kontsumitzaileari egiten zaion zuzeneko deia baita", nabarmendu du Lasak. "Uztailak erreferentzia izaten jarraitzen du beherapenei eta denboraldiaren erremateari dagokienez. Denboraldi amaiera ere bada. Gainera, gure klimagatik normalean erosten ditugun produktuen erabilera luzatu ahalko duzu. Eta egia da garrantzitsua dela eta mugimendu gehiago ikusten dela kalean zein dendetan", gaineratu du Garciak.
Inflazioaren kolpea
Aurtengo merkealdietara inflazioa %1,9an iritsi da behin-behinean, 2021eko martxotik maila baxuenean kokatuz. Aldea badu iazko ekainekoarekin: %10,2an kokatu zen. Azpiko inflazioa, baina, altuago dago: %5,5en zegoen iaz, eta %5,9an gaur. Horrek guztiak eragina izan du kontsumitzaileen erosteko ahalmenean, besteak beste, eros ahalmena bera galtzeaz harago, pandemia garaian pilatutako aurrezkiak murrizten ari baitira apurka-apurka. "Egia da orain inflazioa behera egiten ari dela, eta optimismo horrek lagundu dezakeela modu positiboan kontsumoan. Baina, hala eta guztiz ere, inflazio altuko garai batetik gatoz, eta horrek kontsumitzaileen poltsikoetan eragina izan dezake", nabarmendu du CECOBIkoak.
Gasteiz Onen kasuan, udaberri-udako kanpainan iaz baino emaitza okerragoak lortu dira: komertzioen %53ren ustez kanpaina ondo edo oso ondo joan da, %31rentzat erdizka eta %16rentzat gaizki. Iaz %64 zen baikor. Merkeladietara begira, "uste dugu salmenta izaten ari dela, baina momentu inflazionista honetan, asko baloratzen da dirua zertan gastatu eta zer ez. Erosketa arrazionalagoa izan daiteke", azpimarratu du Gasteiz Onekoak.
Patricia Garcia: "uste dugu salmenta izaten ari dela, baina momentu inflazionista honetan, asko baloratzen da dirua zertan gastatu eta zer ez. Erosketa arrazionalagoa izan daiteke"
Horri, Lasaren ustez, beste faktore bat gehitzen zaio: "kontsumitzaileak geroz eta inbertsio gehiago egiten du oporretan eta ostalaritzan, eta hala komertzioarekin gastatutakoa alde batera uzten ari da. Zapatak erostearen gainetik beste kontsumo mota batzuk lehenesten ditu. Sozializatzeko eta kalera ateratzeko behar hori dago". Auzoaren arabera, kezka handiagoa da. "Zentrotik ez ditugu apenas kexuak jasotzen, eta batzuk oso egoera onean daude. Baina bai zenbait tokitan, Alde Zaharra kasu, turismoa eta oinezkoak ostalaritza lokaletara doaz gehiago, eta gutxiago komertzioetara. Nabaritzen dute. Eta ez naiz ari kontsumoari dagokionari buruz soilik, baizik eta komertzioetatik igarotzeari dagokionez ere", gehitu du.
Txikizkako salmentak gora
Badira, baina, baikor izateko zenbait datu: INEren azken datuen arabera, txikizkako merkataritza salmentek gora egin dute, bai EAEn (%4,4), bai Nafarroan (%1,9), 2022ko maiatzarekin alderatuz, eta enpleguak ere %2,2 egin du gora. Hori gutxi balitz, 2015etik lehen aldiz Bizkaiko ehungintzaren hitzarmena sinatu berri dute patronalak eta sindikatuek. Gainera, arestian aipaturiko erosketa arrazionalagoa egiteak komertzio txikiari laguntzen dio batik bat, Garciak plazaratu duenez.
Erosketa arrazionalagoa egiteak komertzio txikiari laguntzen dio batik bat
Merkealdian murgilduta, badira aintzat hartzeko zenbait aholku, eta Euskal Kontsumitzaileen Alkarteak gida baten bildu ditu. Prezioak alderatzea eta tiketa gordetzeaz gain, erosi nahi den horrekin zerrenda egitea gomendatzen du elkarteak, gehiago ez erosteko. Era berean, modu oldarkorrean erostea ekiditea eta online erosketetak tenporizadorearen presioa alde batera uztea gomendatu dute.
Tendentzia aldaketa
Bai CECOBIk bai Gasteiz Onek aldaketa atzeman dute beherapenen zenbatekoaren tendentzian. "Deigarria dena da lehen normalean merkealdiak %10-%20ko deskontuarekin hasten zirela, eta orain nabaritzen dugu hasieratik zenbait komertzio %30-%40arekin hasten direla, stocka liberatzeko", plazaratu du Lasak. Eta zifra altuagoak dira pandemia aurreko datuekin alderatuta. Ohikoagoa izaten bada ere komertzio gehienak %10-%20ko eskaintzarekin hastea, %30-%40arekin zuzenean hasi den saltoki ugari dago. Gasteiz Onen kasuan, beherapenekin bat egingo duen komertzioetatik, %65 inguru %20-%30 bitarteko deskontuarekin hasiko da, iaz %50 inguru ziren bitartean. Nabarmen jaitsi da %10-%20ko deskontua eskainiko dutenena: iaz %43 ziren; aurten % 16.