Bertsoaren industria
Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finalaren atarian, halako ekitaldi handiaren atzean dauden nondik norakoak azaldu dizkigute Bertsozale Elkartean
Lau beharrean, bost urtez egon behar izan du zain oraingoan Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Irailaren 24an hasi zen txapelketak igande honetan bertan, abenduaren 18an, emango dio amaiera, Iruñeko Nafarroa Arenan izango den final handian. Zortzi bertsolari izango dira lehian: Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina. Ikusmin handia sortu du txapelketako finalak, pentsa, irailean agortu ziren sarrerak. Baina, halako jaialdiak atzean ere bere lana izaten du. Hain zuzen ere, Bertsolari Txapelketa Nagusia antolatzeak suposatzen duenaz gehiago jakin nahi izan dugu EnpresaBIDEAn, eta Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko zenbait kiderekin aritu gara finalaz solasean.
“13.000 lagun izango dira finalean eta, guk dakigula behintzat, Nafarroa Arenan orain arte egin den ikuskizunik jendetsuena izango da”. Halaxe azaldu digu Ander Perez, Bertsolari Txapelketa Nagusiko finalaren koordinatzaileak ekitaldiaren harira egin diogun elkarrizketan. Aretoen aforoa, berez, oso aldagarria dela azaldu digu, ekitaldi edo ikuskizunaren arabera ezberdina baita: “Ez da gauza bera publikoa kontzertu baterako zutik pistan sartzea, edo gurea bezalako ekitaldi baterako eserita egotea. Segurtasunak, aulkiek eta beste zenbait kontuk aldatu egiten dute gehieneko edukiera”.
Ander Perez: “13.000 lagun izango dira finalean eta, guk dakigula behintzat, Nafarroa Arenan orain arte egin den ikuskizunik jendetsuena izango da”
Baina, 13.000 pertsonentzako lekua duen ekitaldia prestatzeak ere badu bere lana. Perezek kontatu digunez, txapelketa osoan zehar lanean aritzen direnak 80-100 bat pertsona izaten dira, baina finalean, biderkatu egiten da kopuru hori: “400 pertsona inguru izango gara era batera edo bestera finalean bertan lanean ariko garenak, izan Bertsozale Elkarteko langileak, boluntarioak, zein finalari lotuta kanpoko enpresetatik datozen langileak”. Tartean leudeke, bazkarirako katerinaz arduratuko diren sukaldariak, segurtasuneko langileak, edota komunikazioari lotuta daudenak ere. Azken horiei dagokienean, Perezek azaldu digu, orotara 120-130 bat langile izango direla, Bertsozale Elkarteak eta ETBk elkarlanean adostuta telebistan eskainiko duten zuzeneko emanaldiak langile asko behar baititu.
“400 pertsona inguru izango gara era batera edo bestera finalean bertan lanean ariko garenak, izan Bertsozale Elkarteko langileak, boluntarioak, zein finalari lotuta kanpoko enpresetatik datozen langileak”
Baina, langileak bakarrik ez, denbora ere behar izaten du prestaketa-lan horrek guztiak. Perezek dio txapelketa bat bukatzean hasten direla hurrengoa prestatzen, baina, azken urtebetea izaten dela bereziki lan gehien ematen duena. Aurtengoan, gainera, areto aldaketak ere prestaketa handiagoa suposatu diela onartu du. Eta, hain zuzen ere, areto aldaketaz galdetuta, zailena guneak antolatzea izan dela aitortu du, “oholtza eta eserlekuez gain, bertsolarien ganbara, kamerinoak, epaileen guneak, haurrentzako txokoa, hedabideentzat espazioak eta beste zenbait gune ere antolatu behar direlako”. Hala ere, ez du uste publikoak BECetik Nafarroa Arenara aldaketarik sumatuko duenik.
Lana eman badie ere, finalaren lekua aldatu asmoz zebiltzala aitortu du: “Bertsozale Elkartean eta Txapelketa Nagusian oso barneratuta dugu izaera ibiltaria. Saioak Euskal Herriko herrialde guztietan antolatzen dira eta finalarekin ere gauza bera egin nahi genuen. Bizkaitik Nafarroara lekualdatuko da aurten”. Halako final handi baterako aukera eskaintzen duen areto askorik ez dagoela dioen arren, Nafarroa Arena ireki izanak, lurralde batetik bestera mugitzeko aukera ezin hobea eskaini diela azaldu du.
“Bertsozale Elkartean eta Txapelketa Nagusian oso barneratuta dugu izaera ibiltaria. Saioak Euskal Herriko herrialde guztietan antolatzen dira eta finalarekin ere gauza bera egin nahi genuen. Bizkaitik Nafarroara lekualdatuko da aurten”
Aurrekontu merkexeagoa
Denean bezalaxe, noski, finantzazioa ere beharrezkoa du Bertsolari Txapelketa Nagusiak. Aritz Zerain Bertsozale Elkarteko finantza arduradunak eskaini dizkigu aurtengo txapelketaren datuak: “630.000 euroren inguruan ibiliko da aurtengo txapelketako aurrekontua”. 2017koaren antzeko diru-kantitateez hitz egiten ari garen arren, aurrekontua zertxobait txikiagoa dela uste du Zerainek: “Finala aurrekoa baino merkexeagoa aterako zaigula uste dugu, areto aldaketarengatik. Nafarroa Arenak, berriagoa denez, jada txertatuta dauzka BECek ez dituen zenbait euskarri eta azpiegitura eta horixe litzateke arrazoia”.
Aritz Zerain: “630.000 euroren inguruan ibiliko da aurtengo txapelketako aurrekontua”
Hala ere, Bertsozale Elkartearen oinarrietako bat den boluntarioen lanak ere asko laguntzen duela dio, lanaren zati bat euren kabuz egiteak, azken aurrekontua zertxobait merkatzen dielako. Azken urteetan, ordea, ekitaldiaren antolaketa garestitzen dien beste kontu batzuk badirela kontatu digu: “Segurtasun arauak gero eta zorrotzagoak direnez, segurtasuna kontratatu egin behar da; autobusa ere jarri behar izaten da; bazkaria ere eskaini behar izaten da. Lehen, bertso-eskolako boluntarioen eta Elkarteko langileen artean egiten genituen zenbait kontu, aldatu egin dira orain. Zerbitzu profesional handiagoa exijitzen dute 1.500-2.000 pertsonatik gorako ekitaldietan, eta horrek aurrekontua ere apur bat puztu egiten digu”.
“Finala aurrekoa baino merkexeagoa aterako zaigula uste dugu, areto aldaketarengatik. Nafarroa Arenak, berriagoa denez, jada txertatuta dauzka BECek ez dituen zenbait euskarri eta azpiegitura eta horixe litzateke arrazoia”
Baina, oro har, Bertsolari Txapelketa Nagusia “gertaera gogoangarria” izaten dela dio, euskal kulturan “arreta handiagoa” jartzen delako, eta ekonomikoki ere Elkarteari zertxobait laguntzen diolako: “Txapelketak uzten digun marjinarekin, hurrengo lau urteak planifikatu behar izaten ditugu, bertsoaz gozatzen jarrai dezagun. Alde horretatik ere, finala jauzi garrantzitsua izango da Bertsozale Elkartearen proiektuarentzat”.