Ohiko elikagaien BEZa %4ra itzuliko da | Argazkia: iStock

EKONOMIA

Elikagaien eta elektrizitatearen BEZa igoko da 2025ean Hego Euskal Herrian

Kontrara, garraio publikoari dagokionez, mantendu egingo dira orain arteko deskontuak

Hainbat produkturen prezioa igo egingo da Hego Euskal Herrian. Izan ere, urte berriaren hasierarekin, BEZa zerga ohiko mailara itzuliko da, besteak beste, elikagaien kasuan.

Zehazki, krisi ekonomikoa zela eta elikagaien BEZa zerga %2ra murriztu zuen Espainiako gobernuak produktu hauetan: ogia, fruta, barazkiak, arrautzak, gazta eta esnea, besteak beste. Aurten, ordea, ohiko %4ra itzuliko dira.

Olioaren kasuan zifrak zertxobait desberdinak dira. Oliba-olioak %0ko BEZa zuen 2024ko azken hilabeteetan, eta haziekin ekoitzitako olioek %7,5ekoa. Lehenengoaren kasuan, 2025ean %4ko zerga izango du, baina, bigarren olio horien kasuan, %10ekoa izango da.

Elektrizitatearen zerga ere ohiko %21era igoko da, orain arteko zerga murriztuak bukatuko baitira (elektrizitatearen gaineko zerga eta energia elektrikoaren ekoizpenaren balioaren gaineko zerga). Gas naturalaren kasuan, norbanakoen kostua %10 haziko da eta tarifa komunitarioena %13,5 eta %18,3 artean.

Garraio publikoaren kasuan, ordea, prezioak ez dira handituko, oraingoz behintzat. Hain zuzen, %50eko deskontua mantenduko da beste sei hilabetez Hego Euskal Herrian, eta EAEren kasuan hamabi urtetik beherako haurrek doan bidaiatu ahal izango dute garraio publikoan. Neurri hori abian jarriko da urtarrilaren 7an Araban, eta hurrengo asteetan Gipuzkoan eta Bizkaian.

Renfeko ohiko bezeroak direnek ere orain arteko deskontua mantenduko dute, hots, hogei euroko bermea ordainduta aldiriko eta distantzia ertaineko tren zerbitzuak doan izango dituzte, abonu espezifikoa eskuratuz gero.