Diego Jimenez eta Sagrario Anaut ama-semeak | Argazkia: Utzita

EKONOMIA

Bi mende pasatxoko landetxe nafarra

Sagrario Anaut eta Diego Jimenez ama-semeek XIX. mendeko Casona de Pitillas eraikina erosi zuten pasa den urte amaieran. Erreformatzen ari dira, eta landetxea da egun

23 urte ditu Diego Jimenezek, eta Iruñean jaio eta hezi da. Bere ama, Sagrario Anaut, heziketaz historialaria, Nafarroa erdialdean dagoen Pitillas herrikoa da, nahiz eta Toledon jaio. Ama-semeak Casona de Pitillas etxea erosi zuten 2023ko amaieran.

Eraikina herriko Juan Carlos I plazan dago. Haren historia, Anautek azaldu duen bezala, “1806an hasi zen sotoaren sorrerarekin, non bodega bat zegoen bertan. Azken hau ez zen ohikoa, herrian mota honetako bi etxe besterik ez baitaude: Casona de Pitillas eta beste bat; gainontzekoak eraitsi egin dira”, gehitu du Jimenezek. Etxean ere ukuiluak, lastategia, eskorta eta neurri batean eraikitako orubea ere badaude.

850 metro karratu inguruko higiezina “Gabriel Lucus Iruleguik 280 errealen truke erosi zuen 1805an, nahiz eta horregatik gatazka bat izan ondoko etxe jauregiko nobleekin. 1808an amaitu zen auzia”, kontatu du Anautek. Izan ere, etxea Cortesko markesa eta Granada de Egako dukea zenaren jauregiaren hegoaldean egin zen. Eraikuntza 1806an hasi zen Azkoiengo Josef Zenzanoren eskutik.

La Casona de Pitillas etxeko bodega

“1808an, Napoleonen inbasioa hasi zenean, herrian Frantziako armadaren destakamendu izan zen eta etxearen eraikitzea eten zen”, jarraitu du historialariak. 1813an frantsesak kanporatuak izan ziren eta obrekin jarraitzeko aukera izan zuten. Beheko solairua amaitu zuten lehenengo. Han bizi izandakoen artean, “Gabriel Manolín Lucus deiturikoa zegoen, lehen gerra karlistan okerkeri asko egin zituen oso gerrillari gatazkatsua”.

1870-1880 inguruan etxea Gregorio Iriarte Iriarterena (Paula Lucusen biloba) eta gero haren seme Saturnino Iriarte Gabarirena izatera pasa zen. Garai hartan “gehienbat ardoa ekoiztu eta Frantziara esportatzeko erabili zen, Frantzian gertaturiko filoxera epidemia zela eta”. Hala ere, Iriarteri dirua batez ere Pitillasko harrobiko kontularia izateagatik zetorkion. 1900tik 1920ra etxeak une ekonomiko oparoena bizi izan zuen, eraikinaren harrobiko harria Gasteizko katedral berria, Burgoseko gotzain jauregia eta Nafarroako Diputazioaren jauregia eraikitzeko erabili baitzen.

1900tik 1920ra etxeak une ekonomiko oparoena bizi izan zuen, eraikinaren harrobiko harria Gasteizko katedral berria, Burgoseko gotzain jauregia eta Nafarroako Diputazioaren jauregia eraikitzeko erabili baitzen

1920ko hamarkadan, Saturnino Iriarte hil ondoren, haren oinordeko guztiak emakumeak izan ziren eta etxea batez ere mahastiak landatu, abereak hezi eta zereala ekoizteko erabili zen. 1950ko hamarkada arte Carmen Iriarte izan zen etxearen kudeatzaile nagusia.

Zenbait epidemiek eta bodega kooperatibengatik eragindako nafar mahastien krisiaren ondorioz, etxearen gainbehera hasi zen. Gainera, hurrengo oinordekoa Nafarroatik kanpo ezkondutako emakume baten alaba izan zen. Estatu Batuetan bizi zen eta Pitillasera ez zetorrenez, han lapurretak ugaritu ziren eta etxearen egoerak okerrera egin zuen. Beraz, etxea saldu zuen Iriartek. 2017tik landetxea izan da eraikina harik eta 2023ko amaieran Anautek eta Jimenezek erosi zuten arte.

Lehen pausoak

Jimenezek Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberan aurkeztu zuen negozioa aurrera eramateko sozietate zibila. Prestakuntza, ekintzailetza eta enplegu teknikaria den Paula Villamorrek “oso gomendio onak eta laguntza asko” eman zizkiola aitortu du. Horrez gain, ganberak zerga-beharrei buruzko ikastatoa eskaini zion.

Nafarroako Gobernutik autoenplegurako 1.200 euroko dirulaguntza jaso zuen, “landa-eremuetan proiektuak hasten dituzten gazteei eskaintzen dena”, dio gazteak. Bere ustez, ekimena “ez zen zaila izan, pixka bat unagarria soilik”, eta oro har, esperientzia "oso ona" izan zuen Nafarroako Merkataritza, Industria eta Zerbitzu Ganberan.

Egokitzapenaren helburua

“Landetxeak oso arruntak dira Nafarroako mendialdean eta Erriberan, baina ez hainbeste erdialdean”, kontatu du Jimenezek. Hein horretan, “eskualdean dagoen puntu nagusia Erriberri da”. Casona de Pitillasen helburua “herriari bizitza ematea eta mapan jartzea da. Jendea ez badago, ez dago negoziorik”. Pitillasko aintzirak neurri batean helburu horretan laguntzen du, baina Jimenezek eta Anautek ere lagundu nahi dute. Gainera, biek eskualde honekiko “maitasun pertsonal handia” sentitzen dutela diote.

Lurraldearen promoziorako ere ingurutik pasatzen den Karlomagno Bidea deiturikoa probestu nahi dute. Behin Europar Batasunaren baimena jasota, mendebaldeko Europa osoko bisitariak erakarri dituela uste dute. “Nire ama izan da Karlomagno Bidea Pitillastik pasatzeko gehien insistitu duen pertsona”, baieztatu du gazteak.

La Casona de Pitillas etxear kanpotik

Ama eta semearen arteko lan banaketa

Nagusiki fakturen, administrazioaren eta kontuen kudeaketaz arduratzen da Jimenez. “Lan gogaikarriena da, baina ekonomia ikasi izana eta arlo honetan jadanik esperientzia profesionala edukitzea oso lagungarria da”. Landetxearen webgunea eta sare sozialak ere kudeatzen ditu. Laburbilduz, “pantailako jarduerak” daramatza batez ere, bera ez delako Iruñetik Pitillasera hain sarritan joaten.

Aldiz, Anautek bezeroei harrera eta check-ina egiten die, eta beharrezko azalpenak ematen ditu. Batzuetan dohainik bisita gidatuak eskaintzen ditu herrian zehar, bezeroek eskatuz gero. Mantenimendu eta konponketa lanetan biek parte hartzen dute, baina kasu horietan Anaut da pisu handiena daramana.

Erreformak, amaitu gabe baina oso aurreratuak

La Casona de Pitillas lau mailatan dago banatuta: bodega, etxabe, solairu nagusia eta bigarren soilairua. Ama-semeak 250 metro karratuko upategia erreformatzen hasi dira eta dagoeneko 140 metro karratu birgaituta daude. Balkoi bat ekialdean eta beste bat mendebaldean ere badu bodegak.

Etxearen kontserbazio-egoera txarrak oraindik amaitu gabeko erreforma sendoa egitea bultzatu du bikotea. Eraikinean ez zegoen argirik, urik, estoldarik edo itxiturarik, eta birgaitutako zonaldea izan ezik, gainerakoak esku-hartzeak egin behar dira oraindik.

Etxearen kontserbazio-egoera txarrak oraindik amaitu gabeko erreforma sendoa egitea bultzatu du ama-semea

Birgaitzea martxan da, lauzak, ateak, zeramika hidraulikoa eta ahal diren objektu eta xehetasun guztiak mantenduz. Bisitariek xehetasun horiek “oso ederrak” direla esan dute. “Ideia ez da etxearen historiarekin akabatzea eta zerbait berria karkasa zahar baten gainean egitea, baizik eta eraikinaren jatorrizko diseinua mantentzea”, azaldu du Jimenezek. Bere hitzetan, horren meritua batez ere bere amarena da: “Etxearen edertasuna berari esker lortu da”.

Lehen urtea, espero baino hobea

Bisitei dagokienez, lehen urte hau “ez da txarra izan”, Jimenezen arabera. Uztaila eta abuzturako “erreserbak beterik daude”. Okerrago joatea aurreikusten zuen, “etxea prest egon arte urtebete bisitaririk gabe egon zelako”.

Landetxeen sektorea “oso estazionala da, garai okerrenak urtarriletik otsailera, Aste Santuko aurreko hilabetea eta azaroa eta abendua izanik”. Ordez, momentu hoberenak “foru-zubia eta uda” direla nabarmendu du. Bisitarien gehiengoa frantsesak, herbeheretarrak eta espainiarrak dira. Azken hauek “batez ere Nafarroa iparraldeko haritz eta mendien bila datoz”, gehitu du.

Erreformekin jarraitu eta etxea zabaldu

Ama-semeak etxearen gainontzekoa erreformatzen jarraitu nahi dute. Familia proiektua izanik, “hori egiteko presarik” ez dagoela diote. Birgaitzearen kostuak “aurrezkien bidez” ordaindu nahi dituzte, “mailegurik eta antzekorik gabe”. Aurten jardina errreformatzea dute begiz jota, eta bost edo sei urteko epean lehen solairuarekin amaitu nahi dute.

Igerilekua, soropil artifiziala (intsektu gutxiago erakarri eta ur-kontsumo gutxiago behar duena), eta bertako landareak gehitu nahi dituzte. Ureztatze-sistema jasangarria lortzeko bodegatik pasatzen den lur azpiko ura probestuko da.

Aurten jardina errreformatzea dute begiz jota, eta bost edo sei urteko epean lehen solairuarekin amaitu nahi dute

Gune hori “familia ekitaldiak (urtebetetzeak, barbakoak, etab.), ezkontzak eta udako festak egiteko” erabili nahi dute. Egiazki, nahiz eta zerbitzu hori oraindik eskuragai ez egon, “horretarako sei edo zazpi eskaera” jaso dituzte dagoeneko. Epe luzean, hamar edo hamabost urtetan, “alokatzeko etxebizitza-multzo baten antzeko zerbait” egiteko asmoa ere badute.