AP-8 autopista Donostia inguruan | Argazkia: iStock

EKONOMIA

Bidegik 32 milioi euroko inbertsioa egingo du mugikortasun jasangarria indartzeko

Besteak beste, errepideko garraioaren emisioak murrizteko, Lurraldebusen flota berritzeko eta bidegorrien sarea indartzeko erabiliko da dirua

Bidegi foru sozietateak 32 milioi euro bideratuko ditu datozen lau urteetan, Gipuzkoako mugikortasuna indartzeko asmoz. Eider Mendoza ahaldun nagusiak eta Jose Ignacio Asensio Jasangarritasun diputatuak eman dute neurriaren berri gaur.  Neurriak “ingurugiroarekiko errespetu handiagoa izango duten pertsona eta ondasunen garraio moduak” ekarriko dituela ohartarazi dute bi ordezkariek.

Neurri "berritzaile" honek Gipuzkoako Batzar Nagusiek aurtengo otsailean aho batez egindako eskaerari erantzuten dio, eta Bidegiren diru-sarreren zati bat neurri horretara bideratzeko irizpidea ezartzen du. Izan ere, errepideko garraioaren emisioak murrizteko, autobusen eta garraioaren sektorearen eraginkortasun energetikorako, bidegorrien sarea garatzeko eta intermodalitatera bideratutako azpiegiturak sortzeko bideratuko da inbertsioa.

Mendozaren arabera, inbertsio honek karbono aztarna murrizten lagunduko du, eta mugikortasun “eraginkor, jasangarri eta seguru” bat ahalbidetuko du, zeinak pertsonak izango dituen erdigunean. Era berean, garraio sektoreari babesa emango dio mugikortasun berdeago baterantz.

Asensiok, bestalde, jakinarazi du Bidegiren urteroko irabazietatik zortzi milioi bideratu direla mugikortasun jasangarria sustatzera. Besteak beste, errepideko garraio kolektiboak eragindako kutsadura murriztearekin lotutako proiektuetarako, ibilgailuen CO2 eta energia errendimendua hobetzeko eta Lurraldebusen flota berritzeko, bidegorri sarea indartzeko eta bestelako azpiegitura batzuk sustatzeko erabiliko da dirua. "Garraiobide ekologikoagoen erabilera sustatuz, hala nola bizikleta, garraio publiko eta kolektiboa eta emisio gutxiko ibilgailuak, garraioaren karbono aztarna nabarmen murriztu ahal izango dugu”, azaldu du.