Bihar sartuko dira indarrean auto elektrikoetan Europak Txinari ezarritako muga-zergak
Bruselaren eta Pekinen artean negoziaketek aurrera jarraitzen dute, eta azaroa baino lehen adostasunik ez badago, muga-zergek indarrean jarraituko dute bost urtez
Bihartik aurrera, Europako merkatuan Txinatik sartzen diren ibilgailu elektrikoek balioaren %37,6rainoko muga-zergak ordaindu beharko dituzte. Europako Batzordeak irekitako ikerketaren arabera, Txinako fabrikatzaileek "bidegabeko dirulaguntzak" jasotzen dituzte, eta horiek Europako ekoizleei "kalte ekonomikoa" eragiteko "mehatxua" suposatzen dute. Hori dela eta, produktu horiei aduana-zergak behin-behinean igotzea erabaki du, Europako industria babesteko.
Nonalahi ere, bi aldeen arteko negoziaketek aurrera jarraitzen dute. Azken asteetan "aurrerapen batzuk" egin direla ziurtatu du Bruselak. Baina azaroa baino lehen konponbiderik hitzartzen ez bada, muga-zergek indarrean jarraituko dute bost urtez, azaldu du EBk, erabakia Europar Batasuneko Egunkari Ofizialean agertzearekin batera argitaratutako ohar batean.
Duela hamar urte EBk Txinatik zetozen eguzki-panelei muga-zergarik ez ezartzeko erabakia hartu zuen, eta horrek fabrikatzaile europarren desagerpena eragin zuen. Erabakiak eragin handia izan du EBk ibilgailu elektrikoen merkatuko egoera ikertzeko eta erabakiak hartzeko garaian. 12 milioi lanpostu inguru daude jokoan, zuzeneko eta zeharkako lanpostuen artean. Muga-zerga berrien helburua ez da Txinako autoen inportazioa geldiaraztea, ezta haien prezioak igotzea ere. Ziurtatu dutenez, jokalekua berregokitu nahi dute, fabrikatzaile europarrek Asiako aurkariekin baldintza berdinetan lehiatu ahal izateko.
Europako Batzordeak Txinako fabrikatzaileei aurrez emandako abisuaren ondoren, kaltetutako konpainiek alegazioak aurkeztu dituzte, eta, horren ondorioz, doikuntza txikiak egin behar izan dituzte muga-zergen zenbatekoan. Jabetza pribatuko BYD taldeak %17,4 ordaindu beharko du; Geelyk, %19,9; eta, azkenik, jabetza publikoko MC taldeko SAICek, %37,6.
Txina, txerri-haragia ikertzen
Bien bitartean, Europako txerri-haragiaren inportazioak ikertzen ari da Txina. Ekainaren 17an aurreratu zuen erabakia herrialdeko Merkataritza Ministerioak. Europar Batasunak Txinako ibilgailu elektrikoei muga-zerga berriak ezartzea erabaki ondoren Pekinek izan duen lehen erreakzioa da. Ikerketak urtebete inguru iraungo du, eta batez ere Espainiari dakioke, Europar Batasunean txerria Asiako erraldoira gehien esportatzen duen herrialdea baita.