Desembalaje azoka antzinako objektuen eta apaingarrien topagune bilakatuko da
Zaharkinen azokak 130 erakusmahai eta doako tailerrak eskainiko ditu, kultura eta iraunkortasuna sustatzeko
Bilboko zaharkinen Desembalaje azokaren 50. edizioa azaroaren 9an eta 10ean egingo da Bilbao Exhibition Centren (BEC). BECek eta Llobregat SFk antolatutako ekitaldia, antolatzaileek adierazi dutenez, penintsulako antigoaleko azoka garrantzitsuenetariko bat da. Bertan aurkeztuko dituzte, apainketari dagokionez, gaur egungo joerak islatzen dituzten hainbat objektu eta altzari.
Azokaren helburu nagusia da objektu historikoei bigarren bizitza bat ematea, eta horrela, kultura, aisia eta tokiko ekonomia sustatzea. 130 erakusmahai inguru izango dira, baita zaharberritzeari eta apainketari buruzko doako tailerrak ere. Tailerren bitartez bisitariek aukera izango dute erositako objektuak biziberritzeko prozesua nolakoa den ikusi eta ikasteko.
Aurtengo edizioa esperientzia aberasgarria izango dela baieztatu dute antolatzaileek, ez bakarrik antigoaleko objektu ugari egongo direlako, baita egingo diren jarduera interaktiboengatik ere. Espero dute Desembalaje azoka topagune bat izatea historia, dekorazioa eta iraunkortasuna maite duten horientzako, eta, aldi berean, azokari esker eskualdean eragin ekonomiko positiboa sortzea.