Gabriel Fernandez zuzendari nagusi berria eta Josu Urrutia presidente berria | Argazkia: Bilbomatica

EKONOMIA

Bilbomaticak Gabriel Fernandez izendatu du zuzendari nagusi

Josu Urrutia Athletic Clubeko futbolari eta presidente ohia izango da enpresako lehendakari berria

Bilbomatica enpresa bizkaitarrak zuzendari nagusi berria du, Gabriel Fernandez. Walter Mattheus ordezkatuko du, honek erretiroa hartuko baitu 34 urteko ibilbide profesionalaren ondoren. Fernandez enpresaren iparraldeko negozio zuzendari nagusietako bat izan da azken urteetan.

Zuzendari nagusi berria informatikako ingeniaria da, eta software ingeniaritzako masterra du Deustuko Unibertsitatean. 30 urteko ibilbidea egin du Bilbomatican, eta "funtsezko rolak" bete ditu enpresaren garapenean, "informazioaren teknologien sektorean duen lidergoa eta ikuspegi estrategikoa azpimarratuz", Bilbomaticak azaldu duenez.

Fernandez "pozik" agertu da izendapenaren ondoren, eta adierazi du datozen urteetan iparraldean duten presentzia sendotzen eta indartzen jarraituko dutela. Halaber, sektore publikoaren eta pribatuaren arteko oreka eta negozioak hedatzeko Altia taldearekin dituzten sinergiak aprobetxatuko dituztela zehaztu du.

Urrutia, presidente

Gainera, Altia taldeko enpresak Josu Urrutia Athletic Clubeko futbolari eta presidente ohia izendatu du lehendakari. Urrutiak nabarmendu duenez, "presidente berria naizen aldetik, irtenbide teknologiko aurreratuak eta pertsonalizatuak eskaintzeko gure misioa indartzeko asmo sendoa dut, kalitatearekin eta bezeroekiko hurbiltasunarekin dugun konpromisoa mantenduz".