'Impact Week 2024' topaketan bilduko dira Europako eragile ekonomiko nagusiak | Argazkia: Guggenheim Bilbao Museoa

EKONOMIA

Bilbon egingo da Impact Week 2024 kongresuaren hogeigarren edizioa

Topaketa azaroaren 25etik 29ra bitartean egingo da, eta Bilboko udalak adierazi duenez, 150 eragile ekonomiko-finantzariok baino gehiagok hartuko dute parte

Impact Week 2024 izeneko topaketa antolatu dute Impact Europek eta Bizkaiko Foru Aldundiak, Seed Capital Bizkaiaren bitartez. Ekimenaren harira prestatu diren jardunaldiak hainbat lekutan egingo dira, hala nola: Bilboko BAT (B Accelerator Tower) dorrean, Euskalduna Jauregian eta Guggenheim museoan. Azaroaren 25etik 29ra bitartean iraungo du foroak, eta, aurtengoa, hogeigarren urteurrena izango da

Impact Week 2024 topaketan bilduko dira "Europako eragile ekonomiko nagusiak", zeinak, antolatzaileen esanetan, ekonomia jasangarria garatzeko kapitala mobilizatzen duten. Helburu nagusia da inbertsioa sustatzea gizarte eraldaketa lortzeko proiektuetan, “besteak beste, jasangarritasuna, desberdintasunen murrizketa edo gizarte-ekonomiaren sustapena jorratuta”. Roberta Bosurgi Impact Europe erakundeko zuzendari nagusiak adierazi du Bizkaia “eragin soziala duen inbertsioa bultzatzen duen eskualdeko gobernu baten adibide paregabea” dela, “mundu mailan”.

Udalak adierazi du “lehen mailako” 150 eragile ekonomiko-finantzariok baino gehiagok hartuko dutela parte topaketan, eta ekitaldietara 1.000 parte-hartzaile baino gehiago gerturatuko direla. Hara joateko erregistratu egin behar da aurrez, Impact Weeken webgunean.

Euskalduna Jauregian egingo den programan antolatu dira, esaterako, inpaktu-lidergoaren inguruko elkarrizketak, Inpaktu-kapital publikoa bultzatzea izeneko hitzaldia, baita NN gizarte-berrikuntzako start-upentzako sariak ere. BAT dorrean, bestalde, inpaktu-inbertsiorako funtsezko dozena bat topaketa egingo dira, azaroaren 25etik 27ra bitartean. Bertan parte hartuko dute Espainiako estatuko eta Latinoamerikako ekosistema ekonomiko-finantzarioko “funtsezko” eragileek.