Habi taldea 2018an sortu zen | Argazkia Arriki.eus

Kultura

Bizi al daiteke rock & rolletik Euskal Herrian?

Galderaren erantzuna konplexua da, erronkaz beteriko sektorea baita musikarena

Hain herri txikia izateko, musikak garrantzi handia dauka Euskal Herrian. Musika sektorean ari diren profesional on asko dago, baina musikaren industria nahiko ahula da gurean. Batean eta bestean galdezka aritu da EnpresaBIDEA, eta orokorrean Euskal Herrian musikatik bizitzea zaila dela esan digute, amets bat askorentzat. Euskal musikaren industria sendoa eraikitzeko lan itzela egin beharra dago, eta ezinbestekoa da erakunde publikoen inplikazioa.

Baina, gatozen galdera nagusira: bideragarri al da gaur egun Euskal Herrian musikatik bizitzea? “Nik uste dut bizi, bizi daitekeela musikaz, baina pribilejio moduko bat dela esango nuke; zailagoa da musikaz bizitzea, futboletik bizitzea baino”, adierazi du Habi taldeko Yeray Gasconek, “sostengu ekonomiko bat edukitzeko faktore asko behar dituzu zure alde, besteak beste, marketin lan oso indartsua ikusgarritasuna lortzeko”. Habi 2018an sortu zen Jon Ander Artola eta Yeray Gascon taldekideen bideak gurutzatuta. Billabonatarrak Helmuga euren azken lanaren promozioarekin jo eta su dabiltza azken asteotan, eta euren kasuan musikaz bizitzea ez da hautua, bakoitzak bere proiektu pertsonala du eta musikan ongi pasatzeko daudela diote. Baina badaude beste begirada batzuk.

Direktorio falta

Musikaren industria gurean ezegonkorra izanik, euskal musikarien inguruko informazioa bilatzen jarrita ere, oso datu gutxi dago eskura, eta lan eskerga dago egiteke sektoreko profesionalen benetako egoera ezagutzeko. Myriam Miranda Euskal Herriko Musikari Elkarteko koordinatzaile orokorra eta Musika Bulegoko Proiektu arduraduna da, eta gabezia honetan azpimarra jarri du: “sektore osoak eta erakunde publikoak aspalditik lantzeke duen gai bat dela iruditzen zait, artisten edo eta musikarien direktorio eraginkor eta eguneratu bat izatea, eta oso zaila izango litzatekeen arren, saiakera egin beharko litzatekeela uste dut”. Musika Bulegoak 2022. urtean zehar Euskal Herriko Musikarien Errolda kaleratu du, hain zuen Euskal Herriko sektore artistikoaren argazki oso bat izateko asmoz.

Yeray Gascon (Habi): “Pribilejio moduko bat dela esango nuke; zailagoa da musikaz bizitzea, futboletik bizitzea baino”

Euskal Herriko Musikari elkarteak bertako musikariekin COVID-19aren eragina euskal musikariengan izeneko inkesta egin du, eta jasotako datuak orokorrak ez badira ere, sektoreko profesional askoren errealitatea jasotzen du. Hemen datu deigarri batzuk: inkestan parte hartu duten musikarien erdiek baino zertxobait gehiagok beraien lan jardun osoaren % 40 baino gutxiago bideratzen dute musika sorkuntza edota interpretaziora, eta beraz, zati handiena bestelako lanetara bideratzen dute. Era berean, aipagarria da beste lanbide bat duten musikarien artean erdiak baino gehiagok (% 52,5k) euren sarrera guztien % 20 baino gutxiago lortzen dutela musika sorkuntza edota interpretaziotik.

Aldizkakotasuna eta behin-behinekotasuna

Mirandak ogibide honen berezitasun nagusiak aldizkakotasuna eta behin-behinekotasuna direla dio. “Berezitasun hauei erantzuten dien araudi bat egitea nahitaezkoa da musikariek berain lan artistikotik bizitzeko aukera izan dezaten”, azpimarratu du. Eta egoera honen aurrean erakunde publikoen inplikazioa ezinbestekoa dela garbi utzi nahi digu: “oso garrantzitsua de sektore honen errealitateari egokitzen zaizkion diru laguntzak izatea; alegia, diru-laguntza bat eskatzeko bete beharrekoa baldintzak 'betegarriak' izatea. Argi dago, honek zailtasun asko sortzen dizkiela erakunde publikoei, oso profil ezberdinak biltzen dituelako musikari eta artisten kolektiboak, baina nola bideratu diru laguntza eraginkorrak artikulatu gabe dagoen sektore batentzat?”.

Hiru hamarkada pasa eman ditu Angel Valdesek musikagintzari lotuta. Musika industriaren bilakaera ederki ezagutu du: IZn hasi, Esan Ozenki sortzen aritu eta azken 26 urteak Elkarren eman ditu. Bai, musikaz bizi daitekeela esan dio EnpresaBIDEAri, baina profesional horiek babes handiagoa beharko luketela euren sorkuntza epe luzean bermatzeko. Kultur ondarea babestu eta zabaldu behar den bezala, “kulturaren bideak promozio kanpainen bidez aberasten dira eta horri kasua egin beharko liokete Erakunde Publikoek. Eta behin ikusten denean artista bat profesionalizatu daitekeela, lagundu egin beharko litzaioke, bere bidea erosoa izan dadin, eta ez orain bezalakoa, zalantzaz eta ziurgabetasunez betea”, adierazi du Valdesek.

Anjel Valdés: “Behin ikusten denean artista bat profesionalizatu daitekeela, hari lagundu egin beharko litzaioke, ez orain bezala”

Panorama honen aurrean, zeintzuk dira musika industriak etorkizunera begira dituen erronka nagusiak? Valdesen ustez, “une honetan erronka nagusia irautea da. Euskararen ondoan, interneteko ozeano amaigabean ez naufragatzea, euskaraz kontsumitu nahi duen publikoa motibatzea eta kopuruan zein adinean biderkatzea, hunkitzea, biziraun ahal izateko etekin nahikoa bilatuta”.

Euskararen aldagaia

Baina zer eta nola egin digitalizazioaren garaian interneteko ozeano horretan bertako musika ez galtzeko? Eta zein da euskaraz sortzen duten musikarien egoera? Amagoia Gurrutxaga LANARTEA Euskararen Langile Profesionalen Elkartearen koordinatzaileak oso garbi dauka: “Euskaraz ari den musikariaren kasuan, merkatu globalaren itsasoan sare eta babes politika espezifikorik gabe bizitzera behartua dago, marrazo artean arrain txiki, indartsua are gehiago indartzen eta txikia irensten duten korronteen menpe”.

Amagoia Gurrutxaga: “Euskaraz ari den musikariaren kasuan, merkatu globalaren itsasoan sare eta babes politika espezifikorik gabe bizitzera behartua dago”

Gurrutxagak azaldutakoaren arabera, euskarazko musikak ez dauka zirkuitu finko propiorik; hedabide nagusietan, plataforma digitaletan, jaialdi gehienetan, erdarazko musika da nagusi -gero eta nagusiago-, eta hedabide publikoetan ere ez da ikusten euskarazkoaren aldeko apustu zehatzik. “Euskal musikariak izugarrizko lanak ditu bere lana erdal eremuetan ezagutarazteko, eta gero eta gutxiago ezagutzen da bere lana euskal eremuetan ere”, azpimarratu du. Bere esanetan hau ez da arazo indibidual bat, kolektiboa baizik; erantzuna ere kolektiboa izan behar da, beraz. “Kultura gutxitu baten etorkizuna ezin da bere sortzaileen bizi baldintzen kontura eraiki, ezta herritarren konpromisoaren bizkar gainean ere”, bukatu du.

Musikaren industria ezegonkorra, gorabeheratsua eta prekarioa izanagatik, ustiatzen duen lehengaiak agortze seinalerik ez du eman, eta hor du indargune nagusia: musika eta sortzaile onak badaude, eta egongo dira, baita gose diren entzuleak ere. Ikusteko dago etorkizunean harreman hori nola antolatuko den.