Bizkaiko Batzar Nagusiak | Argazkia: Irekia

EKONOMIA

Inoiz izan den aurrekonturik handiena adostu dute Bizkaian 2025erako

Datorren ekitaldiko aurrekontua 2024koa baino %3,4 handiagoa izango da

Bizkaiko Batzar Nagusiek 2025eko ekitaldirako aurrekontua onartu dute gaur. EAJ eta PSE-EEren babesa jaso dute aurrekontuek, EH Bildu taldearen abstentzioarekin; Elkarrekin eta PPk ezezkoa bozkatu dute.

Hala, 10.660 milioi euroko aurrekontua egokitu zaio Bizkaiari, inoizko kopururik handiena, eta iazkoa baino %3,4 altuagoa. Gainera, babes handiena jaso duen aurrekontua izango da datorren urtekoa, 51 ahaldunetatik 46ren babesa jaso baitu (31 bozka alde eta 15 abstentzio).

Bizkaiko foru gobernuak gehiengo osoa izan arren Batzar Nagusietan, akordiora iritsi zen EH Bildurekin; ondorioz, oposizioko taldeek aurkeztutako zuzenketak direla eta, 33 milioi euroko 29 neurri adostu zituzten.