Argazkia: iStock

EKONOMIA

Bizkaiak 106,7 milioi itzuli dizkie 1979a baino lehen mutualitate batean kotizatu zuten pertsonei

Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren ondoren, lurraldean 109.509 pertsonei batez beste 974,47 euro murriztu zaie zerga-karga

Bizkaiko Foru Aldundiak 106,7 milioi euro itzuli dizkie 1979 baino lehen mutualitate batean kotizatu duten 128.047 pentsiodun bizkaitarrei. Itzulketa hori 2023ko sasoiari dagokio soilik, eta bi tartetan banatzen da: 71 milioi eurokoa, ekainaren 28an amaitu zen errenta kanpainan aplikatu zena, eta 35,7 milioi eurokoa, 1967a baino lehenagoko kotizazioak dituzten 46.828 zergadunei eragiten diena. Zergadun horiek 763,13 euroko batez besteko itzulketa gehigarria jasoko dute. Aldundiak adierazi du bigarren tarte honetako itzulketak datorren astean hasiko direla.

Espainiako Auzitegi Gorenak 1979a baino lehenagoko mutualitate batean kotizatutako pentsiodunen alde emandako epaiaren ondorioz, Bizkaian 109.509 pertsonari batez beste 974,47 euro murriztu zaie zerga-karga.

Bestalde, preskribatuta ez dauden azken lau ekitaldietako emaitza berrikustea eskatu duten zergadunen kasuan, Foru Aldundiak datozen hilabeteetan itzuliko diete dagokien kopurua, eta ez da beharrezkoa izango ezer egitea ez inolako dokumentaziorik aurkeztea.

95.844 zergadunei berrikusi beharko dizkie Ogasunak aurreko urteetako aitorpenak, baina aldundiak gogorarazi du 2023ko urteari dagokionez eskatzaile guztiek ez dutela itzultzeko eskubiderik izango, aitorpenean inolako kopururik atxiki ez zaielako, edo Auzitegi Gorenaren epaiak aplikatu aurretik jasandako atxikipen guztiak itzuli zitzaizkielako.