Bizkaiko Foru Aldundiak zerga salbuespenak onartu ditu Bilboko UEFAko finaletarako
UEFAk bere ekitaldiak egiten diren lurraldeetako erakundeei eskatzen die zenbait zerga salbuesteko, bai berarentzat, bai taldeentzat
Bizkaiko Batzar Nagusiek salbuezpenezko zerga erregimena onartu dute larunbat honetako (UEFA Emakumezkoen Txapeldunen Ligako finala) eta datorren urtean UEFA Europa Leagueko finalarerako. UEFAk bere ekitaldiak egiten diren lurraldeetako erakundeei eskatzen die zenbait zerga salbuesteko, bai berarentzat, bai taldeentzat. Horrela, UEFAk, larunbateko partida jokatuko duten klubek (Bartzelonak eta Olympique Lyonek) eta 2025eko UEFA Europa Leagueko finala jokatuko duten taldeek ez dituzte ordaindu beharko sozietateen gaineko zerga, ez-egoiliarren errenta, pertsona fisikoen errenta eta tokiko zergak.
Foru dekretu arauemaileak aurrera egin du osoko bilkuran, Bizkaiko Foru Aldundia osatzen duten bi alderdi politikoen, EAJren eta PSE-EEren, eta PPren aldeko botoekin; EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, berriz, kontrako botoa eman dute.
Itxaso Berrojalbiz Ogasun eta Finantza diputatuak gogoratu duenez, erregimen fiskal hori 2020an San Mamesek bi final-laurden eta UEFA Womens Champions Leagueko finalerdi bat hartu zituenean onartu zen bera da. Era berean, erregulazio fiskal bat egitea beharrezkotzat jo du Espainiak kirol-ekitaldi horretarako hartutako konpromisoak betetzeko.
Arautzeko gaitasunik ez duten zergei dagokienez (Balio Erantsiaren gaineko Zerga eta Ez-egoiliarren Errentaren gaineko Zerga establezimendu iraunkorraren bitartekaritzarik gabe jarduten duten zergadunentzat) dagokion proiektua izapidetzen ari dira Kongresuan. Ondoren, ondo bidean Bizkaian aplikatuko da foru-dekretu arauemaile baten bidez, Berrojalbizek zehaztu duenez.