Bizkaiko Foru Aldundiko egoitza | Argazkia: iStock

EKONOMIA

Bizkaiko ogasunak 2.058 milioi euro bildu ditu zergetan otsailera arte

Zuzeneko zergetan aurreko hilabeteetako joera ona mantendu da, eta iazko otsailarekin alderatuta, ia %5 gehiago bildu dute

Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu du, otsailera arte, 2.058 milioi euro bildu dituztela zerga-itunduen bitartez. Bildutako kopuru hori 2024ko zerga-sarreren aurrekontuaren % 20,9 dela (9.829,5 milioi euro) jakinarazi du aldundiak.

Kaleratutako oharraren arabera, zuzeneko zergei dagokienez, aurreko hiletako joera ona mantendu da, eta iazko otsailaren aldean, 49,6 milioi euroan (+% 4,7) handitu da bilketa. Nabarmentzekoa da kapital higigarriaren etekinen gaineko atxikipenek izandako bilakaera positiboa; izan ere, 60 milioi inguruko hazkundearekin bikoiztu egin da 2023an jasotakoa.

PFEZa, oro har, % 5,3 hazi da (+48,7 milioi); horrenbestez, kontzeptu horren ondoriozko bilketa 972,2 milioi eurokoa izan da. Halaber, ez-egoiliarren errentaren gaineko zergaren bilketa 40 milioi euro baino gehiagotan murriztu da, aurreko ekitaldian ezohiko diru-sarrera egon zelako. 

Zeharkako zerga-ezarpena 931,3 milioi eurokoa izan da, hidrokarburoen sektorearekin lotutako bilketak izan duen bilakaeraren eraginez. Horrek esan nahi du % 9,1eko jaitsiera egon dela 2022ko aldi berean lortutako kopuruarekin alderatuta.