Nafarroako BPG %3,1 hazi da hirugarren hiruhilekoan
Enpleguak %2,4ko gorakada izan du aurreko urteko epe beraren aldean
Nastat Nafarroako Estatistika Erakundeak atzo argitaratutako datuen arabera, Nafarroako BPGk %3,1 egin du gora 2024ko hirugarren hiruhilekoan, aurreko urteko hiruhileko berarekin alderatuta. Lehen eta bigarren hiruhilekoan ere gora egin zuen Nafarroako BPGk, aurreko urteko epe beren aldean, %2,1 eta %2,6 gehitu baitzen.
Eskaintzari dagokionez, urteko hirugarren hiruhilekoan gorakadarik handiena izan dute industria-jarduerek eta merkatu zerbitzuek, %3,3koa. Merkatuz kanpoko zerbitzuek ere %2,6ko hazkundea izan dute, eta eraikuntzaren adarra %2,3an mantendu da. Nekazaritzaren BPG, ordea, hamarreko bat jaitsi da, %0,4ra.
Eskaerari erreparatuta, etxeen eta etxeen zerbitzura dauden irabazi-asmorik gabeko erakundeen (EZIAGE) kontsumoaren eta kontsumo pribatuaren igoera gailendu da, %3,7ko hazkundearekin. Administrazio publikoen kontsumoan ere %2,5eko igoera izan da urte artean. Esportazioek zifra positiboetan jarraitu dute hirugarren hiruhilekoan (%0,8), baita inportazioek ere (%0,6).
Enpleguak ere portaera positiboa izan du azken hiruhilekoan, 2023ko epe beraren aldean, %2,4ko hazkundearekin; soldatakoen ordainsariak ere %6,6 igo dira.