Ane Oyarzabal Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotzia | Argazkia: Donostia Sustapena

EKONOMIA

Bretxako baserritarren markesinaren obrak 2025eko abuztuan amaituko dira

2025eko ekainerako prest egotea espero da Boulevardeko aparkalekua Bretxarekin lotzen duen tunela. Arrandegi eraikineko obrak, aldiz, gehiago itxaron beharko du, 2027. urtera arte

Donostiako Sustapena irailaren 5ean hasi zen Bretxaren kudeaketa lanekin. Ane Oyarbide Ekonomia eta Tokiko Enpleguko zinegotziak adierazi du jada hasi direla kudeaketa horren lehen emaitzak ikusten. Pasa den hilabete eta erdian “erabiltzaileek aldaketarik nabaritu ez dutela” gehitu du zinegotziak, horretarako “funtsezko zerbitzuak mantendu” direlako: garbiketa, irekiera eta itxiera zerbitzua, ekipamenduen mantenua, alarma-sistemak… Guztira, irailaren 5etik 60 ezbehar konpondu direla azaldu du udalak.

Oyarbidek gaineratu du azken aste hauen ondoren “lizitaziorako eta obrak egiteko epeak eta prozedurak arindu ahal izan” direla. Epeak mugatu dituzte oraindik egiteke dauden obrentzako: alde batetik, Boulevardeko lurpeko aparkalekua Bretxarekin lotzen duen tunela egokitzeko obra 4 hilabetekoa izango da, eta 2025eko ekainean amaituta egotea aurreikusten du udalak; baserritarren markesinaren obrak sei hilabetetako luzera izango du, eta 2025eko abuztuan amaituko da; azkenik, arrandegiko eraikineko obrentzako oraindik ere proiektu berri bat idaztea eskatzen dute, datorren urteko udaberrirako amaituta egotea aurreikusten dena, eta obrak 2027. urterako amaituko lirateke.

Horrez gain, udalak bilerak egin ditu Bretxako egungo okupatzaileekin, eta beharrezko informazioa eskatu zaie. Izan ere, azken horiek kontratu berriak sinatu beharko dituzte Donostia Sustapenarekin, aurreko kontratuak jada ez dutelako balioak.