Argazkia: Eusko Jaurlaritza

EKONOMIA

Confebaskekin lehen bilera egin du d'Anjou Ogasun eta Finantza sailburuak

Erreforma fiskalak EAEko lehiakortasuna eta hazkunde ekonomikoa bultzatu beharra dutela azaldu dute bi aldeek. Euskal enpresen errotzea ere izan dute hizpide

Noël d'Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburua Confebaskekin bildu da gaur, eta datozen lau urteetarako erronkak eta jardun-ildoak aztertu dituzte. Sailburu izendatu zutenetik, patronalarekin egindako lehen bilera izan da, eta besteak beste, fiskalitatearen afera izan dute hizketagai. Bi aldeek azaldu dutenez, erreforma fiskalak EAEko lehiakortasuna eta hazkunde ekonomikoa bultzatu beharra du.

Confebasken partetik Tamara Yagüe presidentea, Asis Canales presidenteordea eta batzorde fiskaleko burua, Eduardo Aretxaga zuzendari nagusia eta Pablo Martín azterketa ekonomikoen zuzendaria izan dira. Ogasun eta Finantza sailaren aldetik, Iñaki Alonso Ogasuneko sailburuordeak eta Jose Corchón Finantza eta Aurrekontuetako sailburuordeak hartu dute parte.

Sailburuak euskal industria ehunaren etorkizuneko eszenakokiak eta Confebaskek datozen lau urteotan jorratuko dituen jarduera ildoak ezagutzeko parada izan du. Horrekin batera, euskal enpresen errotzea izan dute hizpide, inbertsio berriak erakarriko dituen finantza eta inbertsio ekosistema bat izatearen garrantzia azpimarratuz. Era berean, Confebaskek pasa den otsailean eratutako BasqueFIK finantza klusterrari emandako babesa berretsi du.

d’Anjouk Eusko Jaurlaritzaren laguntza eskaini dio patronalari, “enpresa-kultura” sustatzeko. Horren harira, enpresek eta enpresaburuek “euskal gizarte osoaren ongizateari eta aurrerapen kolektiboari egiten dioten ekarpena” jarri nahi izan du balioan.