Cristina Andres Urarte | Argazkia: Ekonomisten Euskal Elkargoa

EKONOMIA

Cristina Andres Urarte: “Ekonomistek izan behar dituzten gaitasunak aldatzen ari dira"

Ekonomista berrien gaitasunak indartzea du helburuetako bat Ekonomisten Euskal Elkargoak, ostera enpresekin bitartekari lanak gauzatzeko. Azterlan zehatzak prestatu dituzte lanbideak beharrezko dituen gaitasunak identifikatu ahal izateko

Ekonomisten Euskal Elkargoaren presidente berria izendatu dute Cristina Andres Urarte, Iñaki Ruiz Manzanosek postua utzi ostean. Azken zortzi urteetan batera egin dute lan elkargoko gobernu batzordean, eta, orain, Andresek hartuko du oinordetza entitatearen gidaritzan. Santurtziarra berez, presidente berriak 20 urteko esperientzia du EAEko hazkunde ekonomikoa eta enpresariala aztertzen eta bultzatzen. Elkargoaren helburuez aritu da EnpresaBIDEArekin izan duen elkarrizketan, eta etorkizuneko ekonomisten formakuntza izan du hizpide.

Zer nolako beharrizana bete dezake euskal ekonomian Ekonomisten Euskal Elkargoak?

EAEk estrategia sendo bat ireki du hainbat urteetan zehar lehiakortasun inklusiboa handitzeko. Hiru trantsizio kritiko ditu: demokratiko-soziala, energetiko-ingurumenekoa eta teknologiko-digitala. Trantsizio bakoitzak bere erronkak ditu, eta elkargoa funtsezkoak izango dira inguru horretan aholkularitza emateko; trantsizioa iraunkorra, inklusiboa eta lehiakorra izango dela ziurtatzeko. Eta hor Ekonomisten Euskal Elkargoa dugu, ekonomia arloko profesioaren eta profesionalen topagunea dena. Bere eginkizunen artean prestakuntza eta betebeharrak osatzen laguntzea daude, ekonomista berri eta enpresen trantsizio horretan lan egin dezaten.

Zelan definituko zenuke Euskal Ekonomisten Elkargoak egiten duen lana. Zeintzuk dira helburuak?

Elkargoaren barnean jende askok egiten du lan egunero. Erronka oso interesgarriak ditugu mahai gainean, hala nola, digitalizazioa eta eraldaketarekin lotuta daudenak, egiten duguna zabaltzeko batez ere. Gaur egun oraindik ere, oso ezezaguna da elkargoaren izena eta zer egiten duen. Orduan, horretan gaude orain, ezagutzera ematen. Lan handia daukagu jende gaztea erakartzeko.

Formakuntza oinarri du elkarteak. Zer egin daiteke ekonomisten formakuntzan? Zer falta da edo zer dago hobetzeko euskal ekonomisten profilak indartzeko?

Esango nuke Ekonomisten Elkargoa ez dela soilik prestakuntzaz arduratzen. Topagunea gara Euskadin, eta elkargokide bakoitzaren atzean dauden ezagutzak, trebetasunak eta balioak dira profesioa osatzen duten gaitasunak betetzen dituztenak. Aldaketa teknologikoek, eraldaketa digitalek eta kudeaketa eredu berriek profesioaren egoera aldatzen dute, eta, ondorioz, ekonomistek izan behar dituzten gaitasunak aldatzen ari dira ere. Ekonomisten profilak zeintzuk diren jakiteko, elkarteak konpetentzia profesionalei buruzko azterlanak burutu ditu Basque Country 2030 agendaren testuinguruan. Elkargoaren enplegu komunitateak bultzatu du EHUrekin lankidetzan, eta azterlan honek ekonomisten gaitasunak identifikatu eta baloratu egiten ditu hiru motatan: gaitasun tradizionalak, digitalak eta jasangarriak.

"Aldaketa teknologikoek, eraldaketa digitalek eta kudeaketa eredu berriek profesioaren egoera aldatzen dute, eta, ondorioz, ekonomistek izan behar dituzten gaitasunak aldatzen ari dira ere"

Zein da azterlanen helburua zehazki?

Elkargoaren ikuspuntutik, gure graduatuen lanpostuek eskatzen dituzten gaitasunak identifikatzea du helburu, gizarteak benetan eskatzen duen gradu profila zehazteko. Azterlan honetan 400 ekonomista enplegatzaile baino gehiagok hartu dute parte, eta elkargoak haiekin lan egin du enpresetan aplikazioak garatzeko formakuntzaren bidez. Konpetentzien azterlanekin, elkargoak azterketak egin ditzake unibertsitatearekin eta enpresekin, lanbidearen bilakaera hobetzeko.

Formakuntza jakina eskaintzeko, zelan identifikatu daitezke beharrezkoak diren gaitasun profesionalak?

Egia da gaitasun profesionalak oso azkar aldatzen ari direla, eta batzuetan kosta egin zaigu identifikatzea, prestakuntza ‘gap’ hauek aurkitzen ditugulako. Lehen azaldu bezala, hiru motatan identifikatu izan dira gaitasunak, eta ikusi dugu konpetentzia digitalak gero eta garrantzia handiagoa dutela. Elkargoa oso azkar mugitu da horretan. Txikiak gara beste erakunde batzuekin konparatuta, baina etengabe lanean ari gara zerbitzu profesionalak eskaintzeko enpresa eta unibertsitatearen artean. Etorkizuneko kolektiboari begira prestatuta dago lan hori.

Talentua mantentzea konplexua suertatzen ari da hainbat enpresetan. Ekonomisten kasuan, zertan oinarritzen da enplegu errotazio handi hori?

Talentu kualifikatua lortzea erronka da ekonomisten kasuan, baina baita ere beste sektore batzuetan ere, are gehiago erronka demografikoa ikusita. Aukera profesionalak areagotzeak erronka demografikoak ekarri ditu, baina, mugikortasuna eta telelana bezalako aukera berriak hedatzean, lehia handiagoa sortu da enpresen artean langile onenak erakartzeko. Ekonomisten kasuan, txandakatze handiagoak eman daitezke aholkularitzan, adibidez, merkatuaren funtzionamenduagatik eta beharrezko prestakuntzagatik.

"Mugikortasuna eta telelana bezalako aukera berriak hedatzean, lehia handiagoa sortu da enpresen artean langile onenak erakartzeko"

Unibertsitatea bukatzean ondo formatuta daude ikasleak?

Nire ustez talentua ondo formatuta dago. Konpetentzia profesionaletara bueltatzen bagara, etorkizuneko enpresak eskaintzen dituzten gaitasunak identifikatzea funtsezkoa da ekonomista berriak lan merkatuan erraz sartzeko, baina aldaketen abiadura hain handia denez, zaila egiten zaigula batzuetan ildo horiek lerrokatzea. Enpresa enplegatzailearen ikuspegitik behar dituzten konpetentziak antzeman dira, eta prestakuntzatik lan egiten ari dira ekonomistak konpetentzia horietara moldatzeko. Baina batzuetan ikusten duguna ez dira unibertsitateari edo formakuntzari dagozkion gauzak, baizik eta pertsonalagoak diren konpetentziak. Erabakiak hartzeko gaitasuna edota konpromiso maila, esaterako.

Atzerrian lehiakorrak dira euskal ekonomialari berriak?

Nire ustez bai. Ekonomiarekin lotutako ikasketak izan dituzten ikasleek oso maila ona dute bai hemen zein atzerrian lan egiteko. Uste dugu arloko profesionalak oso ondo baloratuta daudela eta, gainera, nazioartean esperientzia izateko, unibertsitate programa espezifiko ugari daude gure inguruan.

Kultura finantzarioa. Zelako estrategiak eman daitezke ekonomiaren formakuntza biztanlerian hobetzeko?

Garrantzitsua da, ez soilik ekonomistentzako baita gizarte osoarentzako ere. Mundu guztiak jakin beharko lituzke kultura finantzarioaren inplikazioak. Jakina da sektoreko profesionalen artean badaudela termino batzuk oso profesionalak direla, prestakuntza sakonago bat behar dutenak baina, esaterako, Itun Ekonomikoaren barneko bilketa eta elkartasun mekanismoak nahiko ezezagunak dira jendearentzat. Hortaz, nire ustez garrantzitsua litzateke gizartearen ongizatea helburu duten elementuen inguruko ezagutza sakonagoa izatea.

Itun Ekonomikoa ahotan, autogobernu sistema mantentzeko nahiz indartzeko aurrerapausoak eman behar dira ekonomisten formakuntzan? Hezkuntza egokia dute profesionalek arlo horretan?

Garrantzitsua da Itun Ekonomikoa ezagutarazteko erraztasunak ematea. Horretarako, elkargotik hainbat prestakuntza bultzatu dira. 2017an, Ekonomistak saria Pedro Luis Uriarte Santamariari eman zitzaion bere lanagatik. Gure estrategian badugu ekonomia gizarteari hurbiltzeko ekimen batzuk, eta uste dugu ekonomistetatik haratago zabaldu behar dela finantza kultura, eta hor esan behar dugu Ekonomisten Euskal Elkargoa oso aktiboa dela, daukagun tamaina ikusita, batez ere. Beste prestakuntza batzuekin elkarlanean aritzen gara profil profesional ezberdinen arteko sinergiak aprobetxatzeko eta biztanleei ekonomia hurbiltzeko.