Datorrena datorrela: BPGa gora, azpiko inflazioaren mehatxua eta zerbitzuen indarra 2023an
Laboral Kutxak Hego Euskal Herriko ekonomiaren 2022ko datuak eta 2023ko aurreikuspenak aurkeztu berri ditu
Bihar ekingo dio urteak bigarren seihilekoari. Eta hura hasi atarian aurkeztu dute euskal ekonomiaren txostena Ibon Urgoiti Laboral Kutxako Negozio Garapenerako zuzendariak eta Joseba Madariaga Ikerketa departamentuko zuzendariak. 2022ko behin betiko emaitzak emateaz harago, 2023ko aurreikuspenak ere jaso ditu txostenak ohi bezala, ekonomian datozen hilabeteetan zer espero daitekeen aztertzen duena.
2022ko bilakaera desberdina izan zen lehenengo seihilekoan eta bigarrenean. Urtarriletik ekainera hazkunde-tasa handiak izan ondoren, bigarrenean "moteldu" egin ziren, "energiaren kostu handiengatik eta inflazioagatik", Urgoitik azaldutakoaren arabera. EAEren kasua, baina, apur bat desberdina izan zen, desazelerazioa batez ere hirugarren hiruhilekoan atzeman baitzen, azaroa eta abenduan apurka berreskuratuz. BPGak %4,4 egin zuen gora EAEn, eta Nafarroan %4,3.
Gainontzeko aldagai nagusiak ere bat datoz horrekin: enpleguaren hazkunde tasa %2,3koa izan zen EAEn eta %2,9koa Nafarroan. Era berean, sektore guztietako balio erantsia positiboa izan zen. Inflazioa, berriz, batez bestekoa %5,4an kokatu zen eta %6,4an Nafarroan, batez ere lehen seihilekoko goranzko joera dela eta.
Bigarren seihilekora begirako aurkezpenean, berriz, zifrez harago, bost alderdi gako azpimarratu zituzten Madariagak eta Urgoitik: BPGaren bilakaera, zerbitzuen eta manufakturarena, azpiko inflazioaren mamua, EBZren politikak, eta maileguak. "Uste dut egindako aurreikuspenak zuhurrak direla", plazaratu du Madariagak.
BPGa espero baino hobe
2023rako EAEko BPGa 1,7an kokatzea espero du Laboral Kutxak, eta Nafarroakoa 1,5ekoa. "Datuek nabarmen egin dute gora pasa den abenduan eman genituenetatik", azpimarratu du Urgoitik. Orduan %1,3 eta %1,2ko hazkundea espero zuten, hurrenez hurren. Horri lotuta, enplegu tasa ere egokituko da.
Lan-merkatuari dagokionez ere, "bilakaera on"a izaten ari da: afiliatu kopurua oso positiboa izaten ari da, hilero haziz, udan izan ezik. Are gehiago, pandemia aurreko zifrak hobetu dira: 30.000 afiliatu gehiago izan dira urtarriletik abendura 2019ko epe berean baino. Kontrara, langabe kopuruak behera egin du: 2019an 117.000 izatetik, 109.000 izateraino jaitsi dira. "Une honetan, EAE eta Nafarroako lan merkatuak oso sendo daude, langabezia tasa gutxienekoetan eta zerbitzu sektore indartsu batekin. Hori ez da egun batetik bestera hautsiko".
Joseba Madariaga: "Une honetan, EAE eta Nafarroako lan merkatuak oso sendo daude, langabezia tasa gutxienekoetan eta zerbitzu sektore indartsu batekin. Hori ez da egun batetik bestera hautsiko"
Euroguneko herrialdeen hazkunde espektatibak, aldiz, "nahiko bajuak" dira 2023-2024 biurterako. Alemanian % -0,2 eta %1,1ekoa espero da —atzeraldi teknikoan sartu da—; Frantzian, aldiz, %0,6 eta %0,9koa. Espainiako kasua "esanguratsua" da, %1,9ko tasarekin eta %1,6. Madariagak uste du, dena den, lehenengo zifra hori "bajua" dela, eta %2an kokatu dute eurek aurtengo hazkundea.
Zerbitzuen indarra, manufakturaren ahultasuna
PMI edo erosketa kudeatzailearen indizeak bi faktore neurtzen ditu: manufaktura, eta zerbitzuak. “Maila globalean, dibergentzia handia da bien artean: zerbitzuen indarra, eta manufakturaren ahultasuna". Azken honetan, espektatiba enpresarialen indizeak aditzera ematen du lehen hiruhilekoa ez dela txarra izan, baina apirilean industria ekoizpenak behera egin duela.
Zerbitzu eta industria arteko arrakala nabariagoa da, esaterako, Alemanian: manufaktura indizearen balioa 43,6an dago, alegia, kontrakzioan —50en azpitik—; zerbitzuena 52,4an dago, beraz, zabaltzen. “Zerbitzuen indarra azaltzea nahiko erraza da, sektoreari mesede egiten baitio kontsumitzaileen konfiantzak eta lan-merkatu indartsuak. Baina manufaktura sektorearen ahultasuna zergatik gertatzen ari den azaltzea zailagoa da”, adierazi zuen Madariagak.
Energiaren prezioen beherakadak, hornidura-kateen hobekuntzak eta atzeratutako eskaerak inpaktu positiboa izan beharko lukete. Aldiz, ez da jardueraren igoera nabaria atzeman. Edozein kasutan, Ikerketa departamentuko zuzendariak dio zalantza orain ez dela bien arteko aldea desagertuko ote den edo ez, norabidea baizik. "Manufakturak hobera egingo du ala zerbitzuek egingo dute atzera? Edozein kasutan, dibergentziak mesede egiten dio zerbitzu sektorean indar gehiago dutenen ekonomiei (Espainiakoa kasu)". Horretan, Madariagak ezinbestekotzat jo ditu Next Generation funtsak eraldaketa ekonomikoa bultzatzeko eta hazkunde potentziala handitzeko.
Azpiko inflazioaren mamua
Espainiako inflazioaren azkeneko datua atzo bertan ezagutu zen: %1,9an kokatu da. Madariagaren ustez, baina, benetako kezka azpiko inflazioa da, "espero baino iraunkorragoa izaten ari dena". Une honetan %5,9an kokatzen da Espainian, eta %5,6an Eurogunean. EBZk goranzko berrikuspenak egin ditu: 2023an %5,5ean itxiko du —eta ez %4,6ran, duela zenbait hilabete esan bezala—, eta 2024an eta 2025ean espero baino altuagoa izango da.
"AEBko azpiko inflazioaren datuei erreparatzen badiegu, ikusten dugu 2022tik ia maila konstantean %6aren bueltan kokatu dela", argitu du Madariagak. "Espainian eta Europan asko igo da, %8aren bueltan kokatzeraino. %8tik %5era jaistea errazagoa izan daiteke, baina ez hala %5etik 2ra. Aldagai horrek erakusten du inflazioa nolabait zure gorputzean sartu dela", gaineratu du.
Joseba Madariaga: "[Azpiko inflazioa] %8tik %5era jaistea errazagoa izan daiteke, baina ez hala %5etik 2ra. Aldagai horrek erakusten du inflazioa nolabait zure gorputzean sartu dela"
"Zerbitzu sektore indartsuarekin, azpiko inflazioari tira egiten diona, eta lan merkatua gutxienekoak markatzen ari dena, aukera ugari daude soldaten igoera eta banku zentralak nahi duen inflazio tasa bat ez etortzeko. Horrek berriro ere piztu dezake prezioen eta soldaten arteko espirala".
Dena den, inflazioak behera egiten jarraituko duela aurreikusi dute: EAEn %4ko batez bestekoan kokatu dute 2023an, eta Nafarroan %3,9an. Azpiko inflazioari lotuta, ordea, gauzak ez dituzte hain argi Laboral Kutxakoek. "Espero baino iraunkorragoa izaten ari da". Inflazioaren itzala luzerako iritsi da Madariagaren ustez, eta "erabakiorra" izango da 2023az harago. Horrek "etorkizuneko mugimendu gehigarriak" ekar ditzake EBZren aldetik.
EBZ eta politika monetarioaren erronka
Inflazioa eta batez ere azpiko inflazioa espero baino iraunkorragoa izateak "presioa" sortu du banku zentralengan. Asteartean bertan Sintran eginiko agerraldian, tasaren jaitsiera "oso geldoa" izaten ari dela aitortu zuen Cristine Lagardek, eta uztailerako segurutzat jotzen da tasen beste igoera bat. Madariagak irailean ere tasak igoko dituela aurreikusi du. "2025erako espero den inflazio tasa %2,2koa da. Esanguratsua da hamarren bat igo dela martxoko aurreikuspenetatik. Horrek esan nahi du interes tasen igoera ez dela erritmo berean islatzen ari inflazio datuetan".
Oro har eskaintza gutxitzeko saiakeretan ematen ari diren pausoak “xuabeak” dira Madariagak adierazitakoaren arabera. Horrek inflazioaren beherakada erritmoan eragina du: mantsoagoa da.
Maileguak
EAE eta Nafarroa mailan erdi-hobeto eusten ari zatzaizkiote. Hala ere, harrezkero inpaktua atzematen ari direla nabarmendu du Urgoitik: "batez ere indarrean dauden maileguetan, bai familietan, bai enpresetan. Kreditu operazioen igoera dela eta, aldez aurretik amortizatzeko erabakia hartzen ari dira, aurreko urteetan baino modu nabarmenagoan". Kontsumo kostuetan ere atzematen ari da.
Europako Banku Zentralak argitraraturiko azken txostenaren arabera, familiei eskainitako maileguak guttxitzen ari dira. Europako Banku Zentralaren irakurketatik, %2,5koa eta %4,6koa. Tasen igoerak pentsarazten du hirugarren hiruhilekoan BPGaren gainean politika monetarioak izandako pisua nabarituko dela.