DHL Expressen konponketa zentro nagusia Leipzigen (Alemania) | Argazkia: DHL Express

EKONOMIA

DHL Expressek hegazkinak konpontzeko zentroa irekiko du Gasteizko aireportuan

40 milioi euro inbertituko ditu konponketa espazio bat eraikitzeko eta 50 pertsona ingururi emango die lana

DHL Express España enpresak 40 milioi euro inbertituko ditu Gasteizko aireportuan, hegazkinak konpontzeko gune berri bat sortzeko. Instalazio berria 2027. urtearen erdialderako egongo da prest, eta, hasiera batean, 50 pertsona ingururi emango die lana. Konpainiak azpimarratu duenez, instalazio berri horiek operadorearen estrategia globalaren barruan daude, eta DHL Expressek izango duen bigarren konponketa zentroa izango da. Nagusia Leipzigen (Alemania) dago.

Jesus Sanchez DHL Express Europako Hubs & Gateways elkarteko presidenteorde seniorrak ohar batean adierazi duenez, "oso hunkituta" daude DHLren Europako konponketa zentro berria Gasteizen egongo dela iragarri dutelako, "funtsezkoa izango baita datozen urteetarako gure hegazkinen mantentze-ahalmena bermatzeko, negozioaren aurreikusitako hazkundean oinarrituta".

Espazioa mantentze-lanak egiteko planifikatuta dago, hasiera batean DHL B757 hegazkinentzat edo konpainiako beste modelo batzuentzat. Gune berriak ere bulegoetarako, tresnak biltegiratzeko eremuak eta pieza aeronautikoak aldatzeko ekipo nagusiak izango ditu.

Zentro berria aireportuaren mendebaldean egongo da, DHL Expressek gaur egun martxan duen gunearen ondoan. 19.700 metro karratu baino gehiagoko azalera izango du guztira.

DHL taldeak CO2 emisioak murrizteko konpromisoa duela azaldu du, eta eraikin berria neutroa izango da karbonoari dagokionez. Enpresak 2050ean zero isuri garbi lortzea nahi du. Zentro berri honekin, urtero DHL Expressek CO2 emisio handiak saihestuko dituela jakinarazi du, Europako DHL saretik kanpoko mantentze-instalazioetarako hegaldien kopurua murriztuz.