DKVren egoitza bat | Argazkia: iStock

EKONOMIA

DKV aseguru-etxeak ez ditu Mufaceko funtzionarioak artatuko

Asisa da Mufaceri geratzen zaion aukera bakarra, SegurCaixa Adeslasek ere ezezkoa eman ondoren

Muface mutualitateak 1,5 milioi funtzionario eta senideei, horietatik 40.000 Hego Euskal Herrikoak, ematen die osasun estaldura, edo hala egiten zuen orain arte. Izan ere, DKV aseguru-etxeak erabaki du Espainiako Gobernuaren bigarren lehiaketara ez aurkeztea. Hala erabaki zuen SegurCaixa Adeslasek ere, eta, ondorioz, Asisa da egun funtzionarioei estaldura emateko geratzen den hautagai bakarra.

Hiru aseguru-etxeek 2024ko azaroan jada adierazi zuten, arrazoi ekonomikoak zirela medio, ez zutela 2025-2027 osasun-itunean parte hartuko. Zehazki, azaldu zuten Mufacek eskainitako baldintza ekonomikoak ez zirela bideragarriak aseguru-etxeentzat, baita osasun-kostuak handitu egin zirela ere. DKVkoek adieri dutenez, azken kontzertuan 70 milioi euroko galerak izan zituzten, “zergak kontatu gabe”.

Orain, Asisa aseguru-etxea egoera aztertzen ari da, Mufaceko osasun estaldura osoa bere gain hartu ala ez erabakitzeko. Lehenengo deialdian enpresa batek ere ez izena eman arren, Asisak bigarren lehiaketara ez aurkeztea erabakitzen badu baliteke hirugarren eskaintza egotea. Konponbiderik egon ezean, funtzionarioak osasun publikora jo beharko dutela adierazi zuen Espainiako Gobernuak.