Durangoko azokak “aurrera begira lanean jarraitzeko bultzada” jaso du
Antolatzaileek positiboki baloratu dute azken edizioa, “jendearen babesa” eskuratu baitute
Durangoko azokaren antolatzaileek 59. edizioaren balorazioa egin dute. Lau eguneko jardunaldiaren ondoren, adierazi dute “jendearen babesa” eta “aurrera begira lanean jarraitzeko bultzada” jaso dutela. Hala, positiboki baloratu dute azken edizioa, “euskal kulturaren erakusleiho handia izan baita beste urte batez”.
Aldi berean, antolatzaileek erronka bat identifikatu dute: haien ustetan, euskal kulturgintza “praktikara eramateko” guneak ugaritu egin beharko lirateke, “euskal kulturgintzak ohiko hartzaile gehiago” izango lituzkeelako urte osoan zehar.
Gazteek ere izan dute egitasmoez disfrutatzeko parada. Azaldu dutenez, lehenengo egunean Euskal Herriko milaka ikasle gerturatu ziren azokara, 100 bat autobusetan eta bestelako garraioen bidez. Bigarren egunean, euskal kulturaren transmisioan eragitea helburu izanik, gazteei bideratutako egitasmoetan murgildu ziren bisitariak.
Talaia, Ahotsenea, Irudienea, Kabia, Saguganbara, Szenatokia… hainbat eta hainbat ekitaldi egin dira lau egunetan zehar. Ahotsenean, “literaturak aurten Landako kanpoan izan duen kokaleku berrian”, emakume asko izan direla nabarmendu dute antolatzaileek, bai aurkezten zein entzuten. Irudienea ikus-entzunezkoen gunean sarri edukiera bete dela gaineratu dute, adin ugaritako ikus-entzuleekin. Kabia izeneko eremu digitalean adimen artifizialaren gainean egin izan diren gogoetak aipatu dituzte, esaterako, “AAk kulturan izan ditzakeen aukerez eta arriskuez jardun zuten solasaldi batean”.
Azkenik, azokako arduradunek eskerrak eman nahi izan dizkiete azokara gerturatu diren pertsonei, batik bat, ilarak egin behar izateagatik. “Jakitun gara kultura zale askorentzat ez dela bisita erosoa izan” azaldu dute, eta “hurrengo edizioetan irtenbideak aurkitzen saiatuko” direla ere gaineratu dute.