EAEko esportazioak %2,2 apaldu dira irailean
Energia produktuen esportazioak %32,2 egin dute behera
Eustaten arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako ondasunen esportazioak (2.787 milioi euro) %2,2 jaitsi dira irailean, iazko epe berarekin alderatuz gero. Energia produktuak izan dira jaitsiera horren erantzule nagusiak, %32,2 apaldu baitira epe berean, eta energia ez diren gainerako produktuen esportazioak igo egin dira (%0,4).
Inportazioei dagokionez, 2.268 milioi eurokoak izan dira, eta %9,7 egin dute behera irailean, 2022ko epe berarekin erkatuta. Energia produktuek %12,8ko beherakada izan dute, eta gainerakoek %8,5ekoa.
Merkataritza saldoa, hau da, esportazio eta inportazioen arteko diferentzia positiboa izan da irailean, 518,9 milioi eurokoa hain zuzen.
Lurraldeka aztertuz gero, Bizkaia da esportazioetan behera nabarmen egin duena, %10,7ko jaitsiera izan baitute. Araban eta Gipuzkoan, aldiz, gora egin dute, %2,2 eta %4,6 hurrenez hurren.