Argazkia: iStock

EKONOMIA

EAEko familien batez besteko gastua 36.331 eurokoa izan da 2023an, iaz baino %4 gehiago

Etxe bakoitzeko batez besteko gastuek aisia eta kulturan izan dute igoerarik handiena 2023an, %21,6ko hazkundearekin 2022ko datuen aldean

Iazko urtean, 2022an baino diru gehiago xahutu dute EAEko familiek. Eustatek kaleratu duen familia gastuaren inkestaren arabera, etxe bakoitzeko batez besteko gastua 36.331 eurokoa izan da 2023an, 2022aren aldean %4 handiagoa. Dirua non gastatu den ikusita, nabarmentzekoa da aisian eta kulturara bideratutako dirua, izan ere, pertsonako batez besteko gastua %4,5 hazi da, guztira 15.570 euro.

Gastu-taldeen arabera, etxe bakoitzeko batez besteko gastuen bilakaera goranzkoa izan da 12 taldeetatik 8tan. Etxe bakoitzeko batez besteko gastuek aisia eta kulturan izan dute igoerarik handiena 2023an, %21,6ko hazkundearekin 2022ko datuen aldean; horrek esan nahi du etxe bakoitzeko batez besteko gastua 1.745 eurokoa izan dela urtean.

Hazkunderik handiena izan duen etxe bakoitzeko batez besteko gastuaren bigarren talde handiena bestelako ondasunak eta zerbitzuak (%8,4) izan da; ondoren dator jatetxeak eta hotelak (% 6,2) urtean zehar etxe bakoitzean 4.088 euroko batez besteko gastuarekin.

Kontsumoari dagokionez, etxebizitza, ura, elektrizitatea, gasa eta bestelako erregaietan egin dute EAEko etxeetan gasturik handiena, gastuaren herena baino gehiago suposatuz (%35,4), hau da, etxe bakoitzeko 12.849 euro urtean 2023an. Hala eta guztiz ere, nabarmentzekoa da 2023an etxe bakoitzeko batez besteko gastua  8,8 jaitsi dela energia-fakturan. Orotara, EAEko etxebizitzen kontsumoan egindako guztizko gastua 34.272 milioi eurora iritsi da 2023an, hau da, 2022an baino %5 gehiago.

Lurraldeka, Bizkaian egin dira gastu handienak, %51,9. Guztira 36.491 euro gastatu ditu familia bizkaitar bakoitzak. Gipuzkoarrek gastu guztiaren %31,6 ordezkatzen dute, urteko 36.066 euroko batez besteko gastuarekin etxe bakoitzeko. Arabarrek, aldiz, gastuen %15,5 dira, baina gipuzkoarrek baino gehiago gastatu dute, 36.330 euro.

Etxeko diru-sarreren iturri nagusiari dagokionez, iturri nagusia norberaren lanetik eratorritakoa da eta ondoren bigarren etxebizitza batetik jasotako errenta, guztira urtean 45.245 eurorekin.