Argazkia: iStock

EKONOMIA

EAEko landetxeetako sarrerak %2,5 handitu dira uztailean

Araban izan da igoera nabarmenena, izan ere, %16,7 igo da bisitari kopurua, iazko hilabete beraren aldean

Eustatek eskainitako azken datuen arabera, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako landetxeetako sarrerak %2,5 handitu dira uztailean, iazko epe berarekin alderatuta. Gaualdi kopuruak ere gora egin du, baina modu apalagoan (%0,2). Guztira, 24.041 bisitari izan dira pasa den hilabetetan, eta 73.311 gaualdi pasa dituzte.

Lurraldeka, Araban izan da igoera nabarmenena, izan ere, %16,7 igo dira sarrerak, iazko hilabete beraren aldean. Gipuzkoan hazkundea %3,2koa izan da, eta Bizkaian, aldiz, %4,9 murriztu da bisitari kopurua.

Landetxeetako batez besteko egonaldia 3,05 egunekoa izan da, 2023ko uztailean baino zertxobait laburragoa, orduan 3,12 egunekoa izan baitzen. Halaber, betetze mailak gora egin du urtetik urtera. Plazei dagokioneez, 0,6 puntu egin du gora, eta logela kopurua kontuan hartuz 1,3 puntu. Hala, betetze maila %50,7koa izan da plazen arabera eta %56koa logelen arabera.

Apartamentu turistikoei dagokienez, 2024ko uztailean 26.778 sarrera izan dira guztira, eta horren ondorioz, 79.955 ostatu-gau izan dira. Zifra horiek aurreko urteko uztailean zenbatutakoarekin alderatuta, %9,6 igo dira sarrerak eta %9,4 gaualdiak.

EAEko apartamentu turistikoen batez besteko egonaldia 2,99 egunekoa izan da uztailean, orain urtebete neurtutakoaren iraupen bera.