EAEko ordezkari politikoen %97,1k babesten du egungo Ekonomia Ituna
Gernikako Estatutua %42,7k babesten du, Espainiako Estatuko Konstituzioa %24,5k eta Lurralde Historikoen Legea %48,3k, Ituna Zentroaren arabera
Ekonomia Itunaren eta Foru Ogasunen Ikerketarako Agiritegiak Itunaren eta autogobernuari buruzko inkesta egin die EAEko ordezkari politikoei. Zehazki, Eusko Legebiltzarreko eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako lurralde historikoetako Batzar Nagusietako ordezkarien artean egin da inkesta, eta ondorioztatu dute Ekonomia Ituna indarrean mantentzearen alde daudela agintarien %97,4.
Ituna zentroko Jon Garro, Asier Blas eta Mikel Erkorekak burutu dute azterlana, eta azaroaren 14an aurkeztuko dute osorik, Bilboko Bizkaia Aretoan egingo den XIII. Ituna Jardunaldian.
Itunarekiko babes hori “transbertsala” dela diote aztertzaileek, izan ere, hiru lurralde historikoetan ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek babestu dute, VOXek izan ezik. EAJko, EH Bilduko, PPko eta Elkarrekin Podemoseko karguen %100 egungo foru zerga sistemaren jarraipenaren alde agertu dira; %96,3 PSE-EEren kasuan.
Ekonomia Itunak babes handiagoa jasotzen du EAEko egungo sistema politiko eta instituzionala arautzen duten gainerako egitura-arauekin alderatuta. Gernikako Estatutua %42,7k babesten du, Espainiako Estatuko Konstituzioa %24,5k eta Lurralde Historikoen Legea %48,3k.
Dena den, ordezkari publikoen %67,1k nahiago luke EAEk autonomia fiskal gehiago izango balu. Ekonomia Itunaren egungo sistemaren aldaketa hipotetiko baten aurrean, %51,7k eskumen fiskal gehienak foru-administrazioaren kontrolpean mantentzea nahiko lukete, %45,5ek, aldiz, eredua aldatu eta eskumen gehiago emango liokete Eusko Jaurlaritzari.