Argazkia: EBZ

EKONOMIA

EBZ tasak bigarrenez jaisteko prest

Aldagai ekonomikoak lagunduta, Lagardek tasak % 4ean utziko ditu gaurko bileran, puntu laurdena jaitsita

Asteko hitzordu ekonomiko nabarmenetakoa behar zuen gaurko bilerak, baina Trump eta Harrisen arteko eztabaidak eta Mario Draghik Europako lehiakortasunari buruz egindako txostenak itzala egin diote. AEBetako hauteskunde kanpainak munduko lehen ekonomiaren nondik norakoa baldintzatu dezake, nazioarteko merkataritzan zuzen-zuzenean eraginez. Horregatik, hain zuzen, merkatuek adi erreparatu diote eztabaidari. Europan, aldiz, EBZko lehendakari izandakoak lehiakortasunaren inguruan egindako txosten zabalak kezka eta zalantza piztu du. Kontinente zaharraren ekonomiaren hondamendi industrialaz ohartarazi du Draghik, eta inbertsioaren beharra aipatu du, mutualizatutako zorraren jaulkipenaren aukera mahai gainean jarriz. Politikari italiarraren hitzek eztabaida ekarri dute, Europan hainbatetan ikusi dugun jarrera zorrotza duten estatuen (belatzak) eta malguen (usoak) arteko banaketa sortuz.

Informazio gehiago Draghi txostenaren funtsezko lau puntu: Europak badu bide-orri bat

Gaurko EBZren bileran, ordea, lasaitasuna nagusi izatea espero da. Prezioen gorakadak eragin zuen Frankfurtek moneta politika zorroztea, tasak igoz. Lagardek behin eta berriro heldu dio inflazioa menderatu arte tasa altuak mantentzeko helburuari, ekonomiak eutsi bitartean. Hala, 2022ko uztailean ekin zion EBZk tasak igotzeari, tasak %0,50ean kokatuta. Igoera malkartsua izan zen oso, 14 hilabetetan diruaren prezioa %4,50era helduta.

Merkatuan adostasun handia dago gaurko erabakiaz. Euroguneko azken inflazio datua, abuztukoa, %2,2an kokatu da, Lagardek zuzentzen duen erakundeak xede duen %2ra hurbilduz. Ikusteko dago presidenteak bileraren osteko prentsaurrekoan informazio gehigarririk ematen duen bere hitzak xehe aztertu behar direlako, baina litekeena da hurrengo hilabeteetan inflazioak apaltzen jarraitzen badu, jaitsiera gehiago erabakitzeko adostasuna erraz lortzea EBZ barruan bizi diren bi jarreren artean, belatzena eta usoena. Halere, ez da espero euforia kutsuko adierazpenik entzutea.

Hurrengo bileretan hartuko dituzten erabakien abiadura, hori bai, belatz eta usoen arteko talkaren araberakoa izango da

Hurrengo urratsak Europako ekonomiaren bilakaerak baldintzatuko ditu. Alemaniak, Europakoa ekonomiaren motorrak, ozta-ozta saihestu zuen 2023an atzeraldia eta 2024ean herrenka jarraitzen du. Europako industriak ahul jarraitzen duen bitartean zerbitzuen alorrak eutsi dio hazkundeari, estatuen artean alde nabariak eraginez. Horregatik hiru hiletik behin EBZk egiten dituen aurreikuspenak gako izango dira moneta politikari buruzko erabakiak hartzeko. Urrian bilduko da berriz ere EBZ moneta politikaz hausnartzeko, eta bertan erabakitakoak lagunduko du hurrengo urratsak argitzen.

Usoak eta belatzak

26 kidek osatzen dute Europako Banku Zentralaren Gobernu Kontseilua: EBZren sei kidek, eta euroguneko 20 estatuetako banku zentralen buruek, tartean François Villeroy de Galhau Frantziako Bankuko gobernadoreak eta Jose Luis Escrivá Espainiakoak, azken hori izendatu berri.

Orekaren bila aritzen dira Gobernu Kontseiluko kideak bileraz bilera. Belatzen eta usoen arteko oreka joko horretan, jarrera zorrotzagoen aldekoek nagusi izaten jarraitzen dute, Isabel Schnabel EBZko Batzorde Exekutiboko kide alemaniarra buru dutelarik. Schnabel EBZko kideez gain, banku zentraletako gobernadore asko lerratzen dira belatzekin, Alemania eta Herbehereak kide boteretsuenak izaki.

26 kidek osatzen dute Europako Banku Zentralaren Gobernu Kontseilua: EBZren sei kidek, eta euroguneko 20 estatuetako banku zentralen buruek

Usoen artean, aldiz, Villeroy de Galhau frantziarra izenik ezagunenetarikoa da. Bederatzi urte daramatza Frantziako Bankuko buruak EBZko bileretan parte hartzen, eta malgutasunaren alde aritu da kasurik gehienetan. Italiak, Portugalek, Greziak, Maltak eta Espainiak ere usoen ikuspegiarekin bat egiten dute, tasa baxuen aldeko jarrerarekin. Luis de Guindos ere, egungo EBZren presidenteordea, usoen taldean sartzen dute askok.

Gaurko bileran, halere, usoak gailentzea espero da, tasak puntu laurden bat jaitsita. Jaitsiera horrek segida izango duen eta, batez ere, diruaren prezio ofiziala nola eta zenbat jaitsiko den ikusteko dago. Hurrengo bileretan adostu beharreko kontua da eta, horretan bai, mezu kontrajarriak entzun ditugu azken egunetan.

Escriváren lehen bilera

Moneta politikari buruzko erabakiaz gain, gaurko bilerak badu beste nobedade garrantzi bat: Espainiako Bankuko gobernadore izendatu berri duten Escriváren parte hartzea. Ohi ez bezala, Espainiako Gobernuak ez du bere izendapena oposizioarekin adostu, eta PP aurka agertu da. Ibilbide profesional sendoa du Escrivák ekonomiaren alorrean, baina gobernutik Espainiako Bankura zuzenean jauzi egiteak zalantza ugari sortu ditu.

Asteartean jakin genuen Escriváren bigarrena nor izango den. Soledad Núñez Espainiako Bankuaren gobernadore ordea izango da. Bankuaren barruan ibilbide luzea badu ere, Jose Luis Rodriguez Zapateroren gobernuetan kargu garrantzitsuak bete zituenez, oposizioko alderdiek ez dute begi onez ikusi izendapen hori ere, liskar politikoan sakonduta.

Ikusteko dago Escrivá nola arituko den EZBren joko zelai berrian, baina litekeena da Villeroy de Galahauren taldean lerrokatzea erabakiei jarrera malguaz ekinez

Ikusteko dago Escrivá nola arituko den EZBren joko zelai berrian, baina litekeena da Villeroy de Galahauren taldean lerrokatzea erabakiei jarrera malguaz ekinez. Astebete baino ez darama Escrivák kargu berrian eta ez da espero gaurko bileran sakonki parte hartzea. Bileraren bezperan Gobernu Kontseiluko kideek egiten ohi duten afaria baliatu du Escrivák beste gobernadoreekin lehen hartu emana izateko.

Escrivárena, baina, ez da epe laburrean egongo den aldaketa bakarra. Datorren urtean bukatzen da Robert Holzmannen agintea Austriako Bankuan. Holzmann Austriako ultraeskuinak izendatu zuen gobernadore bezala eta belatzen taldeko kide sutsua izan da. Ikusteko dago den bere ordezkoa, baina litekeena da jarrera ortodoxoaren aldekoa izatea. Portugal, Malta, Herbehereak, Eslovenia eta Finlandian ere aldaketak egon daitezke hurrengo urtean, baina ez da espero EBZren orekari eragingo diotenik.

Euriborra, maldan behera

Christine Lagardek hartuko dituen erabakiak aurreikusteko termometro ona izaten da euriborra, banku arteko merkatuaren erreferentziazko tasa. Euroguneko banku nagusiek elkarri dirua zein preziotan mailegatzen diote islatzen du, eta egunero kalkulatzen da. Urteko minimoetan itxi zuen atzo urtebeterako euriborrak, %2,960n.

Tasa aldakorreko hipoteka mailegua dutenek tentuz begiratzen duten datua da. Ohikoena da urtebeterako euriborra izatea maileguen erreferentzia, baina zenbait kasutan, enpresetan nagusiki, sei hilabetekoa hartzen da aintzat. Egunez egun aldatzen bada ere, mailegu askok hilabete bakoitzeko batez besteko euriborra erabiltzen dute. Hala, gaur-gaurkoz, iraileko urtebeterako euriborraren batezbestekoa %3,034koa da, baina hilabete osoaren batezbestekoa %2,988 inguruan bukatzea espero da. Abiadura bizian egin du beheraeuriborrak azken hilabeteotan. Izan ere, 2023ko urrian jo zuen goia erreferentziazko tasak, %4,16ko batez bestekora helduta.

Gaur-gaurkoz, iraileko urtebeterako euriborraren batezbestekoa %3,034koa da, baina hilabete osoaren batezbestekoa %2,988 inguruan bukatzea espero da

Banku arteko merkatuan, urtebeterako tasaz gain, bi urterakoa ere negoziatzen da. Hau da, hamabi hilabete barru urtebeterako tasa zenbaten egongo den, eta datu oso baliagarria da tasak nola mugituko diren antzemateko. %2,456ean itxi zuen atzo bi urterako banku arteko tasak. Analista gehienen estimazioekin bat dator tasa hori, eta badira 2025ean euriborrak %2ren inguruan bukatuko duela dioten ekonomialari asko.

Euriborraz gain, bada interes tasen bilakaerarekin bat datorren beste aldagai bat, Altxor Letren errentagarritasuna. Interes tasa altuko garaian ezohiko ilara luzeak ikusi genituen Espainiako Bankuaren bulegoetan. Banku tradizionalek aurrezkiengatik ordaindu ez eta %3,5tik gorako errentagarritasuna eskaintzen zuten Altxor Letren bila aritu ziren inbertitzaile franko. Gainbeheran dabil letren errentagarritasuna azken hilabeteotan. Hiru hilerako letren enkantea burutu zuen atzo Espainiako Bankuak, %2,82ko interesa eskainiz. Ea 40 puntu jaitsi da errentagarritasuna abuztuko azken enkantearekin alderatuta. Honetan ere, moneta politikaren ildo berriak isla nabaria izan du.