Lagarde, atzoko agerraldian | Argazkia: EBZ

EKONOMIA

EBZren bilera: tasak jaisteko presarik ez

Tasak % 4,5ean utzi ditu Christine Lagardek eta 2024rako tasen jaitsiera iradokitu du baina ez du argitu noizko. Inflazioa espero baino azkarrago jaitsiko da, baina hazkunde ekonomikoa ere motela izango da

Ohikoa da Europako Banku Zentralaren bilerek jakinmin handia sortzea. Atzoko gakoa ez zen hartu beharreko erabakia, tasak mantentzearen inguruko adostasun zabala zegoelako. Merkatuek xehe aztertu zituzten Lagarden hitzak Frankfurtek beherazko bideari noiz ekingo dion jakiteko. Alferrik izan zen, inongo pistarik ez zuen eman eta.

AEBko Erreserba Federalaren eta Ingalaterrako Bankuaren bileren ostean bildu zen EBZ. Jerome Powellek zuzentzen duen erakundeak tasak % 5,5ean mantendu zituen, azken hamarkadetako mailarik altuenean, baina hurrengo urterako hiru jaitsiera iragarri zuen, % 0,75 guztira.

Jerome Powellek zuzentzen duen erakundeak (Fed) tasak % 5,5ean mantendu zituen, azken hamarkadetako mailarik altuenean, baina hurrengo urterako hiru jaitsiera iragarri zuen, % 0,75 guztira. Ingalaterrako Bankuaren kasuan, ordea, mezua bestelakoa izan da

Ingalaterrako Bankuaren kasuan, ordea, mezua bestelakoa izan da. Moneta Politikako Batzordeak tasak mantentzea erabaki du,
baina batzordearen baitan tasak igotzearen aldeko jarrerak ere izan dira. Inflazioa menderatzeko “oraindik bidea” badela adierazi du banku zentralak, eta ez du tasak jaisteko zirrikiturik utzi.

AEB eta Erresuma Batuko egoerak zeharo desberdinak dira, eta horrek baldintzatu du bi banku zentralen erabakia. Estatu Batuetan langabezia datuari ematen diote garrantzi gehien, eta azaroan 200.000 lanpostu berri sortu dira. Hiru urte inguru daramaten AEBn enplegua sortzen eta langabezia minimoetan dago. Inflazioari ere erreparatzen dio Erreserba Federalak moneta politika zehazteko eta, azaroan behera egin bazuen ere, oraindik % 3tik gora jarraitzen du. Aurreikuspenak, halere, onak dira. Inflazio aurreikuspena zertxobait hobetu du banku zentralak hurrengo urteetarako, eta horrek tasak jaisteko bidea erraztu du.

Lagarde , zuhur

Atzo Europako Banku Zentralaren ordua izan zen, eta gakoa bileraren osteko Christine Lagarderen hitzak xehe aztertzea zen. Espero bezala Frankfurteko erakundeak ez zituen tasak ukitu, diruaren prezioaren erreferentzia nagusia % 4,5ean utzita. Atseden berri horrek urriko bileran tasen igoeraren galgari segida ematen dio, hamar igoera eta gero.

Inflazioaren kontrola izan da EBZren xede nagusia bere sorreratik. % 2ko langaren marra gorria izan zuen hasiera batean ardatz, baina azken urtean % 2aren inguruan kokatzea, goitik bada ere, ontzat ere eman du. Pandemiaren osteko kontsumoaren oldarraldiak eta, batez ere, Ukrainako gerrak aspaldi ikusi gabeko mailara eraman zuen euroguneko inflazioa 2022ko urrian: % 10,6. Prezioen gorakadak alarma guztiak piztu zituen Frankfurten, eta inoiz ezagutu gabeko tasen gorakadarik malkartsuena burutu zuen EBZk.

Azaroko euroguneko inflazio datuak nabarmen egin du behera, eta horrek banku zentralak tasak jaistearen aukera hauspotu zuen. Atzoko agerraldian, baina, Lagardek ez zuen horri buruzko argi izpirik eman

Inflazioa menderatu arte moneta politika zorroztuko zuela agindu zuen Lagardek, ekonomiak eusten zuen bitartean. Ekonomia hoztea zuten helburu haren politikek, modu horretan prezioak menderatuz. Azaroko euroguneko inflazio datuak nabarmen egin du behera, eta horrek banku zentralak tasak jaistearen aukera hauspotu zuen. Atzoko agerraldian, baina, Lagardek ez zuen horri buruzko argi izpirik eman.

2024an inflazioaren jaitsiera nabarmenagoa

Balizko jaitsierari buruzko informaziorik ez, baina banku zentralak igoera gehiagori atea itxiko ziola aditzera eman zuen atzo, batez ere inflazioa eta hazkunde ekonomikoari buruzko aurreikuspenak ikusita.

Hurengo urterako prebisio ekonomikoak berrikusi zituen EBZk, inflazioa espero baino biziago jaitsita. Kaleratutako komunikatuan jasotzen denez, banku zentralak espero du, “eurosistemako adituen proiekzioen arabera, euroguneko inflazioa datorren urtean pixkanaka jaistea eta 2025ean Gobernu Kontseiluaren % 2ko helburura hurbiltzea”.

Kezkarako zantzua ere aditzera eman zuen Lagardek eta “etxeko inflazioarekin gertatzen ari dena hobeto ulertu behar dutela” azaldu zuen, “batez ere soldatekin lotutakoa”

Hazkundearen aurreikuspenak ere berrikusi ditu EBZk, okerrera kasu horretan. 2023an euroguneko ekonomia espero baino hamarreko bat gutxiago handituko da, % 0,6, eta 2024ean % 0,8, orain arteko prebisioetan baino hamarreko bi gutxiago. EBZk moneta politika zorrozteak ekonomia hazkundean izandako eragina onartu du. “Finantzaketarako baldintzak gogortzeak eskaria moteldu duela” nabarmendu zuen banku zentralak atzoko komunikatuan, eta horrek inflazioa menderatzen lagundu duela. Hazkunderen ahultzeak, baina, atzeraldi arriskurik ez duela ekarriko nabarmendu nahi izan zuen.

Inflazio kontrolpean izateak eta atzeraldi arriskua uxatzeak tasen jaitsierari ateak irekitzea espero zuten merkatuek, baina Lagardek atzo argi azaldu zuen “jaitsiera ez zela atzoko bileran aztertu”. Kezkarako zantzua ere aditzera eman zuen Lagardek eta “etxeko inflazioarekin gertatzen ari dena hobeto ulertu behar dutela” azaldu zuen, “batez ere soldatekin lotutakoa”.