Jaiak
Edozein herriko jaixetan, txosnak bai ala bai
Ospakizunetarako azpiegitura zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresek ikusminez eta aldi berean kezkaz bizi dute udako festen itzulera
Azken bi urtetako mota guztietako ospakizunen etenaren ondoren, hemen dira berriz ere udako santu guztiak ospatzen dituzten auzo, herri eta hirien festetako pregoiak, txupinazoak, dianak, bermutak, bazkalosteak, poteoak, kalejirak eta gaueko irteerak. Gogotsu gaude kalera irten, eta berriz ere betiko giroa, lagunak eta parrandak berreskuratzeko. Festetatik bizi diren enpresa eta langileak lehenetarikoak izan dira pandemia garaian euren aktibitatea eteten, eta azkenak, berriz ere lanean hasten. Gogorra izan da sektore honentzat azken urtetako parentesia: langabezia, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak (ABEEak), ezjakintasuna. Enpresa asko bidean geratu dira, eta esfortzu handiz aurrera jarraitzea lortu dutenak galdutakoa berreskuratzeko lanean ari dira ilusioz, jo eta su, kasu askotan iritsi ezinik, eta sarritan eskaerak ezin onartuta.
Edozein herriko festetan ezinbestekoak dira azpiegiturak: txosnak, oholtzak, aulkiak, mahaiak, karpak, komunak... Jai-Kit Muntaketak enpresako lagunek asko dakite gaiari buruz, hamazazpi urteko esperientzia baitute auzoz auzo, hiriz hiri, ezaugarri eta tamaina guztietako festetarako txosnak prestatzen. Gainera, Berrizen kokatuta dagoen enpresa honek eszenatokiak, karpak eta tarimak alokatu eta muntatzen ditu. 2005ean, Jai-Kit sortu zenean, hamahiru bat laguneko taldea zuen, eta egun hamar langile ditu. Begoña Reta arduradunak adierazi du euren bezero nagusiak udaletxeak, jai batzordeak, eta kultur eta kirol elkarteak direla. “Gurekin gehien lan egiten duten herriak Getxo, Santurtzi, Oñati eta Bergara dira. Normalean bizpahiru hilabete lehenago jartzen dira gurekin harremanetan, jaiak antolatzen hasten direnenean, baina denetik dago; bada festak hasi baino egun batzuk lehenago guregana jotzen duena azken orduko eskaerak egitera”, azaldu du.
Aurreikuspenei erantzuna emateko gaitasunik bai?
Osasun krisiak oso gogor jo du festen antolaketarekin zerikusia duten aktibitateen jarduna. “Guk ere, ospakizunetan lan egiten dugun gehienok bezala, oso gaizki pasa dugu azken bi urteetan. Maileguak, ABEEak... enpresaren etorkizuna kinka larrian egon da, eta egoera luzatu izan balitz orain denak etxean izango ginateke segur aski. Baina eutsi diogu, eta aurtengo urtea erabakigarria izango da gure sektorearentzat”, gehitu du Retak. Helburua, 2019ko zifrak berreskuratzea da. “COVID-19a iritsi arte, guk uda batean 120 bat herriren enkarguak jaso izan ditugu, eta guztira, 200 bat txosna jarri ditugu Euskal Herriko herri eta hirietan”, azpimarratu du.
Begoña Reta: “Uda batean 120 bat herriren enkarguak jaso izan ditugu, eta guztira, 200 bat txosna jarri ditugu Euskal Herriko herri eta hiri ezberdinetan”
Urtea ikusmin handiz hasi dute, asko baitzegoen jokoan: enpresaren jardunarekin aurrera jarraitu ala ez. Topagune Feminista eta Abadiñoko Matiena auzoko San Prudentzio festak izan dira lehenik ate joka etorri zaizkienak, eta hortik aurrera, uda osorako eskaera andana atzetik. Hala ere, jaietan galdutako denbora bat-batean berreskuratzeko nahia bere ondorioak izaten ari da: eskaera guztiei erantzun emateko arazoak izango dira kasu askotan. “Berez oso aurreikuspen onak ditugu uda honetarako. Jendea festa gogoz dago, eta herrietako antolatzaileak dirua barra-barra gastatzeko prest daude ilusio horri erantzuna emateko. Kontua da epe mugatu batean etortzen zaizkigula eskaera guztiak, asko data berdinetan: Karmengo Ama, sanjoanak, sanignazioak… eta zaila da herri guztietara iristea. Gaindituta gaude, kasu askotan ezezkoa ematen ari gara”, azaldu du kezkaz Retak.
Lantaldearen enborrari eusten
Hernanin egoitza duen Aulkik 25 urte baino gehiago daramatza edozein ekitaldi antolatzeko behar diren zerbitzuak, azpiegiturak eta bestelako baliabideak eskaintzen. Enpresa 1994an sortu zen Donostian, eta ordutik, ekitaldien antolaketekin zerikusia duten sektore guztietan egiten du lan: batzarrak, azokak, jardunaldiak, erakusketak, jaiak, bazkari herrikoiak, kontzertuak eta abar. Gaur egun hemezortzi lagunek osatzen dute lantaldea. Hasiera batean herri ekimen eta jaietan zegoen aulki eta mahaien beharrak asetzeko sortu bazen ere, ondorengo urteetan azpiegitura berriak eskaintzera egin du bilakaera, hala nola karpak edo oholtzak.
Aulkiko lagunek ere jasan dituzte azken bi urteetako etenaren ondorioak: “Askotariko baliabide behar izan ditugu ez ohiko bi urte hauei aurre egiteko. Lantaldearen enborrari eutsi diogu. Birkokapenekin eta aldi-baterako erregulazioekin, eta batez ere taldeko lankide guztien konpromiso maila altu batekin lortu dugu aurrera egitea”, kontatu du Mikel Aznar arduradunak. Udaren atarian etorri da haientzat ere aldaketa: “Martxo bukaeran oraindik geldirik geunden eta ez genekien zein izango zen aurtengo denboraldiaren joera, baina apiriletik aurrera, oso denbora gutxian, lan izugarria sortu zaigu. Beste edozein urte arruntetan izan ohi dena baino gehiago, esango nuke. Ohikoak diren bezeroen aldetik, baina baita lehenengoz gure zerbitzuak eskatzen dituztenengandik ere. Eta horrek indar handia ematen digu”.
Mikel Aznar: “Apiriletik aurrera, oso denbora gutxian, lan izugarria sortu zaigu. Beste edozein urte arruntetan izan ohi dena baina gehiago”
Abiadura honetan jarraituz gero, 2019ko negozio zifrak berreskuratu eta gainditzea espero dute Aulkiko lagunek. Joera baikorra, zalantzarik gabe, baina kasu honetan ere gainezka egiteko beldurrez bizi dute egoera: “Hazkunde hau guretzat pozgarria den bezala, zenbait kasutan zaila izaten ari zaigu eskaera guztiei baiezkoa ematea. Erantzukizun handiz bizi dugu une berezi hau. Ikusteke dago, aurtengoaren ondoren zein izango den irekiko den fase berriko dinamika. Baina espero dezagun gure herri honek beti bezain bizirik jarraitzea”, amaitu du Aznarrek.