Ituna
Edriga Aranburu: "Ikuspegi judizial batetik, orain hogei urte baino hobeto dago Ekonomia Ituna"
2024ra begira, pandemia garaian malgutu ziren zor eta defizit helburuak mantendu beharko liratekeela uste du Aranburuk. Aurrekontu egonkortasuna eta finantza iraunkotasunaren printzipioei dagokienez, euskal foru ogasunen berezitasunak aintzat hartu behar direla ere gogorarazi du
Bihar, urriaren 31ean, egingo den XII. Ituna Jardunaldian parte hartuko du Edriga Aranburuk. Deustoko Unibertsiteko ikerlaria eta zerga zuzenbideko irakaslea da Aranburu, eta hainbat ikerketa nahiz artikulu egin ditu zerga sistema eta Ekonomia Itunaren inguruan. Itunaren egungo egoera aztertuko dute kongresuan, Ekonomia Itunaren Ikerketa Agiritegiak eta foru ogasunek antolatuta, Ad Concordiamekin batera. Egungo testuinguru ekonomikoa kontuan hartuko dute horretarako, eta ikerlariak Europako Batasunetik eratorritako aurrekontu egonkortasuna eta finantza iraunkortasunaren printzipioa izango du mintzagai. Izan ere, pandemiaren garaian zenbait zerga neurri malgutu zituen Europak, baina behin krisi hori igarota, ikusteke dago zein izango den hurrengo urteetako bilakaera, betiere nazioarteko ekonomia ziurgabetasun egoera batean aurkitzen dela aintzat harturik.
Bihar XII. Ituna jardunaldian foru ogasunek finantza autonomia arloan duten egoera aztertuko da. Pandemian euskal administrazio guztien defizit eta zor helburuak handitzea adostu zuen Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak, baina pandemia gaindituta, Europako Batasunak erreforma berri bat egingo duela dirudi. Nola ikusten duzu zuk egungo egoera?
Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak pandemia garaian hartutako erabakia, aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren printzipioaren baitan, mugarria izan zen. Printzipio horrek, testuinguru pixka bat ematearren, 2011n, Espainiako Konstituzioaren 135. artikuluaren eraldaketaren bitartez hartu zuen indarra. Momentu horretan Espainia finantza krisi handi batean zegoen, eta estatuan ez esku-hartzeko aldatu zen konstituzioa. Irizpide gogorrago batzuk jarri ziren, batez ere, administrazio publikoek zorra egiteko ordura arte zeukaten gaitasunean, eta baita defizitean ere. 135. artikuluak dio tokiko erakundeek, egonkortasun printzipioaren barnean, ezin dutela defizitik izan eta ezin direla zorpetu. Tokiko erakunde horien barnean sartzen ziren gure lurralde historikoak, artikuluak ez baitu inolako aipamenik egiten foru erakundeen inguruan.
Zer eragin du honek euskal foru ogasunetan?
Gaitasun hori ez izateak eragina du egunerokotasunean. Izan ere, sistemak arrisku partekatuaren barnean funtzionatzen du, zeinak aldebakarreko arriskua ekartzen duen. Estatuarekin daukan konpromisoa, kupoa ordeaintzearena, besteak beste, beti ordaindu behar da, nahiz eta diru-sarrera nahikorik ez eduki. Koiuntura ekonomikoa ona bada, bete izan da kontu hori, baina 2020n pandemia tarteko, administrazioaren diru-sarrerak asko jaitsi ziren, eta aldi berean, euskal lurraldeek pandemiari aurre egiteko gastu publikoa asko handitu zuten. Egoera horretan ikusi zen lurralde historikoek, kasu horretan, foru aldundiek, ematen zituzten zerbitzuei aurre egiteko arazoak zituztela, eta nire ustez, 135. artikuluaren interpretazio egokia eginez, 2020an Batzorde Mistoak foru lurraldeei aplikatzeko erabaki batzuk hartu zituen.
Ordutik hona aplikatu dira, hasieran pandemiagatik, eta 2021ean eta 2022an, Ukrainako gerrak eta energiaren prezioak eragindako egoeragatik. Batzorde Mistoak urtez urte 2020an hartutako erabakiarekin jarraitu du. Gaur egun egoera pixkat hobea da, baina hasiera besterik ez da. Orain zalantza da hemendik aurrera zer erabaki hartuko duen.
"Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoak pandemia garaian hartutako erabakia, aurrekontu egonkortasunaren eta finantza iraunkortasunaren printzipioaren baitan, mugarria izan zen"
Zure ustez, zer erabaki hartu beharko litzateke?
2024ean ere azken hiru urteetako erabaki bera hartu beharko litzakeela uste dut nik, eta eskumenak izatea sarrerak handitzeko. Dena den, horrek ez du esan nahi gero baliabide guztiak erabili behar direnik. Nik uste dut foru aldundiek eskubide edo prerogatiba hori izan beharko luketela, batez ere, beren kontuetara doazen sarrerak jasotzeaz gain, gastuei ere aurre egin behar dietelako. Adibidez, gizarte zerbitzuetako kontu asko. Mugarri hori mantendu beharko litzatekeela uste dut, ez baitago argudiorik hori kentzeko.
Eta, benetan zer erabakiko dela uste duzu?
Esango nuke mantentzearen erabakia hartuko dela. 2024rako Europako Batasunetik dator aurrekontu egonkortasun eta finantza iraunkortasun printzipioa, eta bertako erakundeek orain arte neurriak malgutu dituzte. Orain esaten ari direna da 2024rako berriro, egonkortasunerako bide horretan, estatuak printzipio horretara itzuli beharko liratekeela. Hala ere, nire iritziz neurri berbera mantenduko dute, malguagoak izaten. Beste kontu bat da zenbateko ehunekoa aplikatu duten.
Itunaren hiltzaldian Europako Batasunaren erreformak izan dezakeen eragina aztertuko da. Nola uste duzu eragingo duela?
Pandemia aurreko neurria eten egin zen, egoera ekonomikoa txarra zelako, baina nik uste dut erreforma baldin badator 2020ko edo aurretiaz zegoen egoerara itzultzeko izango dela. Dena den, mundu mailako egoera ekonomikoa ez dakit nahikoa egonkor dagoen aurrekora itzultzeko. Israel eta Palestinaren arteko gerra dago, Ukrainarena eta horrek energiaren arazoa dakar, inflazioarena. Ez dut uste hurrengo urtean 2020 aurreko egoerara bueltatuko garenik, egun batetik bestera. Segur aski, hurrengo urteetan itzuliko gara.
"Nik uste dut neurri berbera mantenduko dutela, malguagoak izaten. Beste kontu bat da zenbateko ehunekoa aplikatu duten"
Biltzarrean zuk zehazki aurrekontu egonkortasuna eta finantza iraunkortasunaren printzipioaren inguruan hitz egingo duzu. Zer ideia nagusi aipatuko zenituzke?
Nire asmoa da 2020ra arteko egoera azaltzea, hau da, aurrekontu egonkortasun printzipioa nondik datorren eta nola heldu garen 2020an hartu ziren erabakietara. Egia da 2002ko Ekonomia Itunaren legeak 48. artikuluan aipatzen duela aurrekontu egonkortasuna. Zergatik? 2001ean jada estatu mailan printzipioarekin lehenengoko neurri legalak hartu zirelako. Ordura arte, Europan Amsterdameko Itunean neurri batzuk ezarri ziren, printzipioa hainbat estatutan ezartzeko, eta hortik etorri zen gastu araua edota Espainiako Konstituzioak printzipioa sartzea. 135. artikuluaren erreformak ordutik hona indar gehiago izatea ekarri zuen. Gero, 2012an onartu zen egonkortasun eta iraunkortasun printzipioaren Espainiako lege organikoa.
Bestetik, azalduko dut lurralde historikoak zergatik izan beharko luketen bereziak ere, eta zergatik behar dituzten beste neurri batzuk printzipioaren baitan. Hau da, ez direla tokiko erakunde arruntak, foru lurraldeetako erakunde bereziak baizik.
Berezitasun hori kontuan hartuta, nola egokituko da printzipioa euskal zerga sisteman?
Foru ogasunak bereziak dira Espainiako Konstituzioak horrela aldarrikatzen duelako. Bere lehenenego xedapen gehigarrian esaten du errespetatu eta babesten direla foru lurraldeetako eskubide historikoak, eta eskubide horietako bat da Ekonomia Ituna. Hasieratik foru aldundiak izan dira protagonista nagusienak, besteak beste, eurek izan dute zerga itunduak kudeatzeko eskumena, ahal diren nerrian batzuk arautuz eta zerga horiek guztiak bilduz.
"Nik uste dut aldaketa handirik ez izatea eta gauzak bere baitan jarraitzea ona dela, horrek sistemak funtzionatzen duela esan nahi duelako"
Baina berezitasuna ere badator foru ogasunek eman dituztelako beste lurraldeek ez dituzten zerbitzu batzuk. Eta egia da Espainiako Konstituzio Auzitegiak behin baino sarriagotan aipatu duela lurralde historikoak ezberdinak direla bere ordenamentu juridikoan, eta beraz, ezin direla tokiko erakunde arrunt gisa katalogatu. Arazoa da autonomia erkidegoak ere ez direla. Tokiko erakunde eta erkidegoen artekoa hibridoa dira. Printzipioak berezitasun hori kontua hartu behar du. Gastuaren ikuspegi batetik, kontua ez da bakarrik zergak biltzea, gastua ere badauka, eta printzipioaren aldebakartasun hori dela eta, nahiz eta zerga bilketa txikia izan, gure erakundeek beste zerbitzu batzuen eskumenak ere barneratzen dituzte, eta horien zerbitzuak eskaintzen ez badituzte, gastu horri aurre egiteko nahikoa diru-sarrerarik ez dutelako izaten da. Aitzitik, nahiz eta diru-sarrera bat ez sortu, gastu bat beti ordaindu beharra dago eta hori da kupoa.
Ekonomia Ituna unean uneko testuinguru ekonomikoa egokitzeko etengabeko eguneraketa batean dago. Nola ikusten duzu zuk Itunaren bilakaera hemendik urte batzuetara?
2002tik gauza asko aldatu dira. Itundu dira zerga berriak eta horrek euskal lurraldeei diru-sarrera posible gehiago ematen dizkie. Finantza arloan 48. artikulua dago, baina finantzei aipamena egiten dien artikulu gutxi daude Itunean. Nik uste dut aldaketa handirik ez izatea eta gauzak bere baitan jarraitzea ona dela, horrek sistemak funtzionatzen duela esan nahi duelako. Euskal lurraldeek eta Espainiako gobernuak ikusiko balute zerbaitek ez duela funtzionatzen saiatuko ziratekeen aldatzen. Baina, 2022ko krisiaz geroztik, egoera berri batean gaudela esango nuke, eta Kontzertu Ekonomikoak finantza arloa sakondu beharko lukeela iruditzen zait, edo behintzat arloak behar duen garrantzia balioan jarri. Aurrekontuak egiterako orduan eta gastuaren ikuspegitik badaude landu beharreko puntu garrantzitsuak.
Itunean gauza batzuk aldatu behar direla ikusten dut. Egia da ikuspegi judizial batetik orain hogei urte baino hobeto dagoela. Europako auzitegiek emandako sententzien bitartez ere, ikusi da Europako zuzenbidearekin bateragarria dela Ituna, eta horrek hauspotu eta indartu du. Europako Batasuna egun fiskalitate ikuspegi batetik federalismo kutsu batera doa, eta Itunak bere tokia topatu beharko du. Gure ogasunak nahiko txikiak izanda ere, integralak izan behar dira. Integralak kobratzeko, arautzeko, inspekzioak egiteko eta gure zerga guztiak kudeatzeko.