Ituna
Ekonomia Ituna, euskal autogobernuaren giltzarri
Autogobernua ezin da ulertu Ekonomia Itunik gabe, Espainiaren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko tributu- eta finantza-harremanak arautzen baititu. Baina non du jatorria, eta zein izan da haren garapena?
Ekonomia Ituna euskal autogobernuaren instrumentu zentrala da. Euskal erakundeak, Europa osoko autogobernu fiskal eta finantzario maila altuenetarikoa duten gobernu subzentralen artean kokatzen dira. Autogobernu horri esker, euskal sektore publikoak garatzen dituen politikak hurbiletik finantzatzeko eta kudeatzeko aukera du: besteak beste, ongizate gizartea. Hortaz aparte, politika industrial propioak garatzeko aukera ere eskaintzen du. Euskal Autonomia Erkidegoko ehun industriala babestu eta lurraldearen lehiakortasuna bultzatzeko berebiziko tresna da.
XIX. Mendetik etenik gabe indarrean mantendu den finantzazio sistema honen sendotasun nagusia, etengabeko egokitze ahalmena izan da: lurraldeko ekosistema ekonomiko eta industriala, inguruko gertakari politiko eta aldaketa juridiko-instituzionalak, mundu mailako dinamika berriak… Ekonomia Itunak itzelezko erresilientzia ahalmena erakutsi du, gaur egunean, Espainiako Estatuan indarrean dagoen tresna fiskal-finantzario zaharrenetarikoen artean kokatuz. Baina non du abiapuntua? XIX. mendera egin behar da salto.
Foruen abolizioa eta lehen Ekonomia Ituna
1876ko euskal Foruen abolizio legearen ondoren, euskal Aldundien eta Espainiako gobernuaren ordezkaritzak akordio batera iritsi ziren. Foru bidezko autogobernuaren deuseztapenaren ondoren, euskal Aldundiek nolabaiteko autogobernu fiskal eta finantzarioa mantentzeko bidea izan zen.
Akordio hori, lehen Ekonomia Ituna, 1878ko otsailaren 28ko data zuen lehen dekretu batean gauzatu zen. Horren bidez euskal probintziek zergak modu berezian ordainduko zizkioten Estatuari. Zerga itunduak biltzeaz probintzietako Aldundiak arduratuko lirateke, eta Estatuko Ogasunari kupo bat ordainduko zitzaion.
Era horretan, euskal ogasunek euren esku mantendu zuten zerga-sistema arautzeko boterea: zerga-bilketaren eta kupoaren arteko desberdintasuna euren esku gelditzen zen, autonomia finantzarioa moduan, euren gastu politika garatzeko. Besteak beste, Bizkaiko eta Gipuzkoako Aldundiek, autonomia fiskal eta finantzario bi probintzietako industrializazioa hauspotzeko erabili zuten, egitura berriak eraiki eta aktibitate ekonomikoa bultzatzeko hainbat neurri aplikatuz.
Frankismoko paradoxa
1936-1939ko Gerra Zibilaren ondoren, Gobernu frankistak, 1937ko ekainaren 23ko dekretuz, Bizkaia eta Gipuzkoarekiko Ekonomia Ituna indargabetzea erabaki zuen, matxinatuek Itun bat izateko pribilegioa traizioz ordaindu zutela argudiatuz. Hala ere, matxinada babestu zuten lurraldeekiko (Araba eta Nafarroa) Ituna eta Hitzarmen Ekonomikoak indarrean jarraitu zuten. 1952ko otsailean, 25 urteko epea bete ondoren, Arabako Ekonomia Ituna beste hainbeste urterako berritu zen. 1976ko azaroaren 26ko Errege Dekretuaren bidez, Arabarekiko Ituna berritzea onartu zen, berriz ere 25 urteko indarraldiarekin.
Frankismo garaian ere Espainian ez zen ogasun zentralizatu bat existitu. Arabak eta Nafarroak itzelezko autonomia fiskal eta finantzarioa mantendu zuten
Paradoxa badirudi ere, Frankismo garaian ere Espainian ez zen ogasun zentralizatu bat existitu. Arabak eta Nafarroak itzelezko autonomia fiskal eta finantzarioa mantendu zuten. Besteak beste, euren botere fiskal eta finantzarioa, bi probintzien industrializazioa bultzatzeko gakoetariko bat izan zen.
1981eko Itunaren legea
Francoren heriotzak aldaketa nabarmena eta erradikala ekarri zuen Ekonomia Itunean. 1978ko Espainiako Konstituzioan, Foru Lurraldeen Eskubide Historikoak aitortu eta babestu ziren. Eskubide horietariko bat, hain zuzen ere, Ekonomia Ituna izan zen. Beraz, Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuaren negoziazioan argi geratu zen Ituna Erkidego osora hedatu behar zela berriro ere. Hain zuzen ere, 1979ko Euskal Autonomia Erkidegoko Autonomia Estatutuko 41.1 artikuluan honako hau adierazi zuen: "Estatuaren eta Euskadiren arteko zerga-harremanak Ekonomia Itunaren edo Hitzarmenen foru-sistema tradizionalaren bidez arautuko dira". Gerora, 1981eko Ekonomia Itunaren legea onartu zen: Ekonomia Ituna Espainiako Estatuko Administrazio Orokorraren eta Euskal Autonomia Erkidegoaren arteko tributu- eta finantza-harremanak arautzen dituen tresna juridikoa da, eta foru-araubidearen parte da.
Era horretan, 1981etik gaur egunera arte, foru finantzazio sistema asimetrikoak arautzen du Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Estatuaren arteko erlazio fiskal-finantzarioak. Era horretan, euskal erakundeak autonomia fiskal zabala dute, eta ez dute Estatuko finantzazio sistemarekiko menpekotasunik sufritzen. Horren adibidea da, Euskadin politika industrialak denboran jasandako jarraitutasuna, Espainiarekin alderatuz. Euskal erakundeek burutzen duten gastu guztia, euskal erakundeek kudeatu eta biltzen duten diruarekin finantzatzen da. Hortaz aparte, euskal enpresa eta zergadunek, zuzen-zuzenean lurralde historiko bakoitzeko zerga-administrazioarekin dute erlazioa. Era berean, foru federalismo fiskal sistema Europar Batasunaren barnean sendoki txertaturik dago 2008tik.
Nora goaz?
Tresna fiskal eta finantzario horren berezitasun eta garrantzia kontuan izanik, Ekonomia Itunaren eta Foru Ogasunen Ikerketarako Agiritegia sortu zen 2007an, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Euskal Herriko Unibertsitatearen (UPV/EHU) arteko lankidetza-hitzarmenaren ondorioz. Ituna Agiritegiaren helburua da Ekonomia Itunaren eta Foru Ogasunen instituzionalizazio akademikoa eta ikerketa zientifikoa hedatzea, eta haren ezagutzaren transferentzia bultzatzea. Bestela esanda, euskal autogobernuaren tresna horren azterketa eta azalpen sistemikoa eskaintzea: iraganetik-etorkizunera, perspektiba politikotik, dimentsio sozial eta ekonomiko-enpresarialera.
Hain zuzen, artikulu honek Ituna izeneko atalaren abiapuntu izan nahi du, nola gauden eta nora goaz aztertzeko intentzioarekin. Ekonomia Itunaren eta oro har gure sistema fiskalaren gaineko gaiak jorratuko ditugu, haren erabilgarritasun praktikoan arreta jarriz (besteak, gure enpresa eta ekosistema ekonomikoarekin lotuta), baina baita perspektiba zabalago batetik ere, haren erraiak hobeto ulertzeko helburuarekin (etorkizuneko erronkak, ikuspegi politikoa, inpaktu soziala, enkaje internazionala, etab.).