Konferentziako hainbat parte hartzaile atzo Kursaal Jauregian | Argazkia: Espainiako Gobernuko Lan eta Ekonomia Sozialeko ministerioa

EKONOMIA

Ekonomia soziala, "abangoardia" erabakiorra

Ekonomia soziala Europako enpleguaren %6,3 da egun, eta EAEn biztanleria aktiboaren ia %10k egiten du lan ekonomia eredu honetan. Ekonomia sozialaren Europako hiriburua bilakatu berri da Donostia

Ekonomia sozialak Europako 2,8 milioi enpresa biltzen ditu egun, eta 13 milioi pertsona baino gehiagoren lanpostua da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 87.000 pertsonek egin dute ekonomia eredu honetan lan, biztanleria aktiboaren %10 kasik. Espainiako estatuko BPGaren %10 ere bada, eta 43.000 enpresek eta 2,2 milioi langile baino gehiagok osatzen dute eredu alternatibo hori.

Bada, ekonomia sozialaren hiriburua bilakatu da Donostia 2023an. Hori dela eta, gaur eta atzo ekonomia sozialaren Europako konferentzia egin dute Kursaal Jauregian. Orain arte “estatuko” hiriburua izan dela adierazi du Joaquin Perez Espainiako Gobernuko enplegu eta ekonomia sozialeko estatu idazkariak. Atzotik, ordea, “Europako ekonomia sozialaren hiriburu” bihurtu da Gipuzkoako hiriburua.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 87.000 pertsonek egin dute ekonomia sozialean lan, biztanleria aktiboaren %10 kasik

Euskal Herria hamarkada askotatik ekonomia sozialaren inspirazio iturri dela azaldu du Perezek, eta gurean dugun kooperatiba ereduan jarri du azpimarra: "Ekonomia justu, parte-hartzaile eta demokratikoa, interes partikularrak komunitatearen aurretik lehenesten duen ekonomia baten eredu alternatiboa".

Kohesio sozial baterako ekonomia

Inaugurazio ekitaldian Nicolas Schmit Enplegu eta Gizarte Eskubideetako Europako komisarioak hartu du parte. Ekonomia sozialak oparotasuna, berrikuntza eta elkartasuna bermatzen dituela azaldu du. Hala, ekonomia eredu honetan lanean ari diren pertsonen ehunekoa igo beharra dago, enpresa ehun indartsu bat sortzeko.

Klima aldaketaren kontrako borrokan, ekonomia jasangarriago bat garatzea funtsezkoa da Europako goi karguaren arabera, eta horretarako ekonomia soziala dela irtenbidea. Halaber, pandemia, energia krisia eta inflazioa jasan duen Europako gizartean, biztanle talde zaurgarrienak oraindik egoera latza pairatzen ari direla gogoratu du Schmitek, eta hori jakinik, “zerbait hobea” nola eraiki hausnartu beharra dagoela.

Nicolas Schmit: "Ezin ditugu etorkizuneko trantsizioak BPGaren hazkundean soilik oinarritu; harago joan behar dugu, eta ekonomia sozialari garrantzi handiago bat eman behar diogu"

"Urte askotan BPGa ekonomiaren ardatz gisa hartu dugu, eta orain gizartea ohartu da ekonomia ez dela soilik BPGa. Ezin ditugu etorkizuneko trantsizioak BPGaren hazkundean soilik oinarritu; harago joan behar dugu, eta ekonomia sozialari garrantzi handiagoa eman behar diogu", kontatu du. Beharbada ekonomia sozialak ez du hazkundearen metrika logika horren baitan funtzionatzen. Schmiten esanetan, ekonomia mota horren balioak ez dute epe motzera eragiten, ezta soilik etekin ekonomikoa bilatzen ere. “Bizi kalitatean, hiritarren arteko elkartasunean, eta lan duin batean dago oinarrituta”.

Kohesio soziala bermatzeko ekonomia dela adierazi du Schmitek. “Jendea alboratuta sentitzen den gizarte batean, atzea uzten ari diren sentsazioa dutenean, demokrazia arriskuan dagoen gizarte baten aurrean aurki gaitezke”.

Ekonomia sozialaren etorkizuneko 'hub'-a Donostian

Gipuzkoako ekonomia sozialaren eredu gisa, Mondragon taldea eta industria sektorearen baitan sortutako kooperatiba egitura aipatu ditu Eneko Goia Donostiako alkateak. Donostian Gureaken eredua jarri du, zerbitzu integralak eskaintzen dituen enpresa taldeak desgaitasuna duten 6.000 pertsonari ematen baitie lana.

Elena Perez Barredo Jaurlaritzako Lan eta Gizarte Segurantza saileko sailburuordearen hitzetan, ekonomia soziala aberastasuna sortu eta ingurunean hobeto banatzea da. Kooperatiba, sozietate laboral, enplegurako zentro berezi, lan merkatura sartzen laguntzen duten enpresa, mutualitate eta fundazioa, arrantza kofradia eta eraldaketan bidean dauden nekazaritza elkarteen lana azpimarratu nahi izan du.

Zerbitzu integralak eskaintzen dituen Gureak enpresa taldeak desgaitasuna duten 6.000 pertsonari ematen die lana

Horren harira, sailburuordeak aurreratu duenez, Donostian ekonomia sozialerako hub bat eraikitzea espero dute laster, "ekonomia inklusibo, solidario, parte-hartzaile eta kolaboratibo" baterako Europako erreferentzia izango dena. Alegia, “ekintzailetza kolektiborako eredu berriak eskaini eta eraldaketa digitala, jasangarria eta demografikoa ahalbidetuko duena”, azaldu du Perez Barredok.

Etorkizuneko ekonomiaren giltzarria

Ekonomia sozialari buruzko lehen Europako konferentzia 1989an egin zen Parisen. Bertan parte hartu zuenetako bat izan zen Juan Antonio Pedreño Social Economy Europe erakundeko presidentea, eta hiru hamarkada igarota, ekonomia sozialak izandako hazkundea nabarmendu nahi izan du.

Konferentzia hartan Francois Mitterrand frantziako presidenteak esandakoak gogoratu ditu Pedreñok. “Errendimendu ekonomikoa eta gizarte elkartasuna uztartzen dituen eredu ekonomiko berri eta dinamiko hau behar dugu”, adierazi zuen orduan Mitterrandek. Are gehiago, "etorkizuneko erronketara egokitzen badaki, ekonomia soziala etorkizuneko Europaren ehun ekonomiko eta sozialaren osagai erabakiorrenetako bat" izango zela ere plazaratu zuen.

Helburua da Europako enpleguaren %6,3 izatetik %10 izatera igarotzea eta egungo 13,6 milioi lanpostutatik 2030an 22 milioi lanpostu izatea

Pedreñoren arabera, ekonomia soziala egun “errealitate bat” da jada, Europako enpresa ehunaren %10 baita eta kontinenteko BPGaren %8. Etorkizuneko erronketara egokitzeaz harago, eraldaketa ekonomikoaren "abangoardian" kokatzen du Pedreñok ekonomia eredua. Etxebizitza, energia, aldaketa klimatikoa, erronka demografikoa, berrindustrializazioa eta gizarte zerbitzuak bezalako erronkei soluzioa eskaintzeko gaitasuna du, eta egun Europako instituzio ororen agendetako ildo garrantzitsuenetakoa da.

Hala, Social Economy Europeko presidenteak azaldu duenez, helburua da ekonomia soziala Europako enpleguaren %6,3 izatetik %10 izatera igarotzea eta egungo 13,6 milioi lanpostutatik 2030an 22 milioi lanpostu izatea.