Langile seniorrak formatzearen garrantzia azpimarratu du Jaurlaritzako Ekonomia sailburuordeak
Ekonomistak PROfesional 2024 foroaren irekieran egin du hitzaldia Ekonomia eta Europako Funtsen sailburuordea den Iñaki Ruizek
Iñaki Ruizek, Eusko Jaurlaritzako Ekonomia eta Europako Funtsen sailburuordeak, Ekonomistak PROfesional 2024 foroan parte hartu du, eta hainbat gauza adierazi ditu inaugurazio instituzionalean. Azaldu du egoera ekonomiko orokorrak erronkak eta aldaketak planteatzen dituela, eta argitu du "erronka demografiko, teknologiko eta energetikoari aurre egiteko gai izan behar dugula".
Erronka demografikoei dagokienez, Ruizek esan du beharrezkoa dela birplanteatzea talentu berria nola sortu eta nola erakarri. Bizitza-luzera maila gero eta gehiago hazten ari den heinean, azpimarratu du ezinbestekoa dela langile seniorrak formatzea, haien gaitasunak garai berrietara egokitu daitezen. "Beharrezkoa izango da ikasteko aukerak zabaltzea, langile seniorrak kudeatzea eta adinekoak produktibitate maila txikiagoarekin eta egokitzeko gaitasuna edo motibazio txikiagoarekin lotzen dituzten estereotipoei aurre egitea", gehitu du.
Bestalde, fokua jarri du eraldaketa teknologikoan eta horrek sortzen dituen erronketan. Izan ere, sailburuordearen hitzetan gizakien eta lankideen arteko elkarlana sustatu beharra dago, gizakien ordezkapena baino. Gaineratu du arreta jarri beharko dela Adimen Artifizialak (AA) sortutako ondorioetan, bai enpleguan bai laneko harremanetan.
Azkenik, pozik agertu da Ruiz trantsizio energetikoarekin, azaldu baitu enpleguen gorakada sortzen ari dela euskal enpresetan, eta 2030. urterako 3.000 lanpostu gehiago sortuko omen direla.