Elon Musk eta bere eragina AEBetako hauteskundeetan
Elon Muskek bere boterea eta tresna teknologikoak erabili ditu hauteskunde presidentzialetan eragina izateko
Azaroaren 5ean, Ameriketako Estatu Batuek presidentetzarako hauteskundeak egin, eta Donald Trump hautagai errepublikanoak lortu zuen garaipena. Mendekotasun teknologiko eta sare sozial handiko testuinguru batean, Elon Musk bezalako enpresa-gizonek funtsezko eragina izan zuten, beren tresnak eta plataformak erabiliz iritzi publikoa moldatzeko eta, beharbada, hauteskundeetako emaitzak baldintzatzeko.
Donald Trumpek Ameriketako Estatu Batuetako hauteskundeetan lortutako garaipena aztergai eta eztabaidagarria bilakatu da, Elon Muskek jokatu duen paper aktiboa dela eta. Tesla, SpaceX eta X (lehen Twitter) bezalako enpresa garrantzitsuen jabeak publikoki hautagai errepublikanoari babesa emateaz gain, 140 milioi dolar inguru eman zizkion Trumpen kanpainari. Gainera, Muskek egunero milioi bat dolarreko zozketak antolatu zituen estatu giltzarrietan boto-emaile errepublikanoen erregistroa sustatzeko. Estatu giltzarri horietan hauteskunde-emaitza erabakigarria izan zitekeen. Horrelako estrategiek, baina, honako ideia hau indartzen dute: aberastasun handiek eta horien jabeek demokrazia beren interesen arabera moldatzeko gaitasuna dutela.
X: sare sozialetik propagandara
Muskek Twitter erosi eta X bihurtu zuenetik, plataforma izugarri aldatu da bere ikuspegian eta edukien politikan. Musken kudeaketapean, Trumpen eta eskuin muturreko taldeen aldeko mezuek eta propagandak gora egin dute plataforman, Europan barne. Sare sozialaren algoritmoa aldatu zuen hautagai errepublikanoaren irudia erakusten zuten albiste eta argitalpenei ikusgarritasun handiagoa emateko, hark bultzatutako zalantzazko edukiak edo zuzenean faltsua direnak barne. Trumpen aldeko fake news eta buloek hartu zituzten lehen tokiak Xen erabiltzaileen feedetan, hautagai errepublikanoarekiko pertzepzio positiboa sortuz. Manipulazio algoritmikoaren fenomeno horrek eztabaida piztu du etikari eta irismen masiboko sare sozial bat propaganda politikorako kanal bihurtzearen ondorioei buruz.
Parte-hartze horren eragina ez zen esparru politikora mugatu. Trumpen garaipenaren ondoren, Teslaren akzioek %14ko gorakada izan zuten, inbertitzaileek gobernu berriari eta Musken eraginari emandako aldeko erantzuna islatuz. Horrek espekulazioak sortu ditu hurrengo kabinetean presidente berriaren eta Musken arteko balizko lankidetzari buruz, aukera horrek aberatsaren presentzia indartzen baitu Estatu Batuetako bizitza publikoan eta politikoan.
JD Vance presidenteorde hautetsiak agerian utzi ditu AEBk aliatu tradizionalekin dituen harremanetan izan daitezkeen aldaketak. Independent egunkari britainiarrak jasotako adierazpen batean, Vancek adierazi zuen Trumpen administrazioak NATO babesteari uko egin diezaiokeela Europak Musken plataforma digitalak arautzeko asmoarekin aurrera jarraitzen badu. Horrek mahaigaineratu du milioidunaren plataformak tresna estrategiko bihurtu direla AEBko gobernu berriarentzat, eta horrek ondorioak izan ditzake nazioartean.
Donald Trumpek AEBko hauteskundeak irabazi izanak eta Elon Muskek prozesu honetan izan duen profil aktiboak funtsezko galderak planteatzen ditu prozesu demokratikoetan sare sozialek duten paperari buruz. Pertsona batek bere baliabideak iritzi publikoa manipulatzeko eta hauteskundeen emaitza baldintzatzeko erabiltzeko aukerak kezka globala da. Muskek eta beste erraldoi teknologiko batzuek argudiatzen dute beren ekintzek "adierazpen-askatasun" bati erantzuten diotela zentzurik zabalenean, baina beren tresnek eta kapitalak herrialdeko bizitza politikoan duten eraginak gogoeta egitera bultzatzen gaitu, erregulazioaren beharrari eta etorkizunean esku-hartze mota horiek mugatuko dituen esparru etikoari buruz. Bestela, Cyberpunk 2077 bideojokoaren antzeko sitema politiko batera bideratu gaitezke.