Enpresetan euskaraz lan egiteko dinamika abiatu dute ELAk, LABek eta Euskalgintzaren Kontseiluak
Euskaraldiarekin bat egin eta Arigune gisa parte hartzera bultzatu nahi dituzte enpresak, bai eta lantokiak euskalduntzeko konpromiso zehatzak hartu ere
160 delegatu sindikal batu dira Bilbon, ELAk, LABek eta Euskalgintzaren Kontseiluak eremu sozioekonomikoaren euskalduntzean eragiteko antolatuko duten kanpainaren aurkezpenean. Bertan, hiru eragileek adierazi dute langileen euskaraz lan egiteko eskubidea erdigunean jarri eta hori bermatzeko urratsak egiteko borondatea. Horretarako, sindikatuek batera joko dute enpresaz enpresa Euskaraldiarekin bat egin eta Arigune gisa parte hartu dezaten bultzatzeko, bai eta lantokiak euskalduntzeko konpromiso zehatzak hartu ditzaten ere.
2020ko azaroan, ELA eta LAB sindikatuek eta Euskalgintzaren Kontseiluak lan mundua euskalduntzeko eta langileen hizkuntza-eskubideak bermatzeko kanpaina aurkeztu zuten, 50 langiletik gorako enpresetan euskara-planak bultzatzeko gutxieneko neurriak proposatuz.
Euskaraz lan egiteko eskubidea bermatzeak, ordea, egiturazko neurriak hartzea eskatzen du, bai administrazioaren aldetik, bai eta enpresen aldetik ere. Bide horretan, 2021ean zehar, hiru eragileek bilerak izan zituzten Eusko Legebiltzarreko alderdi guztiekin lan mundua euskalduntzeko proposamen zehatza aurkezteko: 50 langiletik gorako enpresatan langileek edo enpresaburuek eskatuz gero, euskara-plana negoziatu behar izatea lanbidearteko akordioan jasotzea. Confebask eta CEN patronalekin biltzeko saiaketa ere egin zuten, baina lantokietan euskara-planak adosteari uko egin zioten. Akordiorik lortu ez bazen ere, ekintza-sindikalaren bidez bide horretan jauzi bat bultzatzeko ekimen berri bat antolatzen aritu dira hiru eragileak azken hilabeteetan.
Ostegun honetan ELAk eta LABek 50 langiletik gorako enpresetako delegatuak bildu dituzte Bilbon, Kontseiluarekin batera, “Euskaraz lan egitea, eskubide kontua” lelopean lan mundua euskalduntzeko dinamika bateratua aurkezteko.
Ekimen hau abian jartzearen bi arrazoi nagusiak azaldu dituzte hiru eragileek. Alde batetik, langileen ikuspegitik, lan eta bizitza duinaren eta dagozkien eskubideen aldeko borrokan oinarritzen delako ekintza sindikala. Eta hiruek borroka horretan ulertzen dute hizkuntza-eskubideen aldeko borroka ere. Hain zuzen, langileek Euskal Herriko berezko hizkuntza ezagutzeko, lan-jarduera eta lanbidea euskaraz garatzeko eta lan-harremanak euskaraz burutzeko eskubideen aldeko borroka gisa. Finean, langileek ere hizkuntza-eskubideak dituztelako.
Bestalde, euskararen normalizazioaren ikuspegitik, eguneroko bizitzan eremu sozioekonomikoaren eragina eta izaera egituratzailea agerikoa delako. Bai langile gisa, baina bai eta produktu eta zerbitzuen erabiltzaile edo kontsumitzaile gisa ere. Geroz eta aditu eta aritu gehiagok aldarrikatzen du euskararen normalizazio prozesuak beharrezko duela lan-munduaren euskalduntzean jauzia egitea. Baina, tamalez, gaur-gaurkoz %1era ere ez iristea euskara-planak dituzten entitateen ehunekoa, eta enpresen botere harremanek langile euskaldunak erdaraz lan egin behar izatera behartzen dute. Ondorioz, behin eta berriro urratzen da langileek euskaraz lan egiteko duten eskubidea.
Arrazoi horiek medio, kanpaina aurtengo azaroaren 18tik abenduaren 2ra hamabost egunez luzatuko den Euskaraldiaren testuinguruan garatzea erabaki dute ELAk, LABek eta Euskalgintzaren Kontseiluak. Euskararen aldeko herri-gogo eta herri-bultzada sendoa agertuko diren garaian, hain zuzen ere.
Izan ere, Euskaraldiaren helburu nagusia herritarren hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabilera handitzea izanik, Ariguneen bidez enpresek Euskaraldian parte hartzea bilatuko da. Ondorioz, testuinguru aproposa eskaintzen du eremu sozioekonomikoa euskalduntzeko beharra eta hartu beharreko konpromisoak mahai gaineratzeko. Horregatik, ELAk eta LABek 50 langiletik gorako enpresetan dituzten delegatuen bidez, langileen artean konpromiso-proposamenak adostu eta enpresako zuzendaritzei aurkeztuko dizkiete, euren inplikazioa eskatuz. Halaber, sindikatuek konpromiso horiek langileen zein zuzendaritzen artean adostasunez garatu daitezen lan egingo dute.
Horri begira, dinamika hau bultzatzen duten hiru eragileen artean ondorengo konpromisoak proposatuko dira: enpresan euskara batzordeak eratzeko baliabideak eskaintzea, diagnostikoa egin eta langileekin partekatzea, Bai Euskarari Ziurtagiria hartzea, euskara-planak abiatzea, edota aldeen artean adostu litezkeen bestelako neurriak.
Azkenik, dinamika amaitutzat emateko, lankidetzan jardundako hiru eragileen arteko balorazio bateratuta aurkeztuko da.