Bilboko etxebizitza batzuk | Argazkia: iStock

EKONOMIA

Eraiki, eraiki, eraiki

Etxebizitzaren arazoa espekulatzaileei, pisu hutsei eta pisu turistikoei egozten badiegu ere, benetako arazoa etxebizitzak eraikitzeari uko egitea izan da

Diagnosia

Extebizitza arazo larria dugu. Eskal Autonomia Erkidegoan badira emantzipatu nahi duten 84.000 gazte, baina soilik 13.000k lortzen dute gurasoen etxetik alde egitea. “Espekulatzaileak”, “pisu hutsak” edota “pisu turistikoak” maiz aipatzen dira arazo honen erruduntzat. Datuek ordea, bestelakoa diote.

Ustezko errudunak

Has gaitezen espekulatzaileekin. Espekulatzaileek etxebizitzak erosten dituzte, ondoren alokairuan jarri edota garestiago saltzeko. Arazo hau identifikatzeko, Espainiako etxebizitza lege berriak “jabe handi”-en kontzeptua proposatu du. Lege honek jabe handitzat hartzen ditu bost etxebizitza baino gehiago dituzten pertsona edo enpresa oro. Eusko Jaurlaritzaren arabera, jabego handi hauek 22.325 etxebizitza dituzte, EAEko etxebizitza kopuru osoaren %2a. Datu hau ezin leike argiagoa izan: askoren usteen aurka, EAEn ez dago espekulatzaile askorik.

Bigarren errudun ohikoena “pisu hutsak” dira. Sarri entzuten dugu, pisu hutsak erabilgarri bihurtzea dela arazoaren irtenbidea. 2022an egindako ikerketaren arabera, 12.000 extebizitza huts inguru daude EAEn, hau da, kopuru osoaren %1 inguru. Espekulatzaileekin gerta bitez, kopuru txikia.

Sarri entzuten dugu, pisu hutsak erabilgarri bihurtzea dela arazoaren irtenbidea. 2022an egindako ikerketaren arabera, 12.000 extebizitza huts inguru daude EAEn, hau da, kopuru osoaren %1 inguru

Goazen, orain, ustezko hirugarren erruduna aztertzera: pisu turistikoak. Eusko Jaurlaritzaren arabera, 2021. urtean Euskal Autonomia Erkidegoan 4.000 pisu turistiko ziren, hau da, etxebizitza kopuru osoaren %0,5a baino gutxiago. Donostiak, turismo gehien jasaten duen hiria izanda, 1,200 pisu turistiko zituen, hiriko etxebizitzen %2a besterik ez. Hitz gutxitan, etxebizitaren arazoaren errua turistei leporatzea ez dator errealitatearekin bat.

Espekulatzaileak, pisu hutsak eta turistak baztertuta, nor da, orduan, arazoaren errudun? Erantzuna mingarria da: gu geu. EAEn etxebizitzak eraikitzeari uko egin diogu: duela bi hamarkada 11.000 etxebizitza eraikitzen genituen urtero. Orain, ordea 4.500 inguru. Arazoaren erroa eskaintza falta da. Konponbide bakarra, beraz, etxebizitza gehiago eraikitzea. Zenbat? Eusko Jaurlaritzaren arabera, 100,000 inguru.

Points scored

Irtenbideak

Etxebizitza berri hauek oso modu ezberdinetan eraiki daitezke. Dentsitate baxuaren alde egitekotan, lur natural asko suntsitu beharko genuke, halabeharrez. Solairu askotariko blokeek, ordea, lur naturalaren artifizializazioa nabarmen murrizten dute. Dentsitatea areagotzeak, gainera, tokiko merkataritza eta zerbitzuen garapena ahalbidetzen du. Eskola, lanpostua, osasun zentroa, supermerkatua, ile-apaindegia, zinema, polikiroldegia… dena oinez eskuragarri. Jasangarritasunari lotuta, auzo berriek garraio publiko fidagarria behar dute, autoarekiko menpekotasuna murrizteko. Azpiegitura gehiago eraiki baino, ditugunei etekin handiagoa atera ahal diegu, auzo berriak jatorrizko tren eta metro geltokien inguruan eraikiz. Bilboko Bolueta auzoko garapen berria eredu honen adibide da. Bertan 1.100 etxebizitza eraikiko dira guztira, horietatik 144 alokairu publikora bideratuta. Eraikinak metro geltokiaren parean kokatuta daude eta bertako lonjetan hasi dira denda eta negozio berriak irekitzen.

Bolueta, ekimen ona izanda, adibide bat besterik ez da. Arazoa gainditzeko ehun bat Bolueta beharko genituzke. Zoritxarrez, Bolueta berriek eraikuntzaren aurkako lobbyekin talka egiten dute sarritan. Leioan 1.200 etxebizitza eraikiko ziren Lamiako metro geltokiaren inguruan, baina bertoko auzokideek etxebizitza kopurua 895ra murriztea lortu dute. Durangon, 554 etxebizitza eraikiko ziren lurperaturiko tren geltokiaren parean, baina erreferendum batek kopurua nabarmen murriztu zuen. Donostiako Riberas-en gazteon alokairura bideraturiko dorre bat eraikiko zen. Hala ere, “Riberas en Acción” auzo elkarteak dorrearen altuera urritzea lortu du, pisu kopurua 120tik 90era murriztuz. Aurreko adibideek argi uzten dute: errua ez da espekulatzaile edo turistena, gurea baizik.

Utzi diezaiogun, beraz, etxebizitzaren arazoa fikziozko pertsonai maltzur batzuei egoizten, eta has gaitezen ahaleginak ekimen zehatzetara bideratzen. Adierazi diezaiegun gure alkateei eraikuntza sustatzearen alde gaudela gure auzo eta herrietan. Bilbo eta Donostia arteko trenbidean, esaterako, badira ezerez inguratuta dauden zenbait tren geltoki: Zuhazu-Galdakao, Bedia, Errotabarri-Ermua, Antzuola-Elgoibar, Arroa-Zumaia eta Aia-Orio, adibidez. Eremu hauek hautagai onak lirateke beratan Bolueta antzeko garapen berriak eraikitzeko.