Eider Mendoza eta Jose Ignacio Asensio gaurko agerraldian | Argazkia: Europa Press

EKONOMIA

Erreforma fiskala urte amaieran onartzea espero du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Erreformaren oinarriak jasotzen dituen ondorioen txostena aurkeztu du gaur foru gobernuak, eta "zerbitzu publikoak indartzea" izango du helburu nagusi

Gipuzkoako erreforma fiskalaren inguruko txostena aurkeztu dute gaur lurraldeko Batzar Nagusietan, eta Eider Mendoza ahaldun nagusiak lurraldeko fiskalitatea aldatuko duen foru arau berria urte honen amaierarako onartzea espero duela adierazi du.

Mendozak, Jose Ignacio Asensio jasangarritasuneko foru diputatuarekin batera, gogorarazi du astelehen honetan aurkeztu dutela Gipuzkoako Batzar Nagusietan erreforma fiskalari buruz sortutako txostena, zeinetan 70 adituk baino gehiagok parte hartu duten, euren ikuspegia emateko.

Orain, alderdi politikoek astebete izango dute ekarpenak egiteko, eta txostenaren ondorioak uztailaren 18an bozkatuko dira. Ondoren, foru gobernuak lege proiektua idatzi, eta gainerako alderdi politikoekin adostasunera iristea espero du Mendozak, legea aurten aurrera ateratzeko esperantzarekin.

"Azken krisiei ondo erantzun dien fiskalitatea dugu, bai familiei, bai enpresei lagundu ahal izan die", adierazi du gaurko agerraldian. Hala, alderdi politikoak ados jarriko direla uste du Mendozak. “Alderdi politiko guztiak lanean ari dira Gipuzkoarentzat eta gure herriarentzat ona izango den akordio hori lortzen saiatzeko”.

Txostenaren edukiari dagokionez, helburu nagusia "zerbitzu publikoak indartzea, aberastasuna birbanatzea, enplegua sortzea eta Gipuzkoako biztanle gehienentzako ongizate-estandar duinak lortzea" da.

Progresibotasunaren aldeko aldarri egin du diputatu nagusiak, "enpresen lehiakortasunari eutsi eta horretan eragiteko beharra" ahaztu gabe. Era berean, errenta baxuen mesedetan "politika aktiboak egiteko premia azpimarratu du, "balio erantsi handiko jarduera ekonomikoa epe luzera bultzatuko duten neurriekin, lan merkatu indartsua, lehiakorra, produktibitate handikoa eta soldata altuagoak izango dituena lortzeko helburuarekin”.