Eskorpioia eta igela
Ariketa proposatu nahi dizuet. Gure igela enpresako langileak izan daitezke. Argi dago eskorpioia, alegia, enpresak, igela behar duela bizirauteko, ibaiaren beste aldera zeharkatzeko. Baina gure istorioan bezala, igela mesfidatia da, eta eskorpioiak ezin dio uko egin bere naturari.
Bazen behin ibai bazterrean igel bat. Eskorpioi bat gerturatu zitzaion eta zera esan zion:
- Lagunduko al zenidake ibaiaren beste aldera pasatzen? ez dakit igerian eta zure gainean jarrita, erraz gurutzatuko nuke.
- Nola? Eskorpioia izanik, bidean ziztatu egingo nauzu!
- Ez, ez! Ez dakit igerian eta biok itoko gara hala egin ezkero…
Igelak sinetsi egin zion eskorpioiari eta bizkar gainean jarrita ibaia zeharkatzen hasi ziren. Bide erdian ordea, eskorpioiak ziztatu egin zion igelari, eta pozoiaren eraginez hiltzen ari zela, zera esan zion igelak:
- Zergatik egin duzu hori? Orain biok hilko gara!
- Badakit, baina eskorpioi bat naiz, eta ziztatzea nire naturan dago. Ezin dut nire naturaren aurka egin!
Ez, ez zait burua joan, lasai irakurle.
Egin ariketa hau nirekin. Pentsa dezagun enpresa handi batean. Etekin ekonomikoak besterik bilatzen ez dituen enpresa horietakoa. Eraikinari begiratu eta azken solairuan tximistak eta laino beltza ikusten zaizkion enpresa. Eskorpioi itxura duen enpresa honek igel bat behar du ibaia zeharkatzeko. Bere biziraupena ere jokoan da.
Gure igela enpresako langileak izan daitezke. Argi dago eskorpioiak igela behar duela bizirauteko, ibaiaren beste aldera zeharkatzeko. Baina gure istorioan bezala, igela mesfidatia da, eta eskorpioiak ezin dio uko egin bere naturari.
Historian lehen aldiz iraultza industrialean agertu zen eskorpioia. Euskaltzaindiak industrial-iraultza “aldaketa teknologiko, sozioekonomiko eta kultural handi eta bat-batekoa XIX. mendean (...)” bezala definitzen du, baina ez da hain sinplea. Azala urratuz gero, garai hartako lan errealitateak gaur egun ohikoak diren bermeen erabateko gabezia izan zuen ezaugarri. Lan kontraturik eza, lan egunak 12 orduz edo gehiagoz luzatzea, gizarte segurantzarik, osasun edo gutxieneko soldata sistemarik eza... Iraultza hau denboran 1760-1840 urteen artean kokatzen da. Bapore makina asmatzearen ondorioz produkzio modeloa aldatu egin zen eta ekoizpen mekanizatua jaio zen.
Historian lehen aldiz iraultza industrialean agertu zen eskorpioia. Euskaltzaindiak industrial-iraultza “aldaketa teknologiko, sozioekonomiko eta kultural handi eta bat-batekoa XIX. mendean (...)” bezala definitzen du, baina ez da hain sinplea
Guzti honek, produktu berriak ekoiztea bideratu zuen. Langile klasea jaio zen eta enpresa-buruek nekazal mundutik zetozen langileak erabiltzen zituzten euren lantegietan, soldata oso baxu baten truke. Hasiera hartan lantegietan gizon, emakume zein umeak aritzen ziren lanean.
Umeak produkzio modu bezala erabiltzearen aurkako babesa lortzeko, lehen langileen legea onartu zen 1802an, Ingalaterran. Legearen puntu garrantzitsuenak hauek ziren:
- Lantegietan aireztapenerako zuloak irekitzea.
- Haurren lanorduak eguneko 12 ordu baino gehiago ez izatea.
- Ume guztiek irakurtzen, idazten eta zenbatzen ikastea, horretarako behar den denbora lanorduetan hartuz.
Gaur egungo errealitatearekin ezer gutxi du amankomunean egoera honek, zorionez. Hortik aurrera denbora, aldaketa eta borroka askoren poderioz, gauzak asko hobetzen joan dira langileentzat. Batzuentzat gutxiegi, besteentzat gehiegi, ez naiz debate horretan sartuko.
Igela eta eskorpioiaren arteko borrokarik garrantzitsuenetakoa orain gutxi pasa den maiatzaren 1aren inguruan gertatu zen eta historia pixka bat errepasatzea okurritu zait honen omenez.
1868. urtean atera zen aurrera zen lehen aldiz lan eguna 8 ordura murriztuko zuen legea. Estatu Batuetan Presidente zen Andrew Johnsonek “Ingersoll Legea” onartu zuen, eta estatu ezberdinek, honi jarraituz, euren lege propioak ezarri zituzten. Orduko Administrazio Publikoak ez zuen ordea, Estatu Batuetan nahikoa botere, eta enpresa askok ez zuten hau ez onartu ez aplikatzen. Ondorioz, 1886ko maiatzaren 1ean 340.000 langile atera ziren Estatu Batuetako kaleetara lantegiak zortzi orduko lanaldia aplikatzera behartuak zeudela aldarrikatzeko. Chicago izan zen hiririk aktiboena greba hartan. Ezer lortzetik urrun, bost buruzagi anarkista eta sozialistei heriotza zigorra ezarri zieten.
Urte bat beranduago,1889an, Parisen ospatutako Bigarren Nazioarteko Kongresuak onartu zuen mundu osoan Maiatzaren 1a Langilearen Egun izendatzea, Chicagoko martiriak oroituz.
Imajina dezagun igela eta eskorpioiaren arteko elkarrizketa entzun duela bertatik zebilen dortoka batek. Dortokak egin diezaioke eskorpioiaren naturari aurre eta ziztatzen saiatzen bada ere, oskolaren kontra ez du erraz edukiko
Borroka honen xedeari jarraituz, itsasoaren beste aldean 1917-ko Urriko Iraultzaren ostean, gobernu boltxebikeak legez ezarri zuen zortzi orduko eguna eta 48 orduko astea, nazioarteko legediaren oinarriak ezarriz. Errusia (Sobietar Batasuna) izan zen beraz mundu mailan eskubide hau lege bilakatuko zuen lehen herrialdea. Bi urte beranduago, Bartzelonako hiria eta industria katalana 44 egunez geldiaraziko zuen greba hasi zen. Bertako “La Canadiense” enpresan CNT sindikatuak burututako grebaren ondorioz eta historia asko laburbilduz, Europa Mendebaldera 1919an iritsi zen zortzi orduko lan eguna.
Gure ipuinera itzuliaz, imajina dezagun igela eta eskorpioiaren arteko elkarrizketa entzun duela bertatik zebilen dortoka batek. Dortokak egin diezaioke eskorpioiaren naturari aurre eta ziztatzen saiatzen bada ere, oskolaren kontra ez du erraz edukiko. Bestalde, dortokak lagun diezaioke eskorpioiari beste aldera pasatzen eta aldi berean igela babestuko du. Jar diezaiogun, bada, izen bat dortoka honi: Botere Publikoa. Instituzioek langileen alde ezer egiten ez dutela esatea modan dagoen honetan, botere legegile, exekutatzaile eta judizial indartsu bat gabe, igelak ezingo du bere burua babestua sentitu. Dortoka geldoa da, mantxo doa eta batzuetan berandu iristen da, baina iristen denean eskorpioiaren arriskua ezgaitzen du.
Horrela, dortokaren agerpenaren ondorioz, geroz eta eskorpioi gutxiago ikusten ditugu negozioen munduan. Ziztatzeko gogo geldiezin hori kontrolatzen ikasi dute askok; igela ziztatzeak biak hilko dituela sartu zaie jada buruan. Epe motzari beharrean, epe luzeari eta ongizateari begiratzea barneratu dute nolabait.
Istorio honek ondorio ugari eduki ditzake. Naturan igelek, eskorpioiek eta dortokek elkarrekin bizitzen ikasi behar dutela. Eskorpioiak ziztatu egingo duela; dortoka mantsoa izango dela; igelak, mesfidati izanik ere, eskorpioian konfiantza jarri behar duela. Baina hau dena euren izaera dela. Orekak kontuz mantenduz aurrera egiten jarraituko du gurpilak, batzuetan modu lasai batean, beste batzuetan saltoka.