Unai Sordo, Yolanda Diaz eta Pepe Alvarez akordioa sinatu berritan | Argazkia: UGT

EKONOMIA

Espainiako Gobernuak eta sindikatuek langabezia subsidioaren inguruan akordioa lortu dute

Testu berriarekin, besteak beste, 180 egunez bateragarriak izango dira enplegua izatea eta langabezia subsidioa edota langabeziagatiko prestazio kontributiboa jasotzea

Espainiako Gobernuko Lan ministerioak eta CCOO eta UGT sindikatuek asteazken honetan sinatu dute langabezia subsidioaren inguruko akordioa, hilabeteetako negoziazioen ondoren eta bigarren itzulian, Lan ministroak Kongresura eraman zuen aurreko dekretua bertan behera geratu ostean. Hala, Diaz ministroak eta UGT eta CCOO sindikatuetako idazkari nagusiek akordioa berretsiko dute, CEOE eta Cepyme patronalen babesik gabe.

Astelehenean sindikatuei aurkeztutako planteamenduak aurrekoaren hobekuntzei eusten die, eta subsidioa 90 eurotan handitzea planteatzen da, 570era arte. Igoera honek barne hartzen ditu nekazaritzako behin-behineko eta Espainian lan egiten duten Marokoko sasoikako langileak zabaltzen da. Orain arte familia-kargarik ez duten 45 urtetik beherako pertsonak sartzen dira onuradun gisa, eta lanaldi partzialean lan egin zuten pertsonek – gehienetan emakumeak – jasotzen duten zenbatekoa lanaldi osokoekin parekatzen du.

Asko jota 180 egunez, bateragarria izango da langabezia subsidioa jasotzea (diru kopurua murriztu gabe) eta, aldi berean, lan-kontratu bat izatea. Era berean, posible izango da, baita ere, aldi berean langabezia-saria jasotzea eta lan-kontratu bat izatea; kasu horretan, baldintza da langabezia saria gutxienez urtebetez jasotzen egotea.

Halaber, langabezia-saria amaitutakoan, ez da hilabete egon beharko subsidioa eskatzeko. Hau aurreko proposamenean aurreikusita zegoen jada.

Langabezia subsidioa jasotzen duten 52 urteko herritarrei ezarriko zaien kotizazio-oinarria lanbide arteko gutxieneko soldataren %125ean mantenduko da. Lehendabiziko erreforman kotizazio-oinarria murriztea proposatzen zen, eta horrek eragin zuen, besteak beste, Podemosek kontra bozkatzea. Orain, genero-indarkeriaren edo sexu-indarkeriaren biktima izan diren emakumeak eta itzulitako etorkinak sartzen dira.

Azkenik, subsidioaren zenbatekoari dagokionez, 90 eurotan handituko da: egungo 480 eurotik 570 eurora igaroko da prestazioaren zenbatekoa lehen sei hilabeteetan, 540 eurora hurrengo sei hilabeteetan, eta hortik aurrera, egungo 480 eurotan mantenduko da.