Esportazioak Bizkaian areagotu dira gehien, %16,9 | Argazkia: iStock

EKONOMIA

EAEko esportazioak %10,8 hazi dira abuztuan

Urteko lehen zortzi hilabeteetan, ordea, ondasunen esportazioak %4,7 txikitu dira, iazko epe beraren aldean

Urte artean, 2024ko abuztuan %10,8 hazi dira EAEko ondasunen esportazioak, Eustat euskal estatistika erakundearen datuen arabera. Hala, zenbatekoa 2.123,6 milioi eurokoa izan da, aurreko urtean hilabete berean 1.916,4 milioikoa zen bitartean. Handitu egin dira produktu energetikoen esportazioak (%50,9) eta ez-energetikoenak esportazioak (%7,1). Lurraldeka, Bizkaian areagotu dira gehien, %16,9. Gipuzkoan eta Araban ere gora egin dute, %6,9 eta %4,3, hurrenez hurren.

Urteko lehen zortzi hilabeteetako datuak hartuta, aldiz, esportazioen %4,7ko jaitsiera egon da EAEn. Aurten, hilabete horietan zenbatekoa 20.499,9 milioi eurokoa izan da, iaz baino 1.012,6 milioi euro gutxiago, alegia.

Ondasunen inportazioak ere gora egin du urte artean EAEn, %6,0. Orotara, 1.971 milioi eurora iritsi ziren. Lurraldeka, inportazioak gehitu dira %22,2 Araban, %4,8 Gipuzkoan eta %2,3 Bizkaian.

Abuztuko merkataritza saldoa, esportazio eta inportazioen arteko aldea, positiboa izan da, 152,5 milioi eurokoa.