Plaza publikoa
Etxebizitza merketu baietz?
Etxebizitzen jabetza gakoa da egun Euskadin etxeek duten prezioa ulertzeko, baina prezioek behera egiteko aukerak ere badira jabeok kaltetu gabe
Zaila zaigu euskal gazteoi gurasoen etxetik alde egitea. Batez besteko emantzipazio adina 30,2 urtekoa dugu, Europar Batasunekoa 25,9 urtekoa den bitartean. Euskal Behatokiaren arabera, gazteok soldataren % 58,7 ordaindu behar dugu hipotekan etxebizitza bat erosteko, gomendioa diru-sarreren % 30 baino gehiago ez erabiltzea izanik ere. Beste modu baten adierazita, etxebizitzen prezioa erdira murriztu beharko litzateke, erosketa bideragarria izan dakigun. Etxebizitza faltak, gainera, familien ezarpena atzeratzen du, seme-alabak izateko eragozpen nagusienetakoa delarik. Erronka demografikoarekin lotura estua duen heinean, etxebizitzaren arazoa guztion arazoa dugu, ez soilik gazteona.
Zer egin dezakegu, beraz, etxebizitzen prezioa erdira murrizteko? Galdera honi erantzuten hasteko, datuetara jotzea deritzot aproposena, gure hiru hiriburuak adibide hartuz. Idealista webgunearen arabera, Donostia dugu hiri garestiena, 5000 euro/m2ko batez besteko prezioarekin. Bilbo 3.062euro/m2-an kokatzen da, eta Gasteiz da hiri merkeena, 2.500euro/m2ko prezioarekin. Etxebizitza eskaintzari dagokionez, azken bi hamarkadetan 5.487 etxebizitza-eraikin garatu dira Bilbo Handian, 5.003 Arabako lautadan eta 3.079 Donostialdean. Hala, Bilbok eta Gasteizek etxebizitza kopuru bertsua eraiki dituzte, Bilboren biztanle kopurua hiru aldiz handiagoa den arren. Donostialdean, bestalde, Gasteizen baino askoz ere etxebizitza gutxiago eraiki dira, biztanle gehiago dituen arren.
Euskal Behatokiaren arabera, gazteok soldataren % 58,7 ordaindu behar dugu hipotekan etxebizitza bat erosteko, gomendioa diru-sarreren % 30 baino gehiago ez erabiltzea izanik ere
Datuek iradokitzen duten bezala, etxebizitzaren prezioaren ezarpena ez da beste edozein produkturekiko ezberdina, eskaintza eta eskariaren arteko orekaren ondorio delarik. Eskaintza gehiagok prezioak murrizten ditu, eta eskari handiagoak, aldiz, prezioak igo. Gasteizen, auzo berrien garapenak eskaintza handitu eta prezioak kontrolpean mantendu ditu. Donostian, aldiz, eskariaren hazkundeak ez du erantzunik jaso, eta etxebizitza berrien faltan prezioek gora egin dute ezinbestean.
Etxebizitza eskaintza suspertzea litzateke, beraz, gazteon emantzipazioa sustatzeko politikarik eraginkorrena, bloke gehiagoren eraikuntza ahalbideratuz. Konponbidea hain erraza izanda, zergatik ez dugu oraindik martxan jarri?
Etxebizitzen jabetza
Galdera honi erantzuna emateko, etxebizitzen jabetza aztertu behar dugu. Euskadin, biztanleriaren % 85 bizi den etxearen jabe da; Europan tasa hau % 70ekoa da. Etxeak erostea da, halaber, gure aurrezteko modu kuttunena, eta familiek ondarearen erdia etxebizitzan inbertituta izaten dute. Bi datu hauek elkartuz, egoera hunkigarria dugu aurrean: etxebizitzak erdira merketuko balira —gazteon emantzipazio egokia ahalbideratuz— euskal familiek beraien aberastasunaren laurdena galduko lukete.
Etxebizitzen jabeek bi ezaugarri nabarmen dituzte: boto-emaile asko dira eta galera nabarmenak jasango lituzkete prezioak murriztekotan. Ez da jabeena baino lobby indartsuagorik Euskadin, eta edozein politikarik beraien alde egingo du behin eta berriz, gazteon kaltean. Azken hamarkadetan garaturiko etxebizitza politika oreka honen isla besterik ez da: eraikuntza berriak bai, baina soilik prezioak murrizten ez dituzten bitartean.
Azken hamarkadetan garaturiko etxebizitza politika oreka honen isla besterik ez da: eraikuntza berriak bai, baina soilik prezioak murrizten ez dituzten bitartean
Badira, sarri, prezioen gorakada putre-funtsen eta espekulatzaileen errua dela dioten ahotsak. Funts hauen helburua etxeak merke erostea da, ondoren garesti saldu edota bertan bizi diren auzokideei alokairua igotzeko. Etxebizitza eskaintza handituko bagenu, ordea, prezioek behera egingo lukete —gogoratu Gasteiz— funts hauen negozioa hondatuz. Hitz gutxitan adierazita, espekulatzaileak etxebizitza eskasiaz aprobetxatzen dira etekinak lortzeko, baina ez dute oinarrian dagoen arazoa, eskasia bera, sortzen.
Era berean, badira arazoaren irtenbidea “alokairu publikoa” dela diotenak. Bat nator asmo handiko programa publiko batek egoera hobetuko lukeela: epe luzeko alokairu merkeak eskainiz, gazteok erosketaren ordezko alternatiba erakargarri bat izango genuke eskura. Alokairuaren aldeko hautua egingo luketen gazteek, gainera, etxeak erosteari uko egingo liokete garai batez, eskaria murriztuz eta prezioak jaitsiaraziz. Hor datza, berriro ere, gatazka: etxe berriak eraikitzearekin gerta bitez, alokairu publikoek ere jabeen ondarea kaltetuko lukete zeharka, eta ondorioz gure agintariek ez dute inolako pizkunderik neurri hau gehiegi garatzeko.
Zatiketa malgutu eta bloke gehiago
Ba al da, orduan, etxe jabeen eta gazteon talka saihesteko aukerarik? Nola hazi etxebizitza eskaintza, jabeen aurrezkiak mindu gabe? Erronka honi aurre egiteko, bi proposamen dakartzat gaurkoan.
Lehen proposamena da jabetzen zatiketa malgutzea, adibidez, 200 metroko etxebizitza bat 100, 50 eta 50 metroko hiru etxeetan banatzea ahalbidetuz. Hala, lehen etxe bat zegoen lekuan hiru izango lirateke, baina pisu berriak jatorrizko jabearenak lirateke, saldu, alokatu edota seme-alabei eskaintzeko. Gaur zatiketak posible diren arren, hainbat muga ezartzen dituzte udalerriek. Bilbon, adibidez, aurreko adibidea ezinezkoa litzateke, jatorrizko etxebizitza bakoitzeko ezin baitira bi baino gehiago sortu.
Eraikinen altuera handituta, gure hiriguneetako etxe kopurua handituko genuke, baina sorturiko etxe berri hauek jatorrizko auzokide erkidegoaren menpe lirateke, berriz ere saldu, alokatu edota seme-alabei oparitzeko
Bigarren proposamena da, berriz, etxebizitza blokeei pisu gehigarriak eraikitzen uztea. Eraikinen altuera handituta, gure hiriguneetako etxe kopurua handituko genuke, baina sorturiko etxe berri hauek jatorrizko auzokide erkidegoaren menpe lirateke, berriz ere saldu, alokatu edota seme-alabei oparitzeko.
Badira aukerak, beraz, etxebizitzak merkatzeko jabeen aberastasuna babestuta. Gure herriaren erronka nagusia demografia izanik, gainera, hobe dugu lehen bai lehen hasi.