Etxebizitzen salerosketa hazi egin da Hego Euskal Herrian irailean
EAEn nabarmen igo ziren salerosketak, iaz baino %67,4 gehiago; Nafarroan hazkundea apalagoa izan da, %18koa
Urte artean, etxebizitzen salerosketa %67,4 hazi da EAEn irailean. Nafarroan ere salerosketak igo diren arren, %18koa izan da hazkunde hori. Espainiako Estatistika Institutuak emandako datuak dira. Espainiako estatuko batez bestekoa %41,49 handitu da.
Hala, EAEri dagokionez, 8.310 finka inskribatu ziren irailean zehar. Horien erdiak izan ziren bizilekuak, hots, 4.082 unitate (2.064 Bizkaian, 1.290 Gipuzkoan eta 728 Araban). Eskualdaketetatik 2.517 salerosketa bidez izan ziren, 885 herentzia bidez, 55 dohaintzan, 7 truke bidez eta gainerako 618 beste arrazoi batzuk direla medio. Nafarroaren kasuan, orotara 2.979 finka inskribatu ziren irailean, eta horietatik 1.169 etxebizitzen eskualdaketak izan ziren: 603 salerosketa bidez, 347 herentzia bidez, 37 dohaintzan eta 182 beste arrazoi batzuengatik.
Bizilekuen egoerari dagokionez, berriak izan ziren EAEn 582 unitate, eta Nafarroan 184; bigarren eskuko etxebizitzak 1.935 eta 419, EAEn eta Nafarroan, hurrenez hurren; gehiengoa libreak izan ziren, 2.210 EAEn eta 549 Nafarroan; azkenik, babes ofizialeko etxebizitzak 307 izan ziren EAEn, eta 54 Nafarroan.