Euroguneko inflazioa %2,4ra igo da abenduan
Espero baino zifra altuagoa da, batik bat, zerbitzuen eta energiaren portaeragatik
Eurogunean inflazioa %2,4ra igo da 2024ko abenduan, urtebetean %0,2ko hazkundea izanik. Azpiko inflazioa (kasu honetan energia, elikagaiak, alkohola eta tabakoa alde batera uzten dituenak) %2,7an mantendu da laugarren hilabetez, Europako Banku Zentralak (EBZ) ezarria duen %2ko helburutik urrun.
Eurostatek argitaratutako aurretiazko estimazioaren arabera, zerbitzuen prezioak igo dira gehien, %4 urte artean; elikagai prozesatuak, alkohola eta tabakoa %2,9; prozesatu gabeko elikagaiak zertxobait gutxiago, %1,7; industria ondasun ez-energetikoak %0,5 eta energia %0,1.
Kamil Kovar Moody’s Analyticseko ekonomialariak adierazi du Euroguneko KPIa uste baino “pixka bat altuagoa” izan dela abenduan, zerbitzuen eta energiaren “gorakada harrigarriarekin”. Izan ere, KPI energetikoak gorakada adierazgarria izan du abenduan, -%2,0an kokatu baitzen azaroan, eta zerbitzuen sektorea aurreko urteko zifra altu berean (%4) mantendu da.
Urtebetean, igoera azpimarragarrienak herrialdeka hauek izan dira: Kroazia (%4,5), Belgika (%4,4) eta Estonia (%4,1). Kontrara, inflazioa gutxien hazi da Irlandan (%1,0), Italian (%1,4) eta Luxembugon (%1,6). Espainiako estatuan prezioen igoera %2,8koa izan da abenduan, eta Frantzian %1,8koa.