Europako Banku Zentralaren egoitza nagusia | Argazkia: iStock

EKONOMIA

Euroguneko inflazioa %7ra igo da apirilean, EBZren hurrengo bileraren atarian

Azpiko inflazioa %5,6ra jaitsi da, eta igoera orokorrak izan dira herrialde nagusietan

Euroguneko inflazioa hamarren bat igo da apirilean, urte arteko %7ra, Eurostat Europako estatistika erakundeak astearte honetan aurreratutako datuen arabera. Azken igoera honek amaiera eman dio lau hilabeteko jaitsierari.

Azpiko inflazioa, energiaren eta elikagai freskoen prezioak kontuan hartzen ez dituena, %5,7tik %5,6ra apaldu da, hamar hilabetez igotzen aritu ostean.

Sektoreka banatuta, elikagai prozesatuak, alkohola eta tabakoa igo dira gehien, %14,7, aurreko hilean baino puntu bat gutxiago. Prozesatu gabeko elikagaiak, aldiz, %10 igo dira, ia bost puntu gutxiago. Energia, %2,5 garestitu da berriro ere, martxoan merkatu egin bazen ere. Zerbitzuak, berriz, %5,2 igo dira, aurreko hilean baino hamarren bat gehiago.

Baltikoko herrialdeetan dago oraindik inflaziorik handiena. Letonian %15ekoa, martxoko %17,2ren aldean; Lituanian %13,3koa, eta Estonian %13,2koa. Eslovakia ere kaltetuenen taldean kokatzen da, %14ko tasarekin.

Bestalde, euroguneko herrialde nagusien artean, inflazioa bi hamarren jaitsi da Alemanian (%7,6ra), Espainian zazpi hamarren igo da (%3,8ra), Italian beste hainbeste egin du gora (%8,8ra) eta Frantzian bi hamarren (%6,9ra).

Inflaziorik baxuenak Luxenburgok (%2,7) eta Belgikak (%3,3) dituzte, martxoan baino ia bi puntu gutxiago.

Datuak ikusita, litekeena da ostegun honetan Europako Banku Zentralak berriro interes tasak igotzea, nahiz eta oraingoan aurrekoetan baino erritmo motelagoan igotzea espero den. Gaur egun tasa orokorra %3,50ean dago, martxoan puntu erdiko igoera izan ondoren.