Atzoko ekitaldian parte hartu zuten hainbat agintari eta ordezkari politiko | Argazkia: Elkargi

EKONOMIA

Europa, geopolitikaren sismoen artean

Elkargik antolatutako enpresa topaketaren 34. edizioa egin zen atzo Donostiako Kursaalean. Nazioarteko geopolitika izan zuten hizpide, eta bertan parte hartu zuten, besteak beste, Mario Monti Italiako lehen ministro eta Javier Solana NATOko idazkari nagusi oihek

Geopolitikak enpresa eta finantza esparruan duen eragina izan dute hizpide Elkargik antolatutako enpresa topaketaren 34. edizioan. “Geopolitikaren inpaktu sismikoa” izenburupean, nazioarteko gatazka politikoak, Europak horien aurrean izandako erantzuna eta gatazka hauek finantza sisteman duten eragina aztertu dute hainbat adituk Donostiako Kursaal Jauregian. Elkargiko ordezkari nagusiez gain, bertan izan dira Iñigo Urkullu jarduneko lehendakaria, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegituretarako sailburua, Eider Mendoza Gipuzkoako Ahaldun Nagusia eta Eneko Goia Donostiako alkatea, besteak beste.

Zenon Vazquez Elkargiko zuzendari nagusiak ireki du solasaldia, nazioarteko egungo testuinguru “ezegonkorraren” inguruko analisi labur bat eginez. Bere hitzetan, Europa atzean geratzen ari da Txina eta Estatu Batuekin alderatuta. “1999an, euroa sortu zenean, Estatu Batuen hazkunde ekonomikoa %38koa zen eta Europarena %25. Ordutik bi ekonomien arteko aldea handitu besterik ez da egin. 2013an Europako BPGa AEBaren %90 zen gutxi gora behera, iaz, aldiz, %60 baino gutxiago zen”, adierazi du. Tarte hori berriz ere laburtzeko, Vazquezen arabera, errentagarritasuna areagotu behar da, integrazio komunitarioa indartu eta ekonomia berrindustrializatu.

Zenon Vazquez: "2013an Europako BPGa AEBaren %90 zen gutxi gora behera, iaz, aldiz, %60 baino gutxiago zen”

Testuingurua onena ez bada ere, Elkargiko zuzendari nagusiak erakundeak azken urteotan egindako lana gogoratu nahi izan du. "Elkargi funtsezko finantza-aliatua da, 20.000 eragiketa baino gehiago finantzatu eta 2.500 milioi euro inbertitu ditugu azken bost urteetan".

Ekonomia politika baino hobeto

Nazioarteko politiken egungo egoera ulertzeko hainbat adituk hitz egin dute ekitaldian, eta Daniel Innerarity filosofia politikoan katedraduna izan da bertan. Ate joka dauden Europako hauteskundeen inguruan hausnartu du: "Hurrengo Europako hauteskundeetan, ez dago jokoan EBren existentzia, haren esanahia baizik. Jada ez da Europari uko egin behar zaiola aldarrikatzen, Europa eraldatzeaz hitz egiten da".

Eskuin muturraz mintzatu da Innerarity, EBren proiektuaren aurka izan duen posizio historikoa azpimarratuz. "Neokeysenismo ekologikoa" kontzeptua mahaigaineratu du, eskuin muturraren aurka eman beharrezko erantzun demokratikoa aldarrikatzeko. "Europak bere izaerarekin bat datorren gizarte-babesa eskaini behar du. Trantsizio ekologikoko politikak erantzun demokratiko eta soziala dira zaurgarrienentzat”.

Daniel Innerarity: "Hurrengo Europako hauteskundeetan, ez dago jokoan EBren existentzia, haren esanahia baizik. Jada ez da Europari uko egin behar zaiola aldarrikatzen, Europa eraldatzeaz hitz egiten da"

Nadia Calviño Europako Inbertsio Bankuko (EIB) presidentea ez da Donostian izan, baina telematikoki parte hartu du topaketan. Azaldu duenez, Europaren egungo egoera ekonomikoa espero baino hobea da. Aldiz, egoera geopolitikoa espero baino okerragoa. Calviñok azpimarratu du nazioarteko testuinguru "konplexu" honetan garrantzitsua dela Europako ekonomiak "indartsu hazten jarraitzea" eta Europa "ekonomia berde eta digital berriaren abangoardian mantentzea, baina baita nazioarteko lankidetza-sareak indartzea ere, erronka globalei arrakastaz aurre egiteko".

EIBk iaz Espainian 11.000 milioi euroko inbertsioa egin zuela gogoratu du, kasu arrakastatsuenetako bat dela nabarmenduz. Era berean, egungo testuinguru ekonomikoa Europarentzat oso garrantzitsua dela ohartarazi du, eta EIBren jarduera giltzarri izango dela dio, inpaktu handiko proiektuak finantzatuko dituelarik.  "Espainian ondo dakigu Europako aurrekontuak ekonomian eta gizartean izan duen eginkizun eraldatzailea, azpiegiturak, lehen mailako hezkuntza eta osasun sistema izatea ahalbidetu duten inbertsioak finantzatuz".

EB, krisitik eraikia

Atzoko ekitaldiko gonbidatu berezienetako bat Mario Monti Italiako lehen ministro ohia izan da. Ingelesez mintzatu da, eta egungo gatazken aurrean Europak defentsa indartu beharko lukeela aldarrikatu du. Hainbat mehatxu aipatu ditu. Alde batetik, kanpotik datozenak, Txina edota Errusiaren politikak, eta bestetik barne mehatxuak, Europako eskuin eta ezker muturrarenak.

EBren aldeko apustua indartu beharra dagoela gehitu du Montik, sakrifizioak egin behar direla azalduz. Hala, baikor azaldu da Europaren egungo egoeraren inguruan, eta erronka berrien aurrean egokitzeko erakutsi duen gaitasuna azpimarratu du, pandemiaren kasua gogoratuz. Hala, EB krisiz-krisi eraiki zela nabarmendu nahi izan du, eta etorriko diren krisiei emango zaien erantzunaren araberakoa izango dela etorkizuneko Europa ondorioztatu du.

Europa europarrago bat

2024 munduan inoiz baino jende gehiagok bozkatuko duen urtea izango da. Europako hauteskundeez gain, AEBkoak ere aurten ospatuko direla gogoratu du Javier Solana NATOko idazkari nagusi oihak. 2011an izan azken aldiz Solana Elkargiren topaketan eta atzokoan hainbat lerroburu utzi zituen.

Bere iritziz, Europak asko du jokoan hauteskunde hauetan. "Eskuin muturrak ez du Europarekin amaitu nahi, Europa honekin amaitu nahi du. Ez dago euroaren aurka, baina egia da europeizazio handiagoko funtsezko balio batzuen aurka dagoela, eta "Europak europarragoa izan behar du", ohartarazi du. Bestalde, ekonomia "globalizatuaz" jada ez dela hitz egin behar uste du, "globalizazioa atzerapausoak ematen ari delako eta geopolitizazioari bide ematen ari zaiolako".

Javier Solana: "Eskuin muturrak ez du Europarekin amaitu nahi, Europa honekin amaitu nahi du. Ez dago euroaren aurka, baina egia da europeizazio handiagoko funtsezko balio batzuen aurka dagoela"

Hala, horrek "eragozpen batzuk" dituela dio, nazioarteko erakundeak "gero eta garrantzi gutxiago" dutelako eta erakunde batzuk "beste eragile batzuen mesedetan indarra galtzen ari direlako". Horren ildotik, Munduko Merkataritza Erakundearen (MME) kasua aipatu du, "ia ez baita existitzen, AEBk existitzea nahi ez duelako".

Azkenik, Europa gerra ekonomia batean dagoela uste ez badu ere, "segurtasuna indartzeko ahalegina" egitearen alde agertu da. "Ez dut uste gerra handiagoetan sartuko garenik, ez dagoelako ezer irabazteko, ez dagoelako horretarako gogorik eta ez dudalako gerrara eramango gaituen hondamendi ekonomikorik ikusten", baieztatu du.